Urriak 15ean izan genuen Haurreskolak Partzuergoko azken Mahai Negoziatzailea. Bertan, lan hitzarmenaren negoziazioa eta ordezkoen araudi berria sortzeko egutegi bat adostu genuen. Egun batzuen ostean, administrazioaren proposamena jaso genuen, aurreko ikasturtean maiatzean bidalitako dokumentu bera (STEILASBERRI 2an esan bezala, ratioen proposamena bertan behera utzi zuten). Ongi aztertu ondoren, berriro ere STEILAS sindikatuko eskaerak eta ekarpenak bidali genituen (atxikitutako plataforman dituzue).
Egutegi proposamenaren arabera, sindikatuok bidalitako azken ekarpenak aztertuta, aste honetan jaso behar genuen Haurreskolak Partzuergoaren lan hitzarmenaren eta ordezkoen araudiaren proposamena; eta hurrengo astean, berez, Mahai Negoziatzaile berri baterako deialdia. Baina beste behin ere agerian geratu da administrazioak Haurreskolak Partzuergoarekiko duen utzikeria, eta mahai hori atzeratu beharrean ikusi du bere burua gerentziak, Zuzendaritza Batzordeak biltzeko dituen zailtasunak direla medio. Hortaz, momentu honetan ez daukagu proposamenik, ezta bilera berri baten berririk ere.
2021etik negoziazio honekin gabiltza, eta geroztik langileon lan baldintzetan ez da inongo aurrerapausurik egon; lan hitzarmen honek ez dauka langileongan onura esanguratsurik. Lan karga geroz eta handiagoa da, orain aplikatzen diren ratioekin egunerakotasuna aurrera ateratzeko arazoak daude, gehienetan prestakuntza ezin da burutu, baimenak zaharkituta daude,… Horiek guztietan onurak lortzeko, benetako negoziazioa eman behar da, benetan mamitsuak eta emankorrak izango diren Mahai Negoziatzaileetan, ez gaur egun ematen den ekarpenen irakurketa eta dokumentuen elkartrukaketa.
Benetako negoziazioa orain!
The post 2024/11/11: Azken gertakariak appeared first on Steilas.