Maiatzaren 25eko behin-behineko desalojo-agindua bertan behera gelditu dela jakinarazi du Astika Herriko asanbladak. Hala ere, gune autogestionatuko kideek argi utzi dute “honek ez duela desalojo-arriskua bertan behera geratu denik esan gura”. Izan ere, “prozesuak aurrera” darraiela ohartarazi dute eta, beraz, “ezin diogu adi egoteari utzi, erresistentzian jarraitzen dugulako”. Hori dela eta, bariku honetarako deitutako kalejira egin egingo dutela baieztatu dute: 19:30ean ipini dute hitzordua, Bilbon, Etxebarrieta Anaien plazan.
Kepa Ugarte Martiarena / Euskarazko kazetaria / Uribe Kosta * E.H
“Gainera, ezin ditugu hurrengo asteotan okupazioaren mugimenduaren aurka emango diren erasoak ahaztu, Lobato, Infernu, Fano,… eta egunero ematen diren etxegabetzeak”, aipatu du Astika Herriko asanbladak. Hori dela eta, “borrokan jarraitu” behar dela azpimarratu du kolektiboak: “jarraitu behar dugu borrokan, kapitalaren bortizkeriari aurre egiten, autogestioa eta elkar zaintza lanabes onenak ditugularik; gure etxeak, gaztetxeak eta guneak behar ditugu, gure munduan ezinbestekoak direlako”, esan dutenez.
Elkartasuna
Bestalde, aste guzti hauetan hainbat tokitatik iritsitako elkartasun-keinuak “oso aberasgarriak” izan direla eta haien proiektua “hauspotzen” lagundu dutela azpimarratu dute Astika Herrikoek. “Aipamen berezi bat eta gure eskerrak egunero irmoki lanean dabilen Okupazio Bulegoari, borroka kide izateaz gain, okupazioaren sarearen oinarri direlako”, azaldu dutenez.
“Merkatuen logikak” euren ametsak “zapuzten” saiatzen diren arren, “errepresioak gure borroka grinak eta bihotzetan daroagun mundu berri horren norabidea indarberritzeko bakarrik balio .
izan duela”, nabarmendu dute. “Argi gera dadila aurrean izan gaituztela eta izango gaituztela beti, gure gune okupatuen alde borrokan jarraituko dugulako, inoiz baino antolatuago, inoiz baino indartsuago gaudelako”, amaitu dute.