2025-01-17 18:27

Olatukoopen izenean ingurune digital osasuntsuago, komunalago eta libreago bat eraikitzeko gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Horregatik, #GoazenLagunok kanpainarekin bat egingo dugu hilaren 20an eta bertatik aurrera ere. Dinamika kaltegarri eta alienatzaileak betikotzen dituzten sare sozial toxikoak bertan behera uzteko dei kolektiboa egiten dugu. Gure ustez, premiazkoa eta beharrezkoa da giza harremanak erdigunean dauden espazio digitalak sortzea, korporazio teknologiko handien interes erauzleetatik urrun.

Sare sozial toxikoek, gure denbora, arreta eta emozioak irensten dituen zelatatze-kapitalismoaren zerbitzura dauden produktu bilakatzen gaituzte. Plataforma horiek datu pertsonalen ustiapenaren bidez eta adikzioa sustatuz, batzuen errentagarritasuna maximizatzeko diseinatuta daude. Gure bizitzako beste esparru batzuetan bezala, kapitalismoak teknologia erabiltzen du gu alienatzeko eta zatitzeko, gure elkarrekintzak salerosketetara eta gure komunitateak merkatuetara murriztuz.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da ulertzea sare toxikoak ez direla istripu bat, ongizate kolektiboaren gainetik, kapitalarentzako mozkina lortzera bideratutako eredu ekonomiko neoliberalaren ondorio zuzena baizik. Sare horiek kontsumitzaile pasibo gisa moldatzen gaituzte, herritar kritiko eta aktiboen ordez. Gure interesen kontrako agenda bat ere sustatzen duten, agenda propio bat eraikitzeko zailtasunak handituz.

Egoera horren aurrean, gure tresna digitalen kontrola hartu behar dugu, eta gure duintasuna, pribatutasuna eta autogestio-gaitasun komuna errespetatzen dituzten teknologien alde egin. Jada errealitate diren Fedibertsoan oinarritutako plataformek, fedibertsoa.eus webgunean informazio zabala aurkituko duzue, burujabetza teknologikotik konektatzeko eta partekatzeko gune bat eskaintzen digute, adibidez guk erabiltzen dugun mastodon.eus instantzia kolektibo eta librean. Sare deszentralizatu eta autogestionatu horiek errespetuan, lankidetzan eta elkarrekiko zaintzan oinarritutako komunikazioa sustatzen dute, eta ateak irekitzen dizkigute paradigma berri baterako, non tresna digitalak pertsonen eta komunitatearen zerbitzura egongo diren.

Gaur inoiz baino gehiago, alternatiba askeak eta kolektiboak sustatuko dituen komunal digitala eraiki behar dugu. Horrela bakarrik eraldatu ahal izango ditugu gure harremanak sareetan, elkar topatzeko, elkar-laguntzerako eta ekintza komunerako espazio gisa duten potentziala berreskuratuz. Olatukoopetik dei egiten diegu pertsona, kolektibo eta komunitate guztiei bide honekin bat egin eta aldaketa honen parte aktibo izatera. Kooperatibismoak eta interkooperazioak ematen digun indarretik ere sareak berrasmatzeko garaia da!

Zentzu horretan:

  • Aurretiaz Facebook eta X sare sozialetan zabalik genituen profilak itxiko ditugu urtarrilaren 20an.
  • Etorkizunean mota honetako sareen sustapenik ez egin eta sare libreetan oinarritutakoen sustapena egiteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Hemendik aurrera, honako kanalen bidez izango duzu Olatukoop-en berri:

#GoazenLagunok #DenokFedibertsora

The post Ingurune digital osasuntsuago, komunalago eta libreago bat eraikitzeko bidean, #GoazenLagunok appeared first on Olatukoop.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Saretzen