Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak sarritan salatu izan du babestutako eremuetan egiten ari den gehiegizko erabilera publikoa. Muturreraino eramaten ari dira eremu hauen gaineko presioa, bertako basabizitzaren kalterako.
Horren adibidea da, berriki, herrialde honetako hedabide nagusietako batek egindako publirreportajean ikusi dugun slackline jarduera. Asko poztu ginen sare sozialetan ikusi genuenean Gipuzkoako Basozainen Elkarte profesionalaren mezua slackline eta antzekoen arriskuaz ohartarazten naturagune babestuetan, bereziki ugal garaian eta eremu kalteberetan. Maiz salatu izan dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren pasibitatea horrelako jardueren eraginen aurrean, batez ere basafaunaren ugalketa arriskuan jartzen denean eta oraingoan txalotzekotan ginen; gure pozaldi horrek, ordea, gutxi iraun du. Publirreportajean jasotzen da Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren iritzia basozainen lana ezbaian jartzen eta jarduera babesten.
Larria bada naturagune babestuen eta biodibertsitatearen kontserbazioaren ardura duen erakundeak lege eta araudiak ez betearaztea ondare naturalaren kaltetan, are larriagoa da publiko egitea. Ez gaitu ezustean harrapatzen, aurreko agintaldiaren hasieran Naturkonekin eginiko bileran zuzendaria den Arantza Ariztimuñok argi eta garbi utzi baitzigun berak ez zuela sinesten Natura 2000 Sarean eta ez zituela garatuko Kontserbazio Bereziko Eremuen kudeaketa planak.
Berriki, apirilaren 1ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eginiko agerraldian argi erakutsi genuen Aldundiaren jarrera hori, hain zuzen ere, eremu naturalaren muturreko ustiapenaren mesedetan natur kontserbazioarekiko ardurari muzin egitea. Basozain gutxi daudela, bitartekorik ez dutela eta haien babes falta ere kritikatu genuen. Beste behin, agerian gelditu da zeinen egoera tamalgarrian gauden.
Larria da oso politikari horien jarrera, baina ez da gutxiagokoa Departamentu horren teknikari batzuena. Nola baimendu eta babestu daitezke kontserbazioaren aurka doazen jarduerak? Zerbitzuburuak konfiantzazko karguak dira, baina ezin dugu haien jokabidea ulertu, azken batean uneko agintarien politikaren harago, teknikariak baitira. Basa fauna eta flora kudeatzeko zerbitzutik slackline baimendu zuten iaz Tximistarrin hegaztien ugal garaian eta, oraingoan, Jaizkibelen jarduera hori defendatu dute jardueraren eraginak eta Aldundiaren beraren basozainen ekinbidea zalantzan jarrita.
Jaizkibel Europako Natura 2000 Sareko naturagunea da, Kontserbazio Eremu Berezia, eta haren Kudeaketa Planak berak arauetan jasotzen du debekatuta dagoela edozein jarduera itsas hegaztien zein sarraskijaleen komunitateen ugalketa eremuetan. Natura Kontserbatzeko Euskadiko Lege berriak habia-lekuak zorrozki babesten ditu eta Estatuko Biodibertsitatearen Legeak ere argi eta garbi jasota dakar. Zer dela eta ez dute legea bete nahi? Basozainek ez badute betearazten, nork betearaziko du? Nork zainduko gure basabizitza?
Kontua ez da jarduera horiek zilegiak diren eta onak ala txarrak diren epaitzea; izan ere, hainbat modutan egin daiteke kirola. Gure taldeetan slackline, eskalada, mendiko bizikleta etabar, praktikatzen duen jendea egon badago, baina denak ez du balio eta jarduera oro bere tokian gauzatu behar da eta, dagokion garaian. Hori, baina, oso bakanetan gertatu ohi da, eta gehienetan ez berez esku hartu behar zuenaren (i.e., aldundiaren) ekimenez, baizik eta gizarte eragileon salaketaren ondorioz.
Naturagune babestuen helburu nagusia ondare naturala eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzea da, eta horregatik, hain zuzen, garatu dira hainbat arau. Kontserbazioa kolokan jar lezakeen erabilera oro haren mendekoa da. Babes-arauak betetzea eta betearaztea dagokio, legez, Aldundiari; horrek, ordea, bere zeregina ez betetzeari gutxi iritzita edo, lege-urraketen kontrako borrokan lehen lerroan dihardutenen kontra, (basozainen kontra, alegia) egin eta publikoki gutxietsi ditu. Bada garaia arduragabekeria honekin bukatzeko.