Kontserbazionistok eta ekologistok natura eta biodibertsitatea babesteaz gain, bertan gozatzea asko estimatzen dugu eta ekintza ezberdinen bitartez hori bultzatzen dugu: oinez ingurua ezagutu, argazkiak egin, fruituak edo perretxikoak bildu, animaliak, landareak, zerua, geologia… ezagutu eta behatu, bereizi, paisaiari so egin… Baina beti ere, ingurunearen arauak errespetatuz. Azkenaldian gure inguruan gero eta abentura parke gehiago bultzatzen ari dira, tirolinen bitartez, zuhaitzen artean zintzilik ibiltzeko: Igeldon, Leitzaranen, Lizarrustin… Baina hasieran genioen moduan, inguruko arauak errespetatuz egin behar da, are gehiago, erakundeek bultzatzen baitituzte proiektu horiek.
Baina, alajaina, Aralarko Lizarrustin dagoeneko eginda dago horrelako abentura parkea, ingurumen ebaluazioaren ebazpenik gabe gainera. Oso larria iruditzen zaigu, parke hori Gipuzkoako Parketxe Sareak sustatu duelako, eta Foru Aldundiak bultzatutako fundazio horrek kudeatzen dituelako parke naturalen interpretazio-zentroak eta parketxeak. Halaber, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Turismo departamendua da parke naturalen arduraduna eta Lizarrustiko abentura parkea bere oniritziarekin egin da nonbait. Irailean, hainbat natur eta ekologista elkartek ekarpenak bidali genizkion Aldundiari, proiektu horren ingurumen-ebaluazioaren txostena ez onartzeko eskatuz, arrazoi hauengatik:
Ia bi hilabete pasa dira harrezkero eta oraindik ez dugu erantzunik jaso, nahiz eta kalteak eginda dauden. Honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eskatzen diogu neurriak har ditzala Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka, ingurumen legedia bete gabe Aralar Natura Parkean abentura-parkea eraikitzen uzteagatik, eta Aldundiaren Ingurumen Departamenduari, berriz, ez dezala proiektu horren ingurumen-ebaluazioa onartu.
Donostia, 2019ko azaroaren 14an
NATURKON - Gipuzkoa