Josefina Roco Sanfilippo, Mundubat Fundazioko ekonomia feminista alorreko koordinatzailea, eta Liz Quintana, etxeko emakume langileen prokuradore eta defendatzailea, Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean egon ziren EH Bilduk gonbidatuta. Etxekotu Gabeko Emakume Langileak (Trabajadoras No Domesticadas – TND) taldeko kideak dira biak eta Mundubat Fundazioarekin 2016tik egin duten lan prozesuan oinarritu zuten euren hitzaldia.
Eztabaidari hasiera emateko, Rocok galdera zuzen bat bota zien parlamentariei: “Pentsatu al duzue inoiz nola eusten garen? Noren esku uzten dugu zaintzaren lana Euskal Herrian?”
2018an, ia 30.000 etxeko eta zainketetako langile zeuden gizarte segurantzan alta emanda Euskal Autonomi Erkidegoan. Emakumeak dira ia osotasunean, eta %38a migrariak dira. Liz Quintanaren hitzetan, ordea, gizarte segurantzaren datuak ez dira zenbaki fidagarriak, askok ekonomia murgilduan egiten baitute lan: “egin diren hainbat ikerketaren arabera, %30-35 bitartean egoera irregularrean dago lanean”.
Urteak daramatza TNDk etxeko eta zainketetako emakume langileen eskubideen alde lanean. Ekonomia feminista hartzen dute ikuspegi nagusitzat, eta hortik hausnartzen dute egoera. Kasualitatea ote da zaintzetako langile gehienak emakume migrariak izatea? “Noski ezetz”, diote argi taldekideek.
Egoera latza bada gaur egungoa, ez dirudi etorkizunean hobetzeko itxura duenik. Hainbat ikerketen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleen %30ak 65 urte baino gehiago izango ditu 2030 urtean. “Horrek esan nahi du hemendik gutxira biztanleria zaharkitua izango dugula eta, beraz, zaintza beharrak areagotu egingo direla”, azaldu zuen Liz Quintanak.
Abokatuaren hitzetan, emakumeak izango dira zaintza horiek gehien beharko dituztenak: “Hemen, emakumeok gizonek baino bizi-itxaropen luzeagoa dugu eta, ziurrenik, gure bizitzako azken urteetan zainduko gaituen norbait beharko dugu”. Horrek esan nahi du euskal emakumeek zaintza behar gehiago izango dituztela.
Gainera, Euskal Autonomi Erkidegoan lan prekarietateak emakume aurpegia du. Emakunderen arabera, landaldi erdian dauden langileen %75a emakumeak ziren 2017an eta %24,3ko soldata arrakala zegoen 2018an. Prekarietate hori euren zahartzaroko ekonomian islatzen da. “Horrek bi miseria batzen ditu: zaintzarako behar larria duten emakumeak eta larritasun horri erantzuteko baldintza prekarioetan lan egiten duten emakumeak”, laburbildu zuen Quintanak.
Gaur egun, zaintza behar horri familiek aurre egiten diote, euren kabuz. “Familiez ari garenean, eremu pribatuaz ari gara”, argitu zuen Liz Quintanak: “Hau da, haiek enkargatzen dira kanpoko norbait kontratatzeaz zaintza lanetarako eta, gero eta gehiago, etxe-barneko langileak edo internak kontratatzen dituzte”.
Zer dira etxe-barneko langileak? Zerbitzuak ematen dituzten etxe berean bizi diren emakumeak dira, 24 orduko erabilgarritasunarekin eta, askotan, asteko zazpi egunetan lan egiten dutenak, gainera. “Erabateko erabilgarritasun horrek hainbat eskubide urratzeko arriskuan jartzen ditu langileak: atzerritartasun egoera, arraza, babes soziala, generoa, klasea, kolonialtasuna…”, salatu zuen Josefina Rocok.
Ez da inolako sekretua haietako askok ez dutela kontraturik. “Eta, kontraturik badute, ez dute, oro har, benetan egiten duten lana islatzen”, azpimarratu zuen Rocok. Izan ere, Legea behar bezala aplikatuko balitz, etxe-barneko lana ezingo litzateke existitu. Baina existitzen da, eta, gainera, kontratuak legezkoak dira. Nola da hori posible?
Etxe-barneko langileen kontratuak 60 ordukoak izan ohi dira (40 orduko lanaldi arrunta eta 20 orduko presentzia), baina gaueko erregimena ez dago erregulatuta. “Langile askori gauean adi egoteko exijitzen zaie eta, beraz, ez dute lotarako eskubiderik”, aipatu zuen Josefinak: “Gizarteak robotak balira bezala tratatzen ditu”.
Beste arazoetako bat kontratuen amaiera da, lanik gabe geratzeaz gain etxebizitzarik gabe ere geratzen direlako. “Hainbat urtez zaindu duten pertsona hiltzen denean, kontratu erregularra izanda ere, hilabete bateko soldata ematen diote langileari eta kitto”, adierazi zuen Josefina Rocok. Langabeziarako eskubidea ere ez dute, nahiz eta gizarte segurantza ordaintzen duten: “Langileak dira, baina ez dira eskubidedun subjektu gisa tratatzen”.
Liz Quintanak kontratuen amaierari egiten zaien kontrol urria ere salatu zuen: “Gaur egun, familia kontratatzaileak esaten badu langileak era boluntarioan eman nahi duela baja, ontzat ematen da, ezer ikertu gabe. Eta horrek oso eragin negatiboa izan dezake langilearengan”.
Beharrezkoa jotzen dute TNDeko kideek informazioa erraztea familia eta langileei, gutxieneko eskubide eta baldintzak zeintzuk diren jakin dezaten. Logikoa badirudi ere, beste sektoreetan eskubidean bermatzen ari direla ziurtatzeko erabiltzen dituzten tresnak erabiltzeko ere proposatzen du Quintanak: “Hostalaritzan, esaterako, ikerketak egitera aurkezten dira; berdina egin lezakete etxeetan, eta kontratuak eta nominak aurkezteko eskatu familiei”.
Atsedenerako eskubideaz ere aritu zen abokatua: “Sektore gehienetan, atsedena oso babestua dago. Gaueko lanaldietan plusak kobratzen dituzte eta, gainera, gauez lan egin ditzaketen egun kopurua mugatuta dute. Etxe-barneko lanean, ordea, %30a kendu diezaiekete soldatatik etxebizitza eta mantenua ematen dietela argudiatuz”. Hots, ‘alokairua’ kobratzen diete, baina ez dute eskubiderik edonor ekartzeko etxera, eta janaria ordainarazten diete, baina kontratatzaileak erabakitzen du zer jango duten eta zenbat.
“Historikoki, era okerrean eman diegu irteera zaintzaren beharrei ‘modelo familistaren’ bidez”, aldarrikatu zuen Josefinak: “Zaintzaren lana emakumeon gorputzen, bizitzen eta denboraren esku utzi dugu”.
Eta nola ematen zaie irteera era egokian? Ez dago formula zehatzik, baina TNDek argi du ez dela nahikoa lan-baldintzak hobetzearekin. “Trantsizio gisa, Legea behar bezala aplikatu genezake”, zioen Rocok: “Horrek esan nahi du familia bakoitzak hiru langile kontratatu beharko lituzkela, 8 orduko lanaldian bakoitza, baina nork egin dezake hori?”
TNDen proposamena etxe-barneko lana abolitzea eta zaintzetako azpiegitura publiko eta komunitario bat sortzea da. “Zaintzak merkantzia bilakatu dira; ordaindu dezakeenak, zaintzarako eskubidea du, baina zer gertatzen da ezin dutenekin? Pertsona, familia eta gizarte bezala eraldatu behar gara, eta ditugun kontraesanak zalantzan jarri”, zioen Josefina Rocok: “Egiten dugun beste edozer ‘tiritak’ jartzea besterik ez da izango”.
“Gaur egun, emakume migrari eta txirotuek betetzen dituzte guztion zaintza ardurak”, jarraitu zuen Rocok: “Norbaitek ez baditu zaintza ardurak betetzen, beste norbaitek zaintza lan gehiago egin beharko ditu, eta horrek norberaren zaintzaz ahaztea eragin dezake”.
“Beldurra eman dezake etxe-barneko lanaren abolizioaz hitz egitea, baina argi dago ezin dugula legezkotzat jo”, ondorioztatu zuen Liz Quintanak.
Erakunde publikoen gelditasunaren aurrean, TNDek etxeko eta zainketetako emakume langileen egoeraren inguruko diagnostiko bat egin dute eta ekintza plan bat jarri dute martxan. Besteak beste, etxeko eta zainketetako lanari buruzko nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan eta 350 emakumetik gora parte hartu dute. Jaso duten lehen eskuko informazioarekin, eragin politikorako ekintzak garatzen ari dira langileen ahotsa entzun dadin: Hiedra/Huntza izeneko irrati eta aldizkari bat sortu dute, eta zaintzen inguruko plataforma digital bat eraikitzen ari dira.
Eusko Legebiltzarreko mintzaldia ikusi nahi baduzu, hemen duzu osorik: