2016ko azaroan, Juan Manuel Santosen gobernuak eta FARC-EP indar armatuen gerrillak Bake Akordio historikoa sinatu zuten Habanan eta, horrela, amaiera eman zitzaion 50 urte baino gehiago iraun duen eta 8 milioi biktima eragin dituen gerrari. Indarkeriak endemikoa izaten jarraitzen du, baina elkarrizketak eta konpromisoak nabarmen murriztu zituzten sarraskiak, lekualdaketak eta indarrezko desagerpenak, eta erronka zein desafio handiko Kolonbiaren eraketa kolektiborako prozesua jarri zuen martxan.
Nolanahi ere, Akordio horiek eta Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) batera abiarazitako Negoziazio Mahaiak sortutako itxaropena guztiz lausotuta geratu da. Izan ere, izugarri handitu da lider sozialen eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen kontrako erasoen eta indarkeriazko heriotzen kopurua.
Kolonbiako Herriaren Defentsa Erakundeak 343 lider eta pertsona defendatzaileren homizidioa erregistratu du 2016ko urtarrilaren 1etik 2018ko abuztuaren 22ra.
Lider eta pertsona defendatzaileek euren kontrako gorrotoa estigmatizatzen eta sustatzen dituzten diskurtsoen artean ireki behar dute euren bidea —nazioan eta tokian bertan—, eta etengabe egin behar diete aurre sare sozial bidezko difamazioari eta jazarpenari, jarraipenari eta uzkurdurari —baita senitartekoen kontra ere—, euren telefonoen eta posta elektronikoen legez kontrako intertzeptazioei, euren egoitzetako informazio-lapurretei, euren etxebizitzen zaintzari, gauzatu gabeko krimenak direla-eta kartzelan amaitzeko mehatxuari edo hiltzeari.
2018ko urtarriletik maiatzera hil dituzten eta lidergo-eginkizunak betetzen zituzten defendatzaile gehienak jatorri ziren. Ez da datu harrigarria; izan ere «historian afrikarreko pertsonen, indigenen eta nekazarien komunitateetakoak baztertzailea izan den Estatuan, indigenak, nekazariak eta jatorri afrikarreko pertsonak dira indarkeriak gehien kaltetu dituen gizarte-sektoreak, eta, beraz, horien liderrek ere beste inork baino eraso gehiago jasaten dituzte».
Lurraldea hertsiki lotuta dago gatazka armatuarekin. Hala adierazi zuen Kolonbiako Gorte Konstituzionalak 2009an, Kolonbiako herri indigenak eta jatorri afrikarrekoak desagertu eta desintegratu izanaren arrazoi nagusiak aztertu zituenean. Gorteak berak azaldu zuen moduan, Estatuak gerran eskainitako babesik ezak bataila-eremu eta espoliazioaren xede bihurtu zituen herri indigenen, beltzen, raizalen eta palenkeroen lurralde kolektiboak.
Hilketa- eta mehatxu-boladak direla-eta, komunitate osoek alde egin behar izan dute euren lurretatik, hiri handietan segurtasuna bilatzera. Gorte Konstituzionalaren Ebazpenak neurri jakin batzuk ezartzen zituen lekualdatutako biztanle afrokolonbiarrak babesteko, horiek behin eta berriz jasan baitzituzten giza eskubideen urraketak, baina Gobernu Nazionalak ez zuen Ebazpena bete, komunitateei egindako mina errepikatuz eta horien zaurgarritasuna areagotuz.
Oro har, komunitate etnikoetako liderrek erasoak jasaten dituzte erauzketa-proiektuak edo proiektu hidroelektrikoak instalatzearen kontra agertzen direnean, narkotrafikoarekin lotutako ekonomien presentzia salatzen dutenean edo legez kontrako hazkuntzak ordezteko lan egiten dutenean, edo euren lurrak defendatzen dituztenean, lur-gabetzeak eta lekualdaketak gerrarako arma gisa erabiltzen dituzten aktore armatuen kontra.
(Mujer y Vida Fundazioko kidea)
Yaylaren senarra Urabako paramilitarrek hil zuten 1999an. Bere sei seme-alabekin iritsi zen Quibdora eta herriaren kirol-koliseoa hartzeko ekintzan parte hartu zuen (lau urtez, bertan pilatuta bizitu ziren 600 familia baino gehiago). 2003an, Espainiako Gurutze Gorria Villa España auzoan eraikitako aldi baterako bizilekuetara joan ahal izan zen. Oraindik gobernuak agindutako behin betiko etxebizitzaren zain dago.
Gazteriaren etorkizunik eza ere kezka handia da Mujer y Vida Fundazioarentzat, euren lurretatik kanporatu zituzten eta, euren ahotsak entzunarazteko helburuarekin, ADACHO erakundetik bereizi ziren afro emakumeen elkartea.
Emakumeen Bide Bakegilea izeneko mugimenduaren bitartez, Mujer y Vida Fundazioko kideek euren eskubideak ikasi zituzten pixkanaka. Euren lurretatik kanporatzeaz gain, asko sexu-indarkeriaren biktima izan ziren paramilitarren eta soldaduen aldetik, etsaiak zentzatzeko eta izua ereiteko helburuarekin, edo, besterik gabe, «gerrako harrapakinak» zirelako. Zenbait urte eta hamarkada igaro arren, oraindik ere krimen horiek salatu gabe jarraitzen dute, beldurragatik edo lotsagatik: «Gerra ez da berdina emakumeentzat. Gure gorputzak eta bizitzak zeharkatzen ditu, gu amak, amonak eta lagunak garelako, guk hildakoak lurperatzen ditugulako, eta gure familiekin bakarrik geratzen garelako eta horiek aurrera atera behar ditugulako».
Nazioarteko laguntzarekin, mikroenpresa-proiektuak jarri dituzte martxan, horien artean, erratz-fabrika txiki bat, frutari mamia kentzeko fabrika bat eta Sabores de mi Tierra izeneko jatetxe bat. Halere, horien egoera ekonomikoak zalantzagarria izaten jarraitzen du. Frutari mamia kentzeko fabrika izan arren, ez dute fruta erosteko dirurik. Jatetxeak ez die lanik ematen emakume guztiei eta lokala alkatetzarena da; beraz, lokala edozein unetan eska diezaiokete gobernuz aldatzean.
Dena den, euren seme-alabak dira horien kezka nagusia, eskolatik irtetean, hirian dabiltzan banda kriminalen arriskupean baitaude.
(1997an bere bost seme-alaba txikiekin Quibdora iritsi zen)
Duela zazpi urtetatik, Adolfak eta Mujer y Vida Fundazioko beste kide batzuek ACOPLEn (emozionala denaren aldeko erakundeen arteko ituna) lan egiten dute, lekualdaketen beste biktima batzuei laguntza psikologikoa emateko helburuarekin. Era berean, eskubideen defentsari eta eskubide horiek eskatzeko legezko mekanismoei dagokienez gaitzen dituzte. Ahalegin horiek direla-eta, heriotza-mehatxuak jaso dituzte, Chocoko ia gizarte-erakunde guztiek bezala: «Gure seme-alaba askok euren aitak hiltzen edo euren amak bortxatzen ikusi dute. Biktima izan ondoren, asko hiltzaile bihurtzen dira gero, hori baita duten horizonte bakarra, bandekin bat egitea. Laguntza psikologikorik gabe, oso zaila da indarkeria ez errepikatzea».
(2001ean bere lurretatik ihes egin behar izan zuen)
«Las Águilas Negras» (Arrano Beltzak) taldeak —paramilitarismoaren sigla zaharra— sinatutako mehatxuak areagotu egin ziren 2018ko hauteskunde-kanpainan. Bertan, Zentro Demokratikoko hautagai batzuek modu zitalean eraso zituzten Bake Akordioak; izan ere, haren genero-ikuspegiak argi eta garbi azpimarratzen ditu emakume kolonbiarrek gerran jasan duten desberdinkeria eta indarkeria desberdina, baita emakumeek politikan eta ekonomian gehiago parte hartu beharra ere.
Ikuspegi hori dago, hain zuzen ere, Mujer y Vida Fundazioak betetzen duen lanaren oinarrian, hautagaiek ideologia horrek familiari mehatxu egiten diola esan arren.
«Akordioek onura asko ekarri zituzten emakumeentzat», baieztatu du Yaylak. «Sekulako aukera izan dira. Gu beste biktima batzuei laguntzen diegun biktima-sarea gara. Emakumeak garen heinean, guk eraman dugu gerraren zama. Horregatik, prozesua bere horretan mantentzen lagun diezagula eskatzen diogu munduari».
Testu hau Ahots Defendatzaileak plataformarako sortutako ikerketa eta istorioen zati bat da: www.vocesdefensoras.org/eu / Argazkiak: Carlos Henao.