Gorka Martija (OMAL - Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kidea)
Eusko Jaurlaritza pasadan abenduaren 28an CAF enpresaren kapitalean barneratu zen, Kutxabank-en eskuetan zeuden akzioen %1,24aren eskuraketaren bitartez. Honek lurrikara galanta suposatu zuen Euskal Herriko panorama politiko, ekonomiko ta sindikalean, are gehiago Lakuaren politika industrialaren inguruan existitzen diren eztabaida eta analisi kritikoak direla medio. Arantxa Tapia sailburuaren esanetan, “euskal ekonomiaren hazkundea eta teknologi- zein internazionalizazio-potentzialtasuna duten enpresen errotzearen bermatzea” izan da ekimen honen helburu nagusia. Bestelako hausnarketetaz aparte, internazionalizazioaren mantra agertzen zaigu berriz ere. Urkullu lehendakariaren administrazioen estrategi ekonomikoaren erdialdean kokatzen den mantra, alegia.
Kolonbia, Quebec, Arabiar Emirerri Batuak…
Egon dira azken boladan nazioartekotzearen zentrotasun honen adierazle argiak izan diren hainbat gertakari eta ekimen: horrela, Lehendakariak berak (Tapia sailburuak, SPRIren hainbat goi-karguk eta negozio-nitxoak ireki nahi dituzten euskal enpresa desberdinen ordezkariek lagunduta) Kolonbia eta Quebec bisitatu ditu misio-politiko-enpresarial desberdinen testuinguruan ekainetik hona. Bi kasuetan, merkatuen harrapaketa eta enpresa-errentagarritasun hutsa bilatzen dutela agerian geratu da nabarmenki: Kolonbiaren kasuan, bertan gauzatzen diren giza eskubideen urraketak agenda ofizialetik alde batera utziz (naiz eta urraketa horietako askok Atzerriko Inbertsio Zuzenetik eratorritako enpresa-jardueretan oinarria izan); Quebec-en kasuan, misioa Europar Batasuna eta Kanadaren arteko CETA merkataritza eta inbertsio hitzarmen neoliberala indarrean sartzeak euskal enpresentzat izan ditzakeen onurak aztertzeko diseinatuz, tratatu honek gehiengo sozialentzat izango dituen ondorio ezkorrak kontutan izan gabe.
Hauetaz aparte, beste ekimen batzuren testigu izan gara, enpresa-internazionalizazioaren bultzadarako erro estrategiko honen baitan, Jaurlaritzaren erabateko pisua izan duen partehartzea dela medio. Horrela, azaroaren azken egunetan Javier Zarraonandia Industria Sailburuordeak eta Ainhoa Ondarzabal Internazionalizazio Zuzendariak Arabiar Emirerri Batuak bisitatu zituzten, bertan diharduten euskal enpresen aldeko bitartekotza politiko-instituzionala egikaritzea helburu nagusitzat izanez. Bertan Dubaiko gobernuaren Garapen Ekonomikorako Departamentuarekin eta beste zenbait ordezkari instituzionalekin bildu ziren (Dubai Expo 2020, besteak beste). Noski, agenda instituzionalaren osotasuna euskal enpresen mesederako bitartekotza lan hauetara zuzendu zen. Giza eskubideak, lan zein sindikatu eskubideak eta beste zenbait kontutan hartzeko elementu ez ziren jorratu, naiz eta herri honetan gai hauen inguruko salaketak ugariak eta larriak izan (berriro ere, enpresen jarduerei lotutako salaketak, alegia).
Enpresa-nazioartekotzea: politika sistematiko bat
Ekimen hauek azkenengo urteetan hedatuz eta sistematizatuz doan enpresa-nazioartekotzearen sustapenerako Jaurlaritzaren politika publikoaren jarraipen hutsa suposatzen dute. Enpresa-nazioartekotzearen sustapena gure inguruko maila desberdinetako gobernuen irizpide estrategiko bilakatu da azkenengo urteotan, eta Eusko Jaurlaritza ez da salbuespen bat. Are gehiago, EAEko exekutiboa enpresak nazioarteko merkatuetan murgiltzearen ondasunak goraipatzen dituen diskurtso hegemonikoaren adierazle nabarmen eta aktiboa bilakatu da, paradigma neoliberalak bultzatutako diskurtsoa hain zuzen. Horrela, 2008ko porrotaren ostean, enpresa-internazionalizazioaren ideiaren lehentasuna mundu mailan nagusitu zen, krisialditik ateratzeko eta enpresa-etekinetan oinarritutako hazkunde-ziklo berri bat irekitzeko bidea bezala. Ildo honi jarraituz, Eusko Jaurlaritzak gero eta garrantzi gehiago emanez joan da ideia honi, batez ere Urkullu Lehendakariaren agintaldietan, zenbait parametrotan sakonduz eta politika publiko honen sistematizazioa bultzatuz. Hauexek dira 2016 urterarte politika honen elementu nagusiak, datorren boladan gure ustetan sakondua izango dena bere erro nagusietan:
Datozen urratsak: nazioartekotze politika sistematizatuago bat
Hasieran aipatu dugun bezala, azkenengo hilabeteetan burututako ekimenek politika honen identitatean sakontzera garamatzate. Oinarrizkoa den izaera neoliberal hori ukitu barik, sistematizazio eta eraginkortasun maila handiago bat garatzea izango litzateke helburu nagusia. Eta hau, arrazoi argi batengatik: enpresa-nazioartekotzea apostu estrategiko gero eta garrantzitsuago bat delako, plangintza ekonomiko publikoen erdialdean kokatzen ari delarik azkenengo urte hauetan. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, apostu honen adierazlerik esanguratsuenetariko bat 2018ko urtarrilean Basque Trade and Invest/Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren sorrera izango litzateke.
Erakunde honen sorrera politika honi eman nahi zaion sistematizazio mailaren adierazlea da. Honek SPRIren kanpo-sarea osatzen duten 14 ofizinak (merkatu estrategikoetan kokatutakoak) bere agintepean kokatuko ditu, eta enpresa-nazioartekotzea sustatzeko tresnei homogeneizazio maila altuago bat emango die. Aldi berean, tresna hauen espezializazioan sakontzea izango da beste helburuetako bat. Beti enpresa arloko irizpide eta beharrizanak erdialdean kokatuz eta erakunde publikoak bere zerbitzura ipiniz.
Artikulazio instituzional berri honek, ondorioz, jada Jaurlaritzak azken urteotan bultzatu duen ildo neoliberal berberean sakontzeko ahalegin berri bat suposatzen du, non botere publikoak enpresen beharrizanak betetzea eta irabaziak pilatzeko grina asetzea helburu nagusitzat asumitzen duen, eta giza eskubideak, lan-baldintzak, ingurumena, emakumeen eskubideak eta, azken batean, gehiengoen interesak erabat alde batera geratzen diren.