Uhintifadako urtengo lehenengo atal honetan arretaren jomuga Belenen jarri nahi izan dugu, izan ere, sumina eragiten digu nola milioika pertsonek Gabon garaia ospatzen duten ikusteak, Belenen zein Palestina osoan gertatzen ari denari guztiz ezaxola. Horretarako, irratsaioko kolaboratzaile beterano bat izan dugu solaskide gure mikrofonootan.Juani hogei urtetik gora bizi izan da Gazan eta Belenen. Bertan osasun arloko erakunde humanitario batean jardun du lanean, harik eta okupazio erregimenak erakundea ilegalizatu eta Juani Israelgo kartzela batean espetxeratu zuen arte. Bere jardunean bereziki Gazan pairatzen ari den muturreko egoeraz aritu zaigu, izan ere, eskualdea guztiz suntsitu dute. Bestalde, Belen ere izan du hizpide. Bertan, Gabonetako turismoak gainbehera handia pairatu du, eta horrek areago okertu du hangoen egoera ekonomikoa. Ohartarazi du baliabieak dauzakan jende asko Palestinatik ihes egiten ari dela. Salatu du Europako gobernuek beren interesak zaindu besterik ez dutela egiten, izan ere, okupazioa negozio handia da. Gogoratu du espetxetik pasa zeneko garaia.
Orduan, kartzelakideen babesa jaso zuen Gabon garaian, bera baitzen hango kristau bakarra. Azaldu du zer ondorio ekarri zituen bere erakundeko ilegalizazioak, eta, oro har, Gaza eta Zisjordaniako osasun-azpiegitura guztiak deuseztatzeak. Azkenik eskertu du elkartasun internazionalista, eta azpimarratu du boikot ekintzen beharra. Zentzu horretan, dei egin du hurrengo otsailaren 7an Gasteizen maccabiri boikot egitera.