2023-11-29 15:31

Oraingo honetan Uhintifadako mikrofonootan Fares Khader izan dugu solaskide. Khader matematikari palestinarra da eta egun Logroñon bizi da. Jabaliako errefuxiatuen kanpamenduan jaio zen, Gazako zerrendako iparraldean, eta azken hilabeteotan hamaika senide galdu ditu Israelgo erregimen kolonialaren bonbardaketetan. Khaderrek “intifadako semetzat” aurkeztu du bere burua. Najed herritik erbesteratutako familia baten baitan sortu zen, eta haren ustez, genozidio hau ez zen hasi urriaren 7an, aitzitik, 1948tik ari da etengabe gertatzen. Bere jardunean kontatu digu, bere egoera administratiboa zela eta, iragan ekainera arte ezin izan zela Gazara bueltatu, eta orduantxe bisitatu zuela familia azken aldiz. Deskribatu dizkigu eskualde horretako bizi baldintza jasanezinak, besteak beste, lur guztia guztiz kutsatuta dagoelako, azken urtetan Israelgo erregimenak etengabe jaurti dituen bonben ondorioz.

Kritikatu du mendebaldeko prentsaren kontakizuna, erasotzailea biktima bihurtzen duelako. Errealitatea, aldiz, oso bestelakoa da.  Kontatu du nola genozidioaren hasieran anaia bat hil zioten, osasun arloko langilea zen. Urriaren 24an, berriz, beste hamar senitarteko erail zizkioten, tartean haurdun zegoen ahizpa. Bere familiaren kasuan erabaki mingarria hartu behar izan zuten: senide-taldea banatu eta zerrendan zehar sakabanatzea; denak batera hil ez zitzaten; eta batzuk hiltzen baziren, beste batzuk, sikiera, bizirik atera zitezen euren historia kontatzeko. Aitortu du amarekin izandako azken elkarrizketako batean hark esan ziola nahiago zukeela hil izan balitz, ikusi behar izan duen guztia ikusi behar ez izateko.

Azaldu du Gazatik iristen zaigun informazio apurra kazetari independienteek zabaltzen dutela eta Telegram eta Instagran bezalako kanaletatik hedatzen dutela.

Eskertu ditu Palestinarekiko elkartasunean Errioxan zein mundu osoan antolatu diren mobilizazioak. Baina uste du, neurri berean, beharrezkoak direla erakundeetako ekintza konkretuak, eta batez ere, inportantea dela kontakizun sionista desmuntatzea, mendebaldeko prentsak modu akritikoan errepikatzen baitu. Salatu du, halaber, Gazako populazioak ez duela borondate oneko adierazpenik behar, ezta hitz onik ere, behar dutena su etena da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da