Uhintifadak aukera izan du Hala Bediko estudioetan Jaldia Abubakra ekintzaile gazatarra elkarrizketatzeko. Abubakra Alkarama erakunde feminista palestinarreko sortzaileetako bat da, eta Masar Badil (Palestinako Ibilbide Alternatibo Iraultzailea) mugimenduko sustatzailea. Biek ala biek diasporako palestinarren koektiboa biltzen dute ildo politiko ezkertiar eta laiko baten inguruan. Abubakra 48an Palestinako hegoaldeko eremuetatik kanporatutako eta Gazan errefuxiatutako familia baten baitan jaio zen eta kontatu du bere familiaren historia beste zortzi milioi palestinar errefuxiatuenen antzekoa dela. Bere jardunean azaldu du diasporako palestinarrak baztertuak izan direla Osloko akordioen ondotik, palestinarren kolektiboaren erdia baino gehiago badira ere. Bere erakundean diasporako belaunaldi palestinar berrien oroimen historikoari eustearen alde egiten dute lan, eta Palestinako Aginteak ezarri nahi dituen normalizazio estrategien kontra, izan ere, uste du, gaur gaurkoz, Palestinako agintea okupazioaren aldeko eragile bat dela eta kolonizazioaren aurkako ahots disidenteak jazarri besterik ez duela egiten. Adierazi du Masar Badil mugimenduan alternatiba bat eraikitzeko lanetan ari direla, askapenaren ondotik etorriko den Palestina eratzeko, eta Palestina horrek laiko, demokratiko, parekide, inklusibo eta anitza izan behar duela.
Bestalde, salatu du azken hilabetean Gazan , eta baita Zisjordanian eta Jerusalemen ere, burutzen ari den genozidioa azken zazpi hamarkadetan herri palestinarra pairatzen ari den garbiketa etnikoaren adierazpenik zitalena baino ez dela. Kritikatu du prentsako hedabideen kontakizunean terroristatzat hartu dutela Palestinako erresistentziaren ekintza, baina ekintza hori guztiz zilegia dela, eta aitzitik, okupazio armadak eta kolonoek inpunitate osoz darabiltela bortizkeria Palestinako populazio natiboaren kontra. Azaldu du, halaber, urriaren zazpian erresistentziak burututako ekintzan, Hamas alderdiaz gain, beste fakzio batzuek ere hartu zutela parte, eta Palestinako populazioak ere babestu egin zuela. Beste aldetik, irizten du Israelek inpunitate osoz eta nazioarteko komunitatearen isiltasunaren babesean burutzen baditu krimen hauek, Europa osoan islamofobia sentimendua oso errotuta dagoelako dela.
Kontatu du azken urteotan Gazan ekintza zuzen ez bortitzeko bestelako esperientzia batzuk ere izan direla, besteak beste, Itzuleraren Martxak edota Askatasunaren Ontzidiak, eta era berean, bortizki erreprimitu dituztela, baketsuak izanagatik, eta hildako eta elbarritu kopuru handi bat utzi dutela. Izan ere, protestaldi horiek erreprimitzeko arma ilegalak ere erabili dituzte, tximeleta-balak izenekoak esaterako, elbarrituak eragiteko intentzio argiarekin, elbarritu horiek zama bat izan daitezen Gazako osasun sistemarako eta, oro har, gizarterako. Gainera zauritu horien guztien zaintzaren zama emakumeen gain geratu da. Zentzu horretan, adierazi du herri palestinarrak badakiela Palestina askatzeko prezio altua ordaindu beharko duela, beste herri batzuek egin duten bezala, eta prest dagoela hori onatzeko, eta horregatik ezin dela onartu kanpotik esatea bere eskubideen alde borrokatzen ari denari nola borrokatu behar duen.
Salatu du nazioarteko komunitateko gobernuak elite ekonomikoen eta Israelekiko merkataritza-harremanen menpe daudela, baina itxaropentsu agertu da, sarraski hau amaitutakoan ezer ezingo baita berdina izan, eta aldaketa txikiak gertatzen hasi daitezkeela uste du. Horretarako, baina, uste du ezinbestekoa dela ahaleginak areagotzea, gobernuen aurkako presio handiagoa egitea. Zentzu horretan, kritikatu du Europako leku askotan Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzen ari direla.
Israelekiko korporazio-harremanei dagokienez, pentsatzen du dagoeneko ez dela nahikoa CAF bezalako konpainiek apartheid erregimenarekin dituzten harremanak salatzearekin, momentua da pausu bat harago joateko, enpresa geldiartazteko, protesta euren ate aurrera eramateko eta desobedientzia zibilerantzako pausua emateko.
Nolanahi ere, haren ustez, konponbideak Palestinako gizartetik etorri behar du, eurek burutu behar baitute deskolonizazio prozesua, eta elkartasun internazionalistak Palestinako herria eta bere erresistentzia babestu egin behar du, ez kriminalizatu, eta nazioarteko gobernuak eta konpainiak presionatu, erregimen sionista isolatuta gera dadin.
+Video