2023-06-22 08:37

Pasa den ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu zuen bere Beasaingo egoitzan, eta urtero bezala, Palestinarekiko elkartasun mugimenduak enpresa Jerusalem Ekialdearen eta hirigunearen artean eraikitzen ari den apartheid trenbidearen proiektua salatu zuen konpainiako inbertsiogileen bilkuraren aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zion CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Bilkuraren barrualdean, bestetik, zenbait abots kritiko ere izan ziren eta galdegin zioten konpainiako zuzendaritzari azalpenak eman zitzan nazioarte mailan okupatutzat hartzen diren eremu horietan gerra krimen batean parte hartzeko erabaki estrategikoaren inguruan. Biltzarkide kritiko horien artean zeuden, besteak beste, Amnesty International erakundeko hiru kide eta gure aste honetako solaskidea, Santiago Gonzalez Vallejo. Gonzalez Vallejo ekonomilaria da eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea, eta horrez gain, CAFeko akzioduna ere bada, izan ere, duela lau urte enpresaren urteroko batzarrean parte hartu ahal izateko adina akzio erosteko erabakia hartu zuen.

Bere jardunean balioetsi egin du Amnesty Internationalek egindako apostu estrategikoa, CAF apartheid trenbidearen proiektutik erretiratzeko kanpainarekin bat egin duelako, eta azaldu digu zein izan ziren berak konpainiako zuzendaritzaren aurrean planteatu ahal izan zituen galderak: bete beharreko diligentziaren ingurukoak, alegia, ea egiaztatu ote zuten proiektua nazioarteko zuzenbideak ezarritako estandarren barruan ote zegoen; CAFek kanpoko komunikazioetan emandako informazioaren egiazkotasunaren ingurukoak eta aholkulari independiente batek proiektuaren eragin sozialaren inguruan egindako txostenaren emaitzaren inguruan. Bete beharreko diligentziari dagokionez, salatu du gauza jakina zela CAFek proiektu honetan dituen enpresa bazkideak kolonizazioarekin eta okupazioarekin aberasten direla, eta horrexegatik daudela NBEren datu basean jasota. Informazioaren sinesgarritasunaren harira, azaldu du konpainia ebidentzia bat behin eta berriz ukatzen ari dela, izan ere, argudiatzen dute proiektua Jerusalemeko eremuan bakarrik garatzen ari dela, baina gauza jakina da nazioarteko legediak Jerusalem Ekialdeko koloniak eremu okupatutzat hartzen dituela. Kontaktuarako Nazio Puntuak eskatutakoan CAFek enkargatu zuen txosten independienteari dagokionez, zalantzan jarri du txosten horren kalitatea; izan ere; kontu gako batzuk ez ditu aintzat hartu, hala nola pertsona palestinarrak ezin direla batetik bestera libreki mugitu, eta ondorioz, ezin dutela tranbia erabili israeldarren baldintza bertsuetan. Bestalde, beste kontu garrantzitsu bat ere azaldu du: CAFi kontratua esleitu ziotenerako, Shapir, haren bazkide israeldarra, bazegoela sartuta negozioetan kolonietan, eta hori modu errazean egiaztatu zitekeela Googlen arakatuz.

Ohartarazi du badagoela martxan kanpainia bat NBEren datu basea, okupazioarekin aberasten diren enpresak biltzen dituena, eguneratu dadin, eta eguneraketa horretan CAF ere sartu dezaten; eta hori nahiko garrantzitsua dela, berez, besteak beste, Norbegiako inbertsio funtsek CAFen duten kapitala erretiratzeko bezain garrantzitsua. Azaldu du batzarrean eta jende aurrean laguntza eskaini diotela CAFi, balizko nazioarteko bitartekaritza batean kontratutik erretiratzeagatiko kalte ordaina ordainaraziko baliete. Adierazi du, halaber, CAFeko zuzendaritza ez dela oraindik jabetzen mundu osoko erakundeek Jerusalemen gauzatzen ari den proiektuaren kontrako boikot kanpainiak bultzatzeak ekar diezazkiokeen ondorioez, eta hori areagotu egingo dela ohartarazi du. Azkenik, baloratu du guk justizia gure alde daukagula, oso motel funtzionatzen badu ere; eta haiek, aldiz, aberastea beste helbururik ez daukatela.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da