2023-06-15 08:42

Pasa den ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu zuen bere Beasaingo egoitzan, eta urtero bezala, Palestinarekiko elkartasun mugimenduak enpresa Jerusalem Ekialdearen eta hirigunearen artean eraikitzen ari den apartheid trenbidearen proiektua salatu zuen konpainiako inbertsiogileen bilkuraren aurrean. Batzar hori foro egokia izan zitekeen enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodunei nazioarteko legedia urratuz eta okupaziopeko eremuetan zehar eraikitzen ari den azpiegitura ilegal horren inguruan, baina, beste behin ere, ezikusiarena egin zuten etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zion CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Proiektu polemiko horretarako lehiaketan parte hartzekoak ziren beste nazioarteko enpresa guztiak erretitratutakoan, CAFek eskuratu zuen kontratua, eta seguruenik, horretan parte hartzeak etekin oparoak ekarriko dizkie, epe laburrean, konpainiako zuzendariei; baina epe luzean kalte handia eragingo dio enpresaren irudi korporatiboari. Izan ere, dagoeneko nazioarteko merkatuetan jomugan zituzten hainbat kontratuetako parte hartzea kolokan dago.

Bilkuraren barruan hainbat ekintzaile apartheid trenbidearen proiektuaren afera mahaigaineratzen saiatu ziren. Kanpoan, berriz, manifestari talde batek CAFen egoitzaren atera eraman zuen protesta eta handik, kalejiran, Beasaingo kaleetara. Hor, ordubetez aritu zen Uhintifada irratsaioa, aire zabalean, aldarrikapen eta festa giroko jardunaldi horretara ekarpen xumea egiten. Tarte horretan bat-bateko hainbat testigantza bildu genituen gure mikrofonootara, besteak beste, Asier ekintzaile ordiziarrarena. Asier Jerusalemeko apartheid trenbidearen aurkako Euskal Herriko koalizioko kidea da eta Goierriko lan taldekoa, eta bere jardunean protesta egun horretako gorabeherez aritu zitzaigun. Jarraian, Mikel "Topo" izan genuen solaskide. "Topo" Hutsun txalapartari taldeko kidea da eta protestaldiarekin bat egitera etorria zen. Eskarmentu handia du Palestinan, bertan ibilitakoa baita txalaparta jotzen, eta bere jardunean bidaia horren esperientzien inguruan aritu zitzaigun. Bestetik, Amaia Elorza abokatu beasaindarraren testigantza ere ekarri genuen gure mikrofonootara. Elorzak sei urtetik gora eman ditu Palestinan; Bethlehem eskualdeko Aida errefuxiatuen kanpamenduan bizi eta lanean, hain zuzen; eta bere solasaldian kontatu zigun kolonien menpe bizitzearen eskarmentua eta nola eragiten dioten kolonia horiek eta kolonien inguruan eraikitako azpiegiturek palestinarren eguneroko bizimoduari. Azkenik, Sofia Garcia ere izan genuen solaskide. Garcia Amnesty International erakundeko arduraduna da Euskal Herrian eta bere erakundeak ere bat egin du apartheid trenbidearen aurkako koalizioarekin. Bere jardunean azaldu zuen erakundeak beretzat hartu duela CAF Jerusalemeko proiektutik erretiratzeko kanpainia, eta kanpainak mundu mailako oihartzuna hartzeak kalteak eragin diezazkiekeela konpainiaren irudi korporatiboari eta bere nazioarteko jarduerari.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da