2023-03-28 08:29

Martxoaren 30ean Palestinako Lurraren Eguna oroitzen da nazioarte mailan. Jardunaldi horretan 1976an erregimen sionistak Galilean burututako sarraskia ekartzen da gogora. Orduan, okupazio armadak burututako lurren lapurretaren kontra protestan ari ziren palestinarrak erasotu eta sei lagun erail zituen Palestina Historikoko eskualde horretan. Urteurren honen harira, diasporako palestinarren bizipena ekarri nahi izan dugu irratsaiora, urruntasunetik familiaren jaioterrira bueltatzeko eskubidearen aldarrikapenari eusten diotenena, alegia. Horixe da gure gaurko gonbiatueren kasua. Jaldia Abubakra Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiborako Mugimendua) mugimenduko kidea da eta Gazan jaio zen, jaioterria 48an okupatuetako eremuetako Beerseba herrian zuen familia errefuxiatu baten baitan.
Bere jardueran azaldu digu lurra lapurtzeko jokaera horrek bete-betean jarraitzen duela palestinarren garbiketa etnikoa abian jarri zenetik ehun urtera, eta zenbait estrategia ezberdin darabiltela lapurreta hori burutzeko; besteak beste; etxebizitzak eta herri osoak suntsitzea, palestinarrei etxebizitzak eraikitzeko edo berritzeko baimenak behin eta berriz ukatzea, edota ekintzaileen familiak etxebizitzak birrinduz zigortzea. Bestetik, Gazako eskualdean, kasu, bonbardaketa zuzenen bidez gauzatzen dute lur-besjabetasuna. Cisjordanian, ordea, harresia baliatzen dute palestinarren auzuneak banatzeko eta lur eremuak zuzenean bereganatzeko. Bere eskarmentu pertsonalari dagokionez, kontatu digu bere familiaren jaioterrian oraindik ere palestinarrak geratzen direla, baina parke natural bat eraikitzeko aitzakian kanporatzen ari direla. Hori da, bere esanetan, jatorrizko populazio palestinarra historiatik desagertarazteko beste baliabide bat. Gauzak horrela, urteurren honetan diasporako palestinarrek ekitaldiak antolatzen dituzte, Palestinan gertatzen ari dena ikustarazteko, eta Europako erakunde eta korporazioek Israelekin duten elkarlan-harremana salatzeko. Bestalde, salatu du azken ehun urteotan prozedurak aldatu badira ere, erregimen sionistak palestinarren aurkako garbiketa etnikoa gauzatzen jarraitzen duela, indarkeria baliatuz, eta 48an erabateko genozidioaren bitartez egiten zutena orain tantaka egiten dutela, palestinarrak alde eginarazteko euren bizimodua jasaezina bilakatuz. Bere ustez, jardundide horren atzean Palestinako kokapen estrategikoa datza Mendebaldetik Ekialde Hurbilerako sarbidean baitago.
Beste aldetik, espreski salatu du CAF bezalako mugaz gaindiko konpainiek Palestinako kolonizazioan duten eskuhartzea, okupazioaren azpiegituren eraikuntzan zuzenean parte hartzen ari direlako. Izan ere Beasaingo konpainia Jerusalemen eraikitzen ari den trenbideak Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko ditu. Zentzu horretan, dei egin digu gure gobernuei presioa egin diezaiegun, enpresa horiei ematen dizkieten diru laguntzak eteteko, harik eta gerra krimen batean parte hartzeari uzten dioten arte.
Azkenik, presoen kolektiboan mamitzen ari diren mugimenduen berri ere eman digu. Izan ere, Israelgo administrazioak heriotza zigorra legeztatuko duen lege proposamena iragarri du eta horrek berme legala emango lioke orain harte palestinarren aurka egunerokoa izan den jarduera horri. Hori gaitzesteko presoek protestaldiak antolatzen dihardute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da