Iragan otsailaren 14an Bakea Duintasunez erakundeak online mintegi bat antolatu zuen: "Palestinako okupazioa azaltzeko kontakizun berriak". Topaketa honetan kazetaritzako profesionalak eta Palestinaren aldeko ekintzaileak bildu ziren Palestinako okupazioari eta erresistentziari ematen zaien kazetaritza-trataeraren inguruan hausnarrean. Mintegiaren ardatza Lubnah Shomaliren solasaldia izan zen. Shomali Palestinako populazio errefuxiatuaren eskubideak artatzen dituen Badil Center erakundeko kidea da. Erakunde hori azken hilabeteotan Israelgo erregimenak ilegalizatu dituenetako bat da, eta giza eskubideen aldeko bere jarduna izan da, hain zuzen ere, bere ilegalizazioaren zergatia. Shomalik azaldu du bere jardunean Palestinako afera jorratzerakoan terminologiak duen garrantzia. Ibilbide historiko bat egin du etengabeko Nakba deritzon prozesuan zehar, hau da, Israelgo estatua sortu zenetik gaur egun arte nola erbesteratu eta mugiarazi duten bertako populazio palestinarra. Kritikatu du prentsako hedabide hegemonikoetan ez dagoela tokirik Israelek burututako gizateriaren aurkako krimenetarako, eta normalean krimen horiek samurtzen dituzten adierak erabiltzen direla, hala nola, "gatazka" bezalako adierak. Salatu du, halaber, Israelek egiturazko indarkeria burutzen duela bertako populazio palestinarraren kontra, populazio hori mugiarazteko eta populazio kolonoz ordezkatzeko. Hori kolonizazioa da, gizateriaren aurkako krimen bat, ez da "asentamendu" bat. Bestalde, defendatu du "apartheid" adieraren erabilera, izan ere, hainbat erakundek, besteak beste NBEk berak, onartu egin dute; eta salatu du adiera horrek ere ez daukala tokirik prentsa orokorrean. Kolonizazio krimenaren aurrean aldarrikatu du erresistentziarako eskubidea, izan ere, nazioarteko legediak edozein bidetatik eusteko eskubide hori onartzen die. Hortaz, Palestinako erresistentziari, armatua zein armagabea, ezin zaio deitu terrorismoa, nazioarteko zuzenbideak onartzen duelako.