Smurfit-Westrock transnazionalaren, Euskal Herriaren eta Cauca departamenduko azken gertaeren arteko loturak: susmoa bakarrik?
Komite Internazionalistetako kideok, 2024ko udan, Bakearen, Bizitzaren eta Lurraldean Mantentzearen aldeko Karabanan parte hartu genuen, hamarnaka erakunde kolonbiar eta internazionalistekin batera. Paramilitarismoaren gorakada itzela jaso eta salatzeko balio izan zuen horretan, Cauca departamenduko Cajibio udalerrian “Coordinador Nacional Agrario” (CNA) barruan antolaturiko nekazariek Smurfit-Westrock transnazionalari errekuperaturiko lurretan egon ginen. Baina, zer dela eta oraingo aipamen berezi hau?
Lehenik eta behin, egun hauetan, martxoaren 6an eta 29an zehazki, bertako komunitateek eraso bortitza jasan dutelako: Kolonbiako Armadaren tiroketengatik, bi nekazari larriki zaurituak izan dira.