“Gure garaian… astebururo zeuden mobidak”; “gure garaian… gazteak konprometituagoak ginen”… Zeintzuk dira, baina, gure garaiak? Atzera begira jartzea ez da nostalgia ariketa hutsa, egungo errealitatea ulertzeko beharrezkoa dugu nondik gatozen jakitea.
Gaur Joxemi Zumalabe Fundazioko gogoeta taldearen ekimen berriari hasiera eman diogu “Gure garaian” irratsaioko lehenengo saioa argitaratuz. Borroka kolektibo askotarikoen transmisioa eta memoriari heldu nahi dion proiektua da, herri-mugimenduetan ari diren edo ibilitakoen bizipenak eta denborak utzitako hausnarketak jasoz irrati formatuan.
Hilero saio berria argitaratuko dugu, eta horietariko bakoitzean borroka eremu bati helduko diogu. Borroka zehatz horri lotutako gonbidatu batekin batera “gure garaiei” begira jarriko gara eta anekdotak, esperientziak utzitako ikaspenak (indibidualak zein kolektiboak), beste mugimenduekiko harremanak… berrikusiko ditugu, 30-45 minutuko iraupena izango duten saioak osatuz.
Egitasmo honi hasiera emateko irrati libreen esperientziari begira jarriko gara Lander Juaristirekin batera, Arrosa Irrati Sarea hizpide izango dugularik. Hasiera ezin aproposagoa, Txapa irratiarekin eta Arrosa Sarearekin elkarlanean eraikitako proiektua baita “Gure Garaian”. Eskerrik asko irratsaio hau posible egiteagatik!
Gure webgunean: Bertan saio guztiak eta informazio gehiago topatuko duzue.
Arrosa Sarean: Webgunean eta sareko irrati ezberdinen emisioan (laster).