2020-02-03 19:44

BILTOKIAren aurkezpena!

Herri mugimenduetatik eta herri mugimenduentzat sortutako ezagutza, dinamika zein tresnak gordetzeko eta partekatzeko kutxa birtuala duzue Biltokia. Esperimentu hau Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategia proiektuaren baitan sortu dugu, eta ibilbide luze baten ostean, heldu da aurkezteko garaia!

Datorren otsailaren 27an, 19:30etan,  Gasteizko Hala Bedi tabernan (Aiztogile kalea, 98) egingo dugun aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu. Bertan azalduko ditugu egitasmo berri honen nondik norakoak eta funtzionamendua.

Tresna honen helburu nagusia,  herri mugimenduentzako baliabideak elkartrukatzeko gune birtual praktiko bat izatea da. Bertan bildu dira, bidean sortzen joan garen material eta tresna pedagogikoak, baita beste hamaika txokotako kolektiboek sortutakoak ere (euskaraz eta gaztelaniaz batez ere). Bilatzailearen bitartez, norbere beharren arabera aukeratu daiteke, baita materialak deskargatu ere. Honez gain, espazio interaktiboaren bidez espazio hau hornitzen joatea da asmoa.
Webgune librea izango da, aurkezpen ostean erabilgarri jarriko dugu eta gure webgunean  izango duzue kuxkuxeatzeko aukera.

Bertan ikusiko garelakoan!

Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak

 
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Joxemi Zumalabe Fundazioa herri mugimenduak indartu eta laguntzeko asmoz lanean dabilen elkartea da.