Azken hilabeteetan “segurtasun” orokorreko eta “separatismoaren” kontrako legeek polemika piztu dute Frantzian zein Xilaban. Lege horiek ordea ez dira lehenak izan ezta azkenak izanen ere, eta Euskal Herrian soberan ezagutzen ditugu etsaiek diseinatutako lege errepresiboak.
Horregatik jasaten ditugun eraso guziak multzo berean kokatzea dagokigu. Ez du balio lege hauek salatzea eta aldi berean elkarbizitzaz eta bakeaz mintzatzea. Jasaten ditugun eraso guztiek erakusten digute frantziar zein espainiar estatuekin hausturan bakarrik lor daitekeela benetako bakea.
Frantziar instituzioak eta indar okupatzaileak dira, Fijait fitxategiaren aitzakiapean, euskal herritarrak atxilotzera agintzen, eta atxiloketak aurrera eramaten dituztenak. Euskal herritar eskuzabalak terroristekin nahasi nahi dituzte, finean beraiek direnean terrorismoa praktikatzen dutenak. Eta beraiek dira, azken hilabeteetan euskal militanteak Lapurditik kanporatu dituztenak. Frantziar instituzioak seinalatu, eta beraien indar armatuak onartzetik urrun, Euskal Herritik kanporatzea da gure zeregin nagusia. Elkarbizitzarik ez! Alde Hemendik!
Berdina gertatzen da higiezinen agentziekin. Frantziar estatuak diseinatutako asimilazio prozesuaren parte garrantzitsua dira. Haiek ere baitituzte frantziarrak erakartzen gure herrian etxebizitza eros dezaten, euskal herritarrak kanpora joatera kondenatuz. Errua hein handi batean ez baita saltzen dutenena, agentzia horiek baliatzen dituzten metodoena baizik. Higiezinen agentziei berdin zaie nori saldu, beraien diru gosea edozein kodigo moral edo etikoren gainetik pasatzen baita:
Azken egunetan zabaldu den Angeluko Larochefoucauld agentziaren mezua beste adibide bat besterik ez da. Euskal Herriko eskualde honen etxebizitza arazoa azkarki elikatzen dutenak ezin dira soluzioaren partaide izan, munduan gosetearekin amaitzeko, kapitalismoa soluzioa ez den bezalaxe. Euskal Herria ez da salgai! Alde Hemendik!
Gertakari bat edo beste baten kontra modu isolatuan borrokatzea baino, osotasun baten parte bezala ulertu eta borrokatu behar dugu!
EUSKAL HERRIA EZ DA SALGAI! ALDE HEMENDIK!