2024-08-08 13:41

Bilboko Konpartsek telekomunikazio burujabetza bultzatzeko elkarlana abiatu dute Izarkomekin

Bilboko Konpartsak Federazioak jai herrikoi eta burujabeen alde lan egiten duen heinean, ekonomia soziala, tokiko kooperatibak eta kontsumo alternatibak sustatzen ditu. Bide horretan, Izarkomeko bazkide egin eta Internet zein mugikor zerbitzuak bertara pasatu ditu. Horrez gain, Aste Nagusian lehendabiziko aldiz WiFi sare librea eskainiko dute lankidetzan.

Zergatik izarkom?

Izarkom, irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, telekomunikazio burujabetzan sakontzeko Euskal Herriko operadore alternatiboa. 2017an sortutako herrigintzarako proiektua da, herri batek edo gizarte batek bere telekomunikazio zerbitzuak nola jaso nahi dituen erabaki eta lantzeko tresna, alegia. Euskaraz sortu eta euskaraz bizi den kooperatiba da Izarkom, beraz, gertuko komunikazioa eta arreta eskaintzeaz gain hizkuntza eskubideak bermatzen dituen operadorea da. Irabazi asmorik gabekoa izanik, izan ditzakeen etekin guztiak herrigintzara bideratuak daude, hala nola sare libre eta irekiak sortzera EHkom proiektuarekin elkarlanean, nodo berriak zabaldu edo sentsibilizazio kanpaina ezberdinak egitera. Egun, Hego Euskal Herrian eman dezakete zerbitzua baina zatiketa administratiboak eragiten dituen oztopoak saihestu eta Iparraldean ere zerbitzuak eman ahal izateko lanean dihardu.

Internet eskubidea

2011. urtetik hona, Nazio Batuen Erakundeak zenbait ebazpen eta txosten argitaratu ditu Internet giza eskubide gisa babestu beharraren inguruan eta gobernuei Interneterako konexioa herritar guztien eskura jar zezatela eskatuz. Informaziorako, hezkuntzarako edo beste eskubide garrantzitsuetara heltzeko ezinbesteko tresna bihurtu da. Interneterako sarbidearen merkantilizazioaren ondorioz, baina, erakunde publikoek, zailtasun eta oztopo handiak dituzte Internet sarbide duin bat hedatzeko. Honela, Interneterako sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki, baina landa eremuetako edota diru sarrera gutxieneko biztanleek zailtasun handiak dituzte. Horregatik Euskal Herrian Interneterako konexioa izateko eskubide hori demokratikoki gauzatu ahal izateko herri proiektua da Izarkom.

Aste Nagusian WiFi sare librea

Aste Nagusiko historian lehen aldiz jai esparru gehiengoan WiFi sare librea eskainiko da lankidetzan sortutako azpiegitura ireki, neutral eta seguruaren bidez. Modu honetara, hainbat puntutan instalatuko diren Izarkomeko nodoek doako zerbitzu bidez pertsonen arteko komunikazioa eta jaiak sarean ere gozatzeko aukera zabalduko dute, normalean egoten diren estaldura arazoak arinduz. Txosnen inguruan hainbat kartel jarriko dira QR bidez konektatu ahal izateko eta elkarlanaren berri emanez. Era berean, Konpartsen bulegoko telefonia finkoa zein sakelakoa, zuntza eta erasoen aurkako telefonoak ere Izarkomen uhinetara konektatuak izango dira hemendik aurrera.

Ongi etorri Izarkom sarera!

The post Bilboko Konpartsak eta Izarkom elkarlanean appeared first on izarkom.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskl Herriko Telekomunikazio Operadore Kooperatiboa