2023-05-05 12:04

30 urte bete dira CERN fisikako ikerketa guneak World Wide Web edo webgunez osatutako mundu zabaleko sarea guztion eskura jarri zuenetik. 1993ko apirilaren 30ean webguneak sortu, ostatatu eta bisitatzeko beharrezko softwarea domeinu publikoan jarri zuten, garai berri bati hasiera emanda.

Askotan sinonimo gisa erabiltzen baditugu ere, Internet eta Weba, maiuskulaz, ez dira gauza bera. Internet kontzeptu orokorragoa eta zaharragoa da. Weba Interneten gainean eraikita dago, beste hainbat aplikazio eta zerbitzu bezala. Webak iraultza ekarri zuen, baina lehenagokoak dira posta elektronikoa, Usenet eztabaidaguneak, IRC txatak, FTP bidezko fitxategien partekatzea…

Gaur egun erabiltzen dugun webguneen sarearen lehen proposamena 1989an egin zuen Tim Berners-Lee zientzialariak Suitza eta Frantzia artean kokatutako CERN fisikako ikerketa gunean. Helburua mundu osoko unibertsitateen eta zientzialarien arteko informazio trukea erraztu eta automatizatzea zen. 1990 urte amaierarako oinarrizko nabigatzaile eta zerbitzaria garatu zituen, baita gaur egun arte iraun duten oinarriak zehaztu ere: HTTP protokoloa, URL helbideak, HTML lengoaia… Historiako lehen webgunea 1991ko abuztuaren 6an egin zuen publiko. Berners-Leeren CERNeko ordenagailuan ostatatuta zegoen eta World Wide Web proiektuaren berri ematen zuen. Berriz ere ikusgai jarri zuen CERNek 2013an: info.cern.ch.

Historiako lehen web zerbitzaria: Tim Berners-Leeren CERNeko ordenagailua. “Makina hau zerbitzari bat da. EZ ITZALI!!” dioen eranskailua dauka. Coolcaesar / CC BY-SA 3.0

Berners-Lee ez zen saiatu bere asmakizunarekin dirua irabazten, eta baztertu egin zituen CERNen teknologia patentatzeko asmoak. Weba irekia eta librea izatea nahi zuen, ahalik eta azkarren zabal zedin. Geroago esan zuen bezala, “Teknologia patentatu izan balitz, eta nire kontrolpean geratu, ziurrenik ez zen erabilera zabalduko. Ezin duzu proposatu zerbait esparru unibertsala izatea eta, aldi berean, haren kontrolari eutsi”.

Bide horretatik, duela 30 urte, 1993ko apirilaren 30an, CERNek domeinu publikoan jarri zituen, guztientzat erabilgarri, nabigatzailea eta webguneak sortu eta ostatatzeko tresnak. Web libre eta irekiaren hasiera izan zen: sarera konektatutako ordenagailu bat eta ezagutza teknikoak zituen edonork sortu zezakeen webgune bat.

Geroztik sarearen zabalkundea izugarria izan da. Milaka miloi webgune daude, baina zentralizaziorako joera gero eta handiagoa da: multinazional gutxi batzuen eskuetan daude webgune bisitatuenak. Hala ere, badago teknologia burujabetzarako bidean Weba birdeszentralizatzen saiatzen ari den jendea ere. Horren adibide aipagarriena sare sozial libre eta federatuek osatutako Fedibertsoa da.

Nabigatzaileetan ere botere kontzentrazio oso handia dago: Googleren Chrome erabiltzen du jende gehienak sarea arakatzeko. Nagusitasuna ia erabatekoa da: lehen konpetentziarenak ziren nabigatzaileak ere Chromeren motorrean oinarrituak daude orain: Microsoft Edge, Opera, Vivaldi, Brave, Samsung Internet Browser… Multinazionalen menpekoa ez den, eta garapen propioari eusten dion, nabigatzaile libre nabarmen bakarra dago: Firefox. Txopik Mastodonen zabaldutako meme honek ondo irudikatzen du egoera:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.