Abaraska taldeak euskarazko bideoak partekatu eta streaming-ak egiteko PeerTube.eus webgune ireki eta federatua sortu du. Zumaiatik emango dute zerbitzua, Abaila kooperatibak bere zuntz optikoaren instalazioetan egindako txokotik, Gaueko kooperatibako kide ohiek utzitako zerbitzari bat erabiliz. Epe luzerako proiektua dela adierazi dute. Doakoa izango da diruz larri dabiltzanentzat, gainerakoen donazioen bidez finantzatuko baita.
Abaraska pertsona librezaleek osatutako talde ireki eta asanblearioa da. Bere helburua fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura bultzatzea da. Beste bi proiektu ere kudeatzen dituzte: argazkiak partekatzeko pixelfed.eus sare soziala eta lemmy.eus web-foroak.
Multinazionalen zerbitzuetan ez bezala, PeerTube.eus-en ez da iragarkirik egongo, ez eta datuen salmentarik ere. Moderazioari dagokionez, ez dute jarrera intoleranterik onartuko: arrazakeria, sexismoa, xenofobia, genero edo sexu-orientazioaren araberako diskriminazioa (TERF jarrerak barne), gutxiengoen aurkako gorrotoa… Konparazio batera, aipagarria da Youtuberen algoritmoaren gomendioek zerikusi zuzena izan zutela brasildarrak eskuin muturrerantz erradikalizatu eta 2018an Bolsonaro presidente hautatzeko prozesuan, The New York Timesek argitaratu zuenez.
Euskarazko lehen PeerTube zerbitzaria 2019ko urrian sortu genuen Euskarabildua Jardunaldietako bideoak biltzeko: peertube.euskarabildua.eus. Geroztik, orain arte instantzia irekirik ez zegoenez, hainbat talde eta pertsona gonbidatu izan ditugu bertara: Hezkuntzan Librezale, Haritulab, Euskal Herria Digitala, Iñigo Gebara…
2021eko ekainean bideoak.argia.eus sortu genuen ARGIAren bideoentzat, pribatutasuna babesteko hartutako beste neurri batzuekin batera: Google Analytics Matomorekin ordezkatzea adibidez.
Bi PeerTube horiek eta orain Abaraska taldeak sortu berri duen PeerTube.eus burujabeak dira, baina ez daude isolatuta, elkarren artean federatuta baitaude. Hau da, horietako edozeinetan besteetako bideoak ere ikus daitezke. PeerTuberen menuan lau aukera daude: “Aurkitu”, “Joerak”, “Azkenak” eta “Bideo lokalak”. Bideo lokalak aukeratuz gero, izenak dioen bezala, dagokion zerbitzariko bideoak bakarrik agertzen dira, baina beste hiru aukeretan euskal bideosfera federatuaren parte diren gainerako zerbitzarietakoak ere agertzen dira, adibidez, Euskarabilduarenak ARGIAkoan eta PeerTube.eus-en. Horrek ikusgaitasuna ematen die euskarazko edukiei.
Fedibertsoa osatuta dago elkarren artean komunikatzeko gai diren askotariko zerbitzuz. Hona horietako batzuk:
Sare sozial komertzialetan ezinezkoak diren gauzak egin daitezke Fedibertsoan. Adibidez, PeerTube.eus-eko kanal bat jarraitu daiteke Mastodon.eus-eko kontu bat erabiliz. Kanalean bideo berri bat argitaratzean Mastodoneko denbora-lerroan agertzen da. Horri erantzunez gero, Mastodonetik emandako erantzuna PeerTubeko bideoan iruzkin gisa jasotzen da. Youtubeko kanal bat Twitterretik jarraitu eta elkarrekintzak izatearen pareko zerbait.
Adibide bezala Mastodon.eus-eko kontu bat erabiliz Peertube.eus-eko kanal edo erabiltzaile bat nola jarraitu azalduko dugu pausoz pauso.
Kanal edo erabiltzaile bat jarraitzeko beste modu bat “Harpidetu” botoia erabiltzea da: