Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.
Numeriko iraunkorraren egunean ordenagailu zaharrei bizi berria nola eman ikasi dute Estitxu Robles kolegioko hirugarren mailako 46 ikasleek. Elkartenetek Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetatik berreskuratutako Eskola 2.0-ko eramangarri gorriei RAM memoria gehitu diete eta SSD diskoa jarri, errendimendua hobetu eta bizia luzatzeko. Ondoren Ipar Euskal Herriko eskolen neurrira garatutako Txikilinux Xilaba sistema eragile euskaldun eta librea instalatu diete. Aipagarria da ordenagailu mota horrentzako Txikilinux bertsio berezia argitaratu zuela Elkartenetek 2023ko azaroan, gailuek duten NVIDIA txartel grafikoarentzako kontroladoreekin.
Europako Ingurumen Bulegoaren 2019ko txosten baten arabera, beroketa globalean duten eragina kontuan hartuta, eramangarriek gutxien-gutxienez 20 urte iraun beharko lukete, eta hobe askoz gehiago balitz. Tamalez 4,5 urte irauten dituzte batez beste. Elkarteneten eta hainbat irakasleren ekimenari esker gutxieneko helburu horretara iristetik gertu daude Eskola 2.0ko Toshiba gorriak, 2009koak baitira, duela 15 urtekoak. Berregokituta erabiltzeko modukoak dira oraindik.
Horrez gain, irabazi asmorik gabeko Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute, Baionako Etxepare lizeoko LH merkataritza saileko Garazi eta Lioren eskutik. Berreskuratutako ordenagailu zaharrak berregokitu eta lehen mailako haurrei eskaintzeko sortu zuten kooperatiba bi gazteek. Ikasleek “ekonomia zirkularraren bultzatzaileak izan daitezkeela ikasi dute”, dio Etxepare lizeoko Eder Etxebarria irakasleak, eta “ekintzailetza kooperatiboa, Amalurra, Herrigintza eta burujabetza digitala babesten dituzten proiektuak aurrera eraman daitezkeela Seaska sareko kolegio eta lizeoan”.
Artikuluaren argazki nagusia: Eder Etxebarria