Luberri Linux hezkuntzan erabiltzeko sistema eragile libre, doako eta euskaldunaren 22.04 bertsio berria argitaratu dute. Epe luzeko euskarria duenez, bost urtez jasoko ditu eguneraketak, 2027 arte. Proiektuaren webgune berria ere aurkeztu dute: LuberriLinux.eus.
Luberri Linux 2010ean sortu zuten Donostiako Antigua-Luberri BHIn, Eskola 2.0ko ordenagailu eramangarriek instalatuta zekarten Ubunturen ordezko gisa erabiltzeko. Hasiera batean, Ubuntu hartzen zuen oinarri bezala eta hezkuntzarako egokitzen zuten, ikasle eta irakasleentzako erabilgarriak diren hainbat aplikazio instalatuz. 2020an argitaratutako 20.04 bertsiotik aurrera Linux Minten oinarritzen da proiektua.
Luberri Linuxek ordenagailu zaharretan ere esperientzia ona ematen du, RAM memoria gutxi erabiltzen duelako (800 MB inguru abiatzean). Sistema eragilea eta instalatutako aplikazio guztiak software librekoak dira, eta ia guztiak euskaraz erabili daitezke, Luberri Linuxen lantaldeak hainbat aplikazio itzuli dituelarik.
Ikas-materiekin lotutako hainbat aplikazio ditu: mekanografia, kimika, geografia, matematika, programazioa, buru- eta kontzeptu-mapak… Guztiek konexiorik gabe funtzionatzen dute, etxean Internetik ez duten ikasleek ere erabil ditzaten. Egiten ikasteko tresna ugari ere ekartzen ditu: testu, irudi artistiko, bektoriala eta teknikoa, audio eta bideo edizioa, musika konposatzea… Ikastetxe publikoek erabiltzen duten Windows zerbitzariaren domeinuan sartu eta erabiltzaile bakoitzari bere karpeta esleitzeko prestatua dago.
Interesa baduzue, Abaraska taldeak aurreko astean aurkeztu zuen PeerTube.eus webgunean Eder Etxebarria Rojok "Linuxtarrak garelako" kanalean bertsio eta webgune berriei egindako errepasoa ikustea gomendatzen dizuegu: