2022-06-03 07:03
 

Bi arau-urratze oso larri aurpegiratu dizkio Espainiako Datuen Babeserako Agentziak (AEPD) Googleri: erabiltzaileen datuak hirugarrengoekin legitimaziorik gabe partekatu izana eta “ahaztua izateko eskubidea” trabatzea. Horren ondorioz, hamar milioi euroko isuna ezarri dio teknologia multinazionalari, orain arte AEPD agentziak ezarri duen zigorrik altuena.

“Ahanztura digitalaren” gaia ez da gaur goizekoa, horren froga da Gorka Bereziartuak ARGIA astekarian 2011an idatzitako “Google, ez zaitez nirekin akordatu” erreportajea. Geroztik, 2014an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Google-ren aurka emandako epaiak “ahaztua izateko eskubidea” deitua onartzea ekarri zuen, hau da, Google-ri eduki bat bilaketetan ez erakusteko eskatzeko aukera izatea. 2015ean The Guardian-ek argitaratu zuenez, eskaeren %95a herritar arruntek egin zituzten beren pribatutasuna babesteko, ez kriminal, politikari edo pertsona ospetsuek.

Norbaitek eduki bat bilaketetatik baztertzeko eskatzean, Googlek Ameriketako Estatu Batuetako Lumen proiektuari bidaltzen dizkio eskatzailearen datuak: izen-abizenak, helbide elektronikoa, eskaeraren arrazoiak eta kendu nahi den URLa. Harvard Unibertsitateko Lumen datu-basearen helburua edukia Internetetik kentzeko eskaerak bildu eta aztertzea da. AEPDren ustez bidalitako informazio guztia publikoki eskuragarri dagoen datu-base batean jarri eta webean zabaltzea “ahanztura digitalerako” eskubidearen aurkakoa da. Googlek ez du aukerarik eskaintzen eskaeraren datuak Lumeni ez emateko, beraz ez dago eskatzailearen baliozko onespenik. AEPDren arabera hori Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren aurkakoa da eta Googleri bere sistema egokitzeko eskatu dio.

Xehetasun gehiago nahi duenak eskuragarri du AEPDren prozedura zigortzailearen ebazpena (PDF).

Jatorrizko artikulua Iametza Interaktiboa webgunean argitaratu zen: Googleri hamar milioi euroko isuna ezarri dio Espainiako Datuen Babeserako Agentziak

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.