2024-07-09 14:41

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna.

Gipuzkoako Foru Aldundiak mugaz gaindiko loturak indartzen dituzten proiektuak bultzatu nahi ditu “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileen bidez. Aurkeztu diren hamahiru proiektuen artean gustukoen dituzten hiruren alde bozkatzeko aukera dute 16 urtetik gorako gipuzkoarrek, uztailaren 9a arte. Aldundiak 150.000 euro jarriko ditu boto gehien jasotzen dituzten proiektuak finantzatzeko.

Baionako Etxepare Lizeoak eta Iametzak bultzatutako “Digitalizazio arduratsua” proiektuak “mugak hautsi nahi ditu”. Izan ere, alde batean zein bestean ikusten dute teknologiaren erabilera arduratsuan hezteko beharra, eta esperientzien elkartrukea ere baliagarria eta onuragarria izango delakoan daude. Proiektuak hiru ardatz ditu: ikasgeletan erabiltzeko materiala sortzea, podcasten grabaketa eta esperientziak partekatzeko topaketak antolatzea.

Gazteek teknologia irizpide kritikoekin eta modu arduratsuan ikusten eta erabiltzen ikasteko materiala sortu nahi dute, mugaren bi aldeetako hezkuntza zentroetan erabiltzeko. Teknologia libreen garrantzia landuko dute, erabilgarri dauden aukerak azalduz eta gaur egungo testuinguruan kokatuz. Horrez gain, arreta jarriko dute teknologiak ingurumenarekin, hizkuntza aniztasunarekin eta genero berdintasunarekin dituen loturetan. Ahalik eta maila gehienetara egokituko dute edukia, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleentzat erabilgarria izan dadin.

Bi podcast saio ere grabatu nahi dituzte, bat Lasarte-Orian, eta bestea Baionan. Euskal Herri osoko hezkuntza komunitateko kideak izango dira protagonista: irakasleak, gurasoak eta ikasleak. Iametzaren Hodeia ez da existitzen podcast kanalean zabalduko dira edukiak. Topaketa bat ere antolatu nahi dute, bi helbururekin: batetik azken urteetan teknologia libreak erabiltzen ari direnen esperientziak partekatu eta ezagutzera emateko, eta bestetik, Ipar eta Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitatea saretzeko.

Nola bozkatu gustuko proiektuen alde

Bozkatzeko prozedura erraza da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren www.gipuzkoa64.eu webgunea prestatu du, lurraldean bizi diren 16 urtetik gorako herritarren iritzia biltzeko. Lehenik eta behin, norbere datu pertsonalak sartu behar dira. Jarraian, aurkeztu diren hamahiru proiektuen artean hiru hautatu behar dira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.