2024-12-13 18:07

Mastodon.eusen euskara da hizkuntza nagusia, baina Fedibertsoa ehunka hizkuntza hitz egiten dituen komunitate global eta bizia da. Horregatik, itzulpenak egiteko Libretranslate tresna librea erabiltzen hasi dira. Horri esker, nazioarteko eragile eta norbanakoek argitaratukoak gure hizkuntzan irakur ditzakegu. Adibidez, Free Software Foundation-en ingelesezko mezuak.

Fedibertsoko beste zerbitzarietako espainierazko, frantsesezko eta ingelesezko mezuak euskarara itzultzeko aukera eman dute hasiera batean Mastodon.eus-eko arduradunek. Hala ere, komunitatearen eskaerei erantzunez hainbat hizkuntza gehitu dituzte laster batean: alemana, arabiera, esperantoa, galiziera, greziera, italiera eta katalana.

 

LibreTranslate software libreko itzulpen zerbitzua da, eta hainbat hizkuntzen testuak automatikoki itzultzeko aukera eskaintzen du. Duela gutxi arte ezin zen erabili euskaratik eta euskarara itzultzeko. Horregatik, Urtzi Odriozola euskarazko eredua prestatzeko lanean hasi zen. Ezusteko galanta hartu zuen urrian, bere eredua garatzaileei eskaini, eta haiek ere bat prestatzen ari zirela jakitean. Geroztik, euskara erabilgarri dauden hizkuntzen zerrendan dago, eta LibreTranslateren interfazea ere euskaratu du Odriozolak, bere ingelesa-euskara eredua erabiliz.

Euskara erabilgarri zegoela jakitean Iametzak LibreTranslate zerbitzaria instalatu zuen, bere hizkuntza teknologia zerbitzuetan txertatzeko. Esaterako, Nextcloud edo OnlyOffice bezalako zerbitzuetan integratu du, beste hainbat tresnekin batera, testuak edo dokumentu osoak itzultzeko. Zerbitzari hori da Mastodon.eus-ek itzulpenak egiteko erabiltzen duena. Iametzak Mastodon.eus-en sorreran parte hartu zuen beste hainbatekin elkarlanean: Azkue Fundazioa, Laborategia 2.0, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios Kooperatiba. Geroztik, Mastodon.eus-en eguneraketa, zerbitzariaren mantenu teknikoa eta babeskopiak egiten ditu Iametzak, proiektu sozial bezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.