Elon Muskek, dirutan munduko pertsona aberatsenak, Twitter osorik erosi izanak zalaparta handia eragin du. Hartu ditzakeen erabakien beldur Twitterreko erabiltzaile askok Mastodoneko larre gozoagoetara jauzi egitea erabaki du. Muskek duela hilabete Twitteren zati erosi zuela iragarri zuenetik 150.000 erabiltzaile aktibo inguru irabazi ditu Mastodon sareak.
Elon Muskek ez dauka ahoan bilorik, eta berak esan eta egindakoek polemika handiak eragin dituzte. Gutxi batzuk aipatuko ditugu, bestela artikulu osoa beharko baikenuke. Adibidez, 2020an Bolivian Evo Moralesen aurkako estatu kolpea eman zutenean esan zuena gogoratu besterik ez dago: “Nahi dugunari emango diogu kolpea! Onartu.“. Ezaguna da, baita, Tesla auto elektrikoen fabriketako langileak euren eskubideen alde sindikatuan antolatzearen aurka duen jarrera, eta ezin ahaztu COVID-19aren lehen olatuan langileak tailerrera itzultzera behartu zituela, Kaliforniako arauen aurka, ehunka positibo eraginez.
Erosketaren gaiari lotuz, benetako produktua ez da Twitter, bertako erabiltzaileak eta hauek sortzen dituzten datuak baizik. Hodeia ez da existitzen podcastaren iazko saio batean Facebook files filtrazioari eskaini genion monografiakoan ikusi genuenez, Facebookeko nagusiek badakite beren algoritmoek gorrotoa sustatu eta erabiltzaileen alderik txarrena hauspotzen dutela, interakzioak handitzeko helburuarekin, eta ez zaie batere axola, horrek irabaziak handitzen baitizkie. Twitter-en kasuan ere, ezaguna da bertako giro pozoitsua eta moderazio eskasa. Twitterren bilaketa azkar bat eginda homosexual guztiak hiltzeko mehatxuak aurkitu ditzakegu, edo mota guztietako irainak: matxistak, xenofoboak, arrazistak, homofoboak, transfoboak, euskaldunen aurkakoak… Hala ere, ez dirudi Elon Muskek arazo larri hori konpontzeko inongo asmorik duenik. Bere burua “adierazpen askatasunaren absolutista” bezala definitzen du eta giza eskubideen defentsarako erakundeek beren kezka agertu dute, erosketaren ondoren Twitterren gorroto-diskurtsoak areagotuko direlakoan.
Nahiko balu ere, zaila iruditzen zait Twitterrek, mundu osoan zehar, kultura eta hizkuntza bakoitzera egokitutako behar adina moderatzaile kontratatzea, eta ez dut uste arazoa inteligentzia artifizialaren bidez konpondu daitekeenik, moderazioa oso kontu subjektiboa delako: dagokion komunitatearen testuingurua ulertuko duten pertsonak behar dira. Kopuruei erreparatuta ere ez daukate erraza. Adibidez, Facebookera egunero 350 milioi argazkitik gora igotzen dituzte erabiltzaileek. Estimazioa oso oso oso goitik joaz, moderazioa %99,99an ondo egingo balute ere, horrek esan nahiko luke 350.000 gaizki moderatuko lituzketela, egunero…
Hain zuzen ere, moderazioa da Mastodon komunitateen, eta orokorrean Fedibertsoaren, abantaila nabarmenetako bat. Twitter zentralizatua da, bakarra dago, baina Mastodonen milaka komunitate daude elkarren artean konektatuta edo federatuta. Komunitate horietako bakoitza burujabea da eta moderazioaren inguruko erabakiak hartu ditzake, komunitatearen testuinguruaren ezagutzatik. Mastodon sarean bi komunitate euskaldun daude: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus. Biek argi adierazten dute ez dituztela onartzen pertsonen aurkako jazarpena eta eduki arrazistak, sexistak, xenofoboak, transfoboak… Are gehiago, Twitterrek ez bezala, balio horien arabera moderatzen dituzte komunitateak, era guztietako pertsonak ongi etorriak diren espazioak sortuz. Gutxiengoa dira, baina badaude Elon Muskek bezala, “adierazpen askatasuna”-ren aitzakian, era guztietako eduki intoleranteak eta jazarpena onartzen dituzten komunitateak ere. Hala ere, eta hau garrantzitsua da, gainerako komunitateek gorroto-habi horiekin loturak haustea erabaki dezakete. Hori praktikan posible dela ikusi zen 2019an, Gab izeneko eskuin muturreko komunitate handiari blokeo masiboa egin eta fedibertsotik kanporatzea lortu zenean.
Mastodonek (eta Fedibertsoak orokorrean) baditu abantaila gehiago ere. Batzuk aipatzeagatik:
Emoji pertsonalizatuak. Komunitate bakoitzak bere emoji bilduma propioa sortu dezake. Mastodon.eus-en adibidez, Korrikako lekukoa daukagu, ahobizi eta belarriprest emojiak, Olentzero eta Maridomingi, sagardo botila, ikur antifaxistak, ikurrina, Nafarroako bandera eta beste euskal ikur batzuk, Gaysper, Mitxelena XVI.a, Creative Commons lizentzien sinboloak…
Beste arrazoi asko daude sare sozial deszentralizatuak erabiltzeko, baina onena zuk zeuk probatu eta egiaztatzea da. Horretarako, euskararen arnasgune diren bi komunitateak gomendatzen dizkizut, aukeratu nahiago duzuna, edozein delarik ere, besteko erabiltzaileak jarraitu eta haiekin hitz egin ahal izango duzu eta:
Sare sozial deszentralizatuen eta fedibertsoaren gaian sakondu nahi duenari hiru bideo gomendatzen dizkiot. Lehena, Txopi eta Porrumentziok 2021eko Durangoko Azokan emandako hitzaldia: “Zer da fedibertsoa eta zer eskaini diezaieke euskal sortzaileei?“, bigarrena, nik 2019ko Euskarabildua Jardunaldietan egindako aurkezpena: “Bestelako sare sozial batzuk posible dira: Fedibertsoa“, eta hirugarrena, ingelesez, Derek Caelinek 2020ko ActivityPub Conference-an sare sozialen moderazioaren gainean emandako hitzaldia, bertan fedibertsoak Gabekin izandako afera azaltzen du, beste kontu interesgarri askoren artean: “Decentralized social networks vs. the trolls“. Hiru bideoak Peertube instantzietan daude, noski ?: kolektiva.media, peertube.euskarabildua.eus eta conf.tube.
Jatorrizko artikulua Iametza Interaktiboa webgunean argitaratu zen: Elon Muskek Twitter erosi izanak eraginda jende uholdea Mastodonera