2024-05-31 15:31

Ekainaren 14an Txikilinux egunaren bigarren edizioa ospatuko dute Donibane Lohizuneko ikastolan. Egun osoko egitaraua prestatu dute sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzera emateko: tailerrak, hitzaldiak…

Lehen Txikilinux eguna 2022ko otsailaren 18an ospatu zuten Donibane Lohizuneko ikastolan, erabiltzen hasi berriak ziren sistema eragilea irakasle, ikasle eta gurasoei ezagutzera emateko. 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatua dago Txikilinux, eta hezkuntzarako hainbat tresna dauzka instalatuta. Bilboko Elkartenet elkarteak garatzen du, eta Ipar Euskal Herriko hezkuntzaren errealitatera egokitutako bertsioa sortu zuten Seaskako ikastolentzat: TxikiLinux Xilaba (Xiberoa – Lapurdi – Baxe Nafarroa). 2023an, Urruñako ikastolan ere TxikiLinuxen aldeko apustua egin zuten.

Aurten TxikiLinux zerbitzaria jarri du martxan Donibane Lohizuneko ikastolak, Elkartenet eta IZT Kooperatibaren laguntzarekin. Ordenagailuek TxikiLinux eta bere aplikazio guztiak zerbitzaritik jasoko dituztenez, eskolako gailu guztietan banan-bana instalatzeko lana aurreratuko dute.

Zerbitzariaren estreinaldia ospatzeko Txikilinux egunaren bigarren edizioa antolatu dute ekainaren 14an Donibane Lohizunen. Egun osoko egitaraua prestatu dute ikastolako informatika batzordeak eta Elkartenetek. Hasteko, goizeko 10:30etan zerbitzaria aurkeztuko diete Seaskako eta Donibane Lohizuneko Herriko etxeko ordezkariei. Bazkalondoren, arratsaldeko 14:30etatik 16:00etara Txikilinux formazio tailerrak eskainiko dituzte 8-11 urte arteko haurrentzat. Segidan, 16:30etatik 17:30etara gurasoei zuzendutako formazio saioak egingo dituzte.

“Euskarak software librea behar du” hitzaldi sortarekin borobilduko dute eguna, 18:00etatik 19:30etara. Lehen solasaldian Seaskan numerikoari ematen dioten erabilera aurkeztuko du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko hezkuntza arduradunak, Egoitz Urrutikoetxeak. Jarraian Luberri sistema eragile libre eta euskalduna aurkeztuko du Iñigo Gebarak. Bigarren hezkuntzako teknologia eta informatika irakaslea da Gebara, baita Hezkuntzan Librezale taldeko kidea ere, eta Luberri proiektuaren mantentzaileetako bat. Azken hitzaldian euskarazko adimen artifizialeko tresnak genero berdintasunaren ikuspuntutik aztertuko dituzte Muitze Zulaika Gallastegi eta Oihane Cantero Dominguez Orai zentroko ikerlariek (Elhuyar). Amaitzeko galderentzako tartea egongo da.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.