2024-03-15 16:24

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko hedabideekin eta blogekin denbora-lerro propioa sortzeko erabili daiteke, baita hainbat plataformatako podcastak aplikazio bakarra erabiliz entzuteko ere. Esaterako, software libreko AntennaPod aplikazioarekin.

1999ko martxoaren 15ean argitaratu zuten RSSaren lehen espezifikazioa, baina urrezko garaia 2000ko hamarkadan izan zuen. Garai hartan webgune eta blog guztietan ikusten zen nabarmen  ikurra. Sare sozialen denbora lerroen aurrekari bat izan zen RSSa, gure interesen araberako denbora lerro propioa sortzeko aukera ematen baitu. Gustuko ditugun webgune, blog, podcast eta abarretara harpidetu gaitezke eta eduki berri bat argitaratzen duten bakoitzean gure RSS jarioan agertuko da, kronologikoki ordenatuta.

2010eko hamarkadatik aurrera sare sozial jabedunek eta podcast plataforma itxiek jan zioten lekua RSSari, baina teknologia burujabetzaren eskutik berpizkundea izaten ari da. Izan ere, RSSak sare sozial jabedunen algoritmoen kapritxoetatik askatzen gaitu eta gure intereseko edukiak bitartekaririk gabe jasotzeko aukera ematen digu.

Noizbait RSS jario batean klik egin baduzu, XML kodea agertuko zitzaizun. Ez kezkatu horregatik, jakin behar duzun bakarra da RSSak webgune edo podcast horren edukiei buruzko informazioa biltzen duela, aplikazioek ulertzeko moduan antolatuta. Nahikoa da RSSaren URLa kopiatu eta dagokion aplikazioan itsastea. Hortik aurrerakoak aplikazioak egingo ditu eta zuk artikuluez edo podcast saioez gozatu besterik ez duzu egin behar.

Podcastak entzuteko software libreko AntennaPod aplikazioa

Puri-purian daude podcastak eta saioak biltzen dituzten plataforma asko daude: Baleafunk, ARGIAren podcastak, Arrosa Sarea, EITBPodkast, Ivoox, Spotify, Apple podcasts, Google podcasts… Podcast bat entzun nahi dugulako horietako bakoitzaren aplikazioa instalatzeak ez du zentzurik. Gainera, podcast plataforma jabedunen aplikazioak jarraipenerako eta datu bilketarako diseinatuta daude. Hainbat isun jaso dituzte, esaterako, Europar Batzordeak 1.800 milioi euroko zigorra ezarri berri dio Appleri streaming bidezko musikaren banaketan duen nagusitasun egoeraz abusatzeagatik, eta 2023an Spotifyri 5 milioi euroko isuna ezarri zion Suediako datuen babeserako agentziak.

Arazo horietako askori soluzioa ematen die Androiderako AntennaPod aplikazioak. Software libreko aplikazioak biltzen dituen F-droid biltegian aurki dezakezue, baita Google Play-n ere. AntennaPod euskaraz erabili daiteke Librezalek egindako itzulpenari esker. Boluntario-talde batek garatzen du irabazi asmorik gabe eta ez du iragarkirik. Edozein plataformatako podcastak entzuteko aukera ematen du, zure pribatutasuna errespetatuz. Baldintza bakarra podcastak RSS jarioa izatea da. Sustatun dioten bezala RSSrik ez badu, ez da podcast bat.

AntennaPodek podcastak aurkitzea errazten du. Hainbat podcasten informazioa bilduta dauka dagoeneko eta kasu askotan nahikoa da bilaketa bat egitea gure gustuko saiora harpidetzeko. Edozein kasutan, bilaketak ez badu emaitzarik ematen, erraz gehitu dezakegu podcast bat:

  1. Podcastaren RSS jarioaren URLa kopiatu
  2. AntennaPod aplikazioan “Gehitu podcasta RSS helbide bidez” hautatu
  3. URLa itsatsi
  4. Podcastaz gozatu

Jarraian azalduko dugu nola aurkitu RSS jarioak hainbat plataformatan:

Baleafunk

Podcast bakoitzaren orrian dagoen RSS botoian klik egin behar da. RSS bidez edo Fedibertsotik harpidetu nahi duzun galdetuko dizu. Sakatu RSSaren “Kopiatu” botoia.

ARGIAren podcastak

Podcast bakoitzaren orrian dagoen “RSS jarioa” botoia sakatuta eduki edo saguarekin eskuin klik egin behar da. Jarraian hautatu “Kopiatu lotura”.

Arrosa Sarea

Podcast bakoitzaren orrian atalen azpian dagoen “RSS” esteka sakatuta eduki edo saguarekin eskuin klik egin, eta “Kopiatu lotura” hautatu.

EITB Podkast

Podcast bakoitzaren orrian dagoen “Harpidetu” botoian klik egin behar da. Ondoren, RSS aukera sakatuta eduki edo saguarekin eskuin klik egin, eta “Kopiatu lotura” hautatu.

Ivoox

Podcast bakoitzaren orrian atalen azpian dagoen “RSS” esteka sakatuta eduki edo saguarekin eskuin klik egin, eta “Kopiatu lotura” hautatu.

Beste plataformak

Aipatu ditugunak baino askoz plataforma gehiago daude. Kasu batzuetan podcastek beren webgunean jartzen dituzte atalak. Prozedura berdina da beti: podcastaren RSS jarioaren URLa aurkitu, kopiatu eta AntennaPoden itsatsi. Hala ere Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts-en ez dugu RSS jariorik aurkitu. Horiek ez genituzke podcast gisa hartu behar.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.