Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.
Blender proiektuari emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, Gints Zilbalodisek bere karreraren hasieran eskuz marraztutako 2Dko animazio digitala sortzen zuen. Hala ere, labur batzuk egin ondoren konturatu zen “ez zela marrazkilari ona”, eta 3D animazioari ekin zion, “gauzak modelatu zitzakeelako eta kamera mugitu”. Eskolan erabiltzen ikasitako Maya tresna –jabedun edo ez librea– erabiliz plazaratu zuen bere lehen film luzea 2019an: Projām, baina ondoren Blender tresna librea erabiltzen hasi zen.
Egokitzeko denbora pixka bat behar izan zuen, baina bere esanetan “nahiko erraza izan zen”. Aldaketa egitera bultzatu zuena EEVEE izan zen, Blenderren denbora errealeko errendatze motorra. Izan ere, aukera ematen du eszenak nola geratuko diren ikusi eta probak egiteko, argitasuna, testurak edo efektuekin jokatuz.
Geroztik, bost urte eta erdi eskaini dizkio zuzendari letoniarrak Straume proiektuari. Bere lehen film luzea bakarka egin bazuen ere, honetan finantziazioa lortu eta lan talde bat osatu du. Animatzaile gehienek ez zuten aurrez esperientziarik Blenderrekin, baina Zilbalodisek adierazi duenez astebete baino gutxiago behar izan zuten moldatzeko.
2024ko Cannesko Zinemaldian estreinatu zuten urez estalitako mundu batean esnatzen den katu beltz baten istorioa kontatzen duen filma, eta harrera bikaina izan du ikusle eta kritikarien artean. Besteak beste, Animaziozko Film Onenaren Golden Globe eta Oscar sariak irabazi ditu. Animaziozko Film Onenaren Oscar Sarietan AEBetako estudio erraldoien lanei aurrea hartu die Straume-k: Pixar-en Inside Out 2 eta DreamWorks-en The Wild Robot.
Hari horretatik, zuzendari letoniarrak nabarmendu du Blender doakoa eta librea denez “edozein gazteren esku dagoela Oscar bat irabazi duen film bat egiteko erabili den tresna”, eta horri esker bestela aukerarik izango ez luketen hainbat sortzaile independentek lan interesgarriak sortuko dituztela. Gainera, Blenderrek erraztasunak ematen ditu horretarako, Zilbalodisek egin bezala norbere ordenagailuan sortu baitaiteke azken emaitza, baliabide gutxirekin, zerbitzari berezirik erabili gabe. Hurrengo filmean Blender erabiltzen jarraituko duela adierazi du, “gainerako tresnak bezain ona delako”.
Irudi nagusia: Blender 4.4 berriaren hasierako pantailako irudia.