2023-09-01 08:38

“Hodeia” izen etereoak ezkutatzen ditu ur eta energia kantitate handiak kontsumitzen dituzten zerbitzariz betetako pabiloiak. Bada, adimen artifizialak ere badu B aldea: Asia, Afrika eta Hego Amerikako milioika pertsonen lan esplotazioa. The Washington Posten ikerketa baten arabera, Filipinetan adimen artifizialeko enpresentzat lanean aritzen diren langileek gutxieneko soldata baino ordainsari txikiagoak jasotzea eta ordainketen atzerapenak ohikoak dira, baita batzuetan egindako lanengatik ezer ez jasotzea ere.

“Zaborra sartu, zaborra atera” dio informatikako kontzeptu ezagun batek. Adimen artifizialeko ereduekin ere hala gertatzen da, emaitza onak lortzeko datu txukunekin elikatzea komeni da. Hori dela eta, datuak bildu eta etiketatzearen negozioak milaka milioi mugitzen ditu, eta hazkunde handia izaten ari da. Bideo eta irudietan agertzen diren objektuak eta pertsonak etiketatzea bezalako lanetan aritzen dira Asia, Afrika eta Hego Amerikako milioika lagun, lan baldintza kaskarretan. Horien erdiak India eta Filipinetan.

Filipinetako Gobernuaren estimazioen arabera, bi milioi pertsona baino gehiagok egiten dute lan adimen artifizialarentzat datuak etiketatzen freelance bezala. Horietatik 10.000 inguruk AEBetako Scale AI startup-aren Remotetasks plataforma erabiltzen dute. Besteak beste, zerbitzua ematen diete Metari, Microsofti edo ChatGPTren jabe den Open AIri. Scale AI-k “adimen artifizial etikoa” egiten dutela dio bere webgunean eta “soldata duinak ordaintzeaz harro” daudela, baina The Washington Postekin hitz egin duten langile gehienak ez datoz bat baieztapen horiekin.

Scale AI-ren Remotetasks plataforma erabiltzen duten langileek The Washington Posti adierazi diotenez, orokorrean Filipinetako gutxieneko soldata baino askoz ordainsari baxuagoak jasotzen dituzte. Elkarrizketatutako 36 langileetatik 34k ordainketen atzerapenak, agindutakoa baino gutxiago edo ezer ez ordaintzea bezalako praktikak salatu dituzte. Filipinar gazte askok ez dute beste aukerarik eta lan horietan harrapatuta daude.

Manilako De La Salle Unibertsitatean lan digitala ikertzen duen Cheryll Soriano irakaslearen arabera, Scale AI moduko enpresek gutxieneko soldata edo lan erregulazioak saihesteko asmoarekin erabiltzen dituzte herrialde txirotuetako pertsonak freelance gisa. Praktika horiek “lan esplotazio digital” gisa definitu ditu adimen artifizialeko etikan aditua den Dominic Ligot filipinarrak.

Artikuluaren irudi nagusia: Jernej Furman / CC BY 2.0

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.