Berriki argitaratu da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak (Arkautik) 2022ko suhiltzaile izateko hautaketa prozesuetan proba psikoteknikoa osorik euskaraz egiteko ezintasuna salatu duen herritar baten kasua. Herritarrari, oposizioa euskaraz egiteko eskubidea izan eta hala eskatu arren, ez zitzaion osorik euskaraz ebaluatzeko aukerarik eman. Nahitaez gaztelaniaz egitera behartu zitzaion.
Herritarraren helegitearen erantzunean, Arkautiko Akademiak berak aitortzen du ezinezkoa izan zela proba psikoteknikoaren ariketa batzuk euskaraz egitea. Ondorioz, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren aurka («Oposizioko probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.»), hautagaien hizkuntza-eskubideak urratu ziren.
Euskarazko proben gabezia arrazoitzeko, Akademiak egindako alegazioak larritasunez jaso ditu Behatokiak. Oraingoan, herritarrari proba horren bidez neurtzen zena gaztelaniazko hitzezko gaitasuna zela adierazten zaio. Oinarrietan, aldiz, hitzezko gaitasuna neurtzen dela soilik adierazten zen, beraz, azterketa euskaraz egin ahal bada, hitzezko gaitasun hori euskaraz ere neurtu daitekeela ulertzen dugu.
Baina Arkautitik ematen diren argudio larrienak gaztelaniaren nagusitasunari lotutakoak lirateke, non argudiatzen duten beharrezkoa dela suhiltzaile batek lan taldeko lanaren efikazia eta herritarren segurtasunarekiko gaztelania ongi ulertzea, baina ez euskara. Beraz, arazoaren muinean orain arte euskarazko proben homologazio falta argudiatzetik, gaztelaniaren ulermen nahitaezkoa argudiatzera pasatu dira.
Arartekoak, kasua jorratzen zuen 2023ko azaroko txostenean, ohartarazten zuen «hautaketa prozesu bat deitzen duten administrazioek bermatu behar dute parte hartzaileek hautaketa horretako proba guztiak nahi duten hizkuntzan egin ahal izatea, bai euskaraz baita gaztelaniaz ere». Beraz, botere publikoek eginbeharra dela herritarrei aitortu zaizkien eskubideak bermatzea, eskubide horiek eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen.
Behatokiak gogoratu dut aspaldiko auzia dela honakoa, eta 2015. urtetik hainbat kexa jaso direla. Urte horretan, IVAPek arrazoi bera («merkatuan daude euskarazko proba psikoteknikoak oso gutxi» direla) argudiatu zuen hautagaiari gazteleraz egitera behartzeko. 2017an Gipuzkoako Informatika zerbitzuko lanpostuetarako, 2018an Euskotreneko tranbia-gidari posturako, eta 2022an Ertzaintzarako oposaketetarako ere salaketa berdintsuak jaso ditu Behatokiak. Aipatutako hauek lagin bat soilik dira, eta askoz kasu gehiago salatu gabe gelditzen dira.
Behatokiaren iritziz, «urte guzti hauetan, Administrazioak nahiago izan du herritarrei proba gaztelaniaz egitera behartzea azterketa euskaraz egiteko duten eskubidearen gainetik. Erabat onartezina da». Izan ere, «Administrazio publikoak ezin ditu eskubideak “merkatu baldintzen” menpe jarri euskaraz egiteko aukera ukatzeko. Eskatzaile kopurua edozein dela ere, herritar guztien eskubideak bermatuko dituzten probak homologatzea exijitu behar dizkie. Administrazioaren betebeharra da, ez herritarrarena».
Ondorioz, Behatokiak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari eta Arkautiko Akademiari, baita gainerako administrazioei ere, eskatu die albait arinen beharrezko neurriak har ditzatela euskarazko proba psikoteknikoak homologatzeko eta oposizioak osorik eta albo-kalterik gabe euskaraz egin ahal izatea bermatzeko.