2025-03-07 10:35

2025eko otsailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

URRAKETAK

» Baionako Herriko Etxeko auzapezak sinatutako gutuna frantses hutsean igorri zaie herritarrei.

» Espainiako Gobernuak ez du sexu-izaerako deliturik ez izatearen ziurtagiria euskaraz eskuratzeko aukerarik ematen.

» Esteribarko Udalak WhatsApp kanaletik gaztelania hutsean idatzitako kartelak zabaltzen jarraitzen du.

» Osatekek euskararen ezagutzarik ez duten kontratazioak egiten jarraitzen duela salatu dute.

» Guuk telekomunikazio enpresatik gaztelaniaz deitu izan dute eta bezeroaren euskarazko arreta berariaz eskatzen ibili behar da.        

» Gasteizko Yelmo zinemetan sarrerak erosteko makinak ezin dira euskaraz erabili. 

» Ostalaritza eta merkataritzako negozio ezberdinetan euskara erabiltzeagatik erantzun txarrak jasotzen jarraitzen dute herritarrek.

» Vianako Printzea ospitaleko odol-analisi eta radiologia gunean ohar ugari gaztelania hutsean daude.                                                                

» Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Arriskuen Prebentziorako zerbitzuan ia ezinezkoa dela zerbitzua euskaraz jasotzea salatu dute, langileen ezagutza falta dela eta.

» Nafarroako Toki Inbertsioen Planeko webgunean dokumentazio guztia gaztelania hutsean dago eta https://administracionlocal.navarra.es webgunea ere ezin da euskaraz erabili.

» Donostiako udaltzain batek “no te entiendo, háblame en castellano” erantzun dio herritar bati.            

» Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Enplegu Plana aurkeztu dute; webgunea eta plana bera gaztelania hutsean agertzen dira.            

» Irungo udaltzain batek arreta eta dokumentua gaztelania hutsean eman dizkio herritarrak euskara erabili arren.           

» Barkaldoko BECen egindako Outlet Feria Bilbaon erabilitako iragarki zein bitarteko guztiak, gaztelania hutsean zabaldu dira.

» Nafarroako Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzutik gaztelania hutsean bidali dira mezuak.            

» Amorebieta-Etxanoko Udalak hizkuntza irizpideak ez dituela behar bezala betetzen salatu dute.   

» Osakidetzan arreta euskaraz nahi duela adierazita duen herritar bati medikuak gaztelaniaz soilik hitz egiten duela erantzun dio.

» Arabako Gizarte Ongizaterako Erakundeak Euskara Plana 12 urte berritu gabe duela eta 19/2024 dekretua betetzeko ez dela ezer egin salatu dute.

» IMQren Zorrourreko osasun-zentroan herritar bati “en castellano” erantzun zaio arreta zerbitzuetatik.          

» Durangoko Decathloneko erosketa makinetan euskara sakatu arren gaztelania agertzen dela salatu dute.         

» Donostiako Zinema eta Zientzia zikloan, azpitituluak eta aurkezpen osoa gaztelaniaz izan zirela salatu du herritar batek (filmen %36,36 euskarazko azpitituluekin proiektatu zirela erantzun dute).

» Gasteizko Hegoalde Gizarte Etxean euskaraz iragarritako haurrentzako ikastaro bat gaztelaniaz ematen dela salatu dute.          

ZORIONTZEAK

» Transgourmet enpresari, bere produktuetan euskara txertatzeagatik.

» Amaiurko Jauregi Borda jatetxeari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Zestoako Mañeko okindegiari, euskaraz artatzeagatik.

» Esker ona Iruñeko alde zaharreko osasun-etxeko psikologoari, arreta euskaraz ematen duela adieraziz atean karteltxo bat jarri duelako.

» Zestoako Fati tabernari, karta euskaraz eskaintzeagatik.

LORPENAK

» Eusko Jaurlaritzaren “Nik Patrika Digitala” APPko euskarazko bertsioko esaldi traketsak zuzendu dira.

» “Parte Hartu, Nafarroa!” plataforma digitalean euskararen erabilera zuzena eskaintzeko neurriak hartu dira.

» EAEn adimen-gaitasun handien inguruko probak euskaratu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko adituekin batera.

» Osakidetzak audiometriak euskaraz gaitu ahal izateko lan-talde bat jarri du martxan.

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia