Pasa den ekainean, Oibarko 10 familiak D ereduko haur eskola berri bat irekitzea eskatu eta Nafarroako Gobernuak hainbat oztopo jarri ondoren, abuztuan zehar 8 familiak Gabriel Valentín Casamayor ikastetxe publikoan D ereduko euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeko eskaerak erregistratu zituzten Hezkuntza Departamentuan.
Izan ere, Oibarko familiek 1-3 urte bitarteko haur-eskola bat eraikitzeko beharraz gain, 3 urtetik aurrera ere herrian euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egin nahi dute, herriko instalazio eta zerbitzu publikoen erabilerarako eskubidea euskaraz ikastearekin bateragarria izan behar duela argi utziz. Gainera, haur eskolaren eskaeran aldarrikatu zen bezala, euskarazko irakaskuntza Nafarroako herri guztietara zabaldu eta haur guztiek euskararen ezagutza izateak, berdintasun baloreak eta hizkuntza eskubideen aitortzan sakontzeaz gaindi, herri txiki eta landa eremuen biziberritzean laguntzen du.
Egun, herriko ikastetxean A (gaztelaniaz euskara irakasgai bezala) eta G (dena gaztelaniaz) ereduak soilik eskaintzen dira. Eredu horiek ez dute euskara menperatzeko gaitasunik ematen eta, ondorioz, euskarazko irakaskuntzaren alde egin nahi duten familiek Zangotzara eraman beharko lituzkete haurrak. Horrek, tamalez, herriko ikastetxean geratu nahi diren familia batzuk D eredua ez hautatzera eragiten du. Gainera, kontuan izan behar da Oibarko ikastetxe publikoa azken urteetan matrikulak galtzen joan dela eta beraz, herriko ikastetxea bizirauteko modua izan daiteke. Beraz, irakaskuntza publikoan Zangotzaldean ireki daitekeen lehen euskarazko lerroa izan daiteke.
Gogoratu behar dugu Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman ziola haur eskola D ereduan irekitzeari, ikastetxean etorkizunean D eredua irekiaz gero, guztientzako tokirik egongo ez zela argudiatuaz. Ba familiek ikastetxean ere eskaera hori egitea erabaki dute, “aitzakia” guztien gainetik Oibarren euskaraz ere bizi nahi dutela argi adieraziaz.
Nafarroako berezko hizkuntza den euskararen irakaskuntza berariaz sustatu beharrean, Nafarroako Hezkuntza Sistemak eta honen baldintzatzeek ez dute hiztunen arteko berdintasuna bultzatzen, kasu batzuetan euskararen irakaskuntza atzerriko hizkuntzen pare edo are zokoratuago ezarriaz.
Horregatik, oztopo gehiago ez jartzeko eta Oibarko ikastetxean euskarazko eredua irekitzeko erraztasunak jar ditzatela eskatzen diete Behatokiak eta familiek Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari.