2022ko ekainean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
KEXAK
» Euskal Hirigune Elkargoko Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen sindikatutik haurren garraiorako informazio-gutuna frantses hutsean igorri dute ikastoletara.
» Hainbat merkataritza-gunetan eta bertan kokatutako enpresatan ez da euskarazko errotulaziorik jartzen, edo bestelako zerbitzurik euskaraz eskaintzen (Ñam jatetxeetan, Decathlon saltokietan…) ere.
» Iruñeko Udaleko euskarazko webgunean informazio gutxiago jartzen jarraitzen dute, eta kale izendegi batzuk gaztelania hutsean agertzen dira oraindik.
» Gurutzetako ospitalean aldi baterako errotulazioa gaztelaniaz jartzen dute behin eta berriro.
» Jai eta udako egitarau askotan euskarazko eskaintza gutxiago izaten da.
» Nafarroako Lan Ikuskaritzak ez ditu euskarazko dokumentuak onartzen (nominak etab.).
» Zurich aseguru-etxeak ez ditu euskarazko polizak eta dokumentazioa eskaintzen.
» Ertzaintzaren aldetik ez dira herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen: euskarazko arreta ukatzea, herritarrak euskaraz egin arren salaketak gaztelaniaz tramitatzea, jakinarazpenak gaztelania hutsean bidaltzea…
» Orona enpresak berriz gaztelania hutsezko errotulazioak jarri ditu Iruñerrian.
» Nafarroako Erriberako EDER Partzuergoak eta Osasunbideak gazteentzako udako jaietarako kanpaina gaztelania hutsean egin dute.
» DGTren jakinarazpenak eta mezuak gaztelania hutsean heltzen dira.
» Lanbideren webgunean oraindik ezin da dena euskaraz kontsultatu.
ZORIONTZEAK
» Bastidako San Felices okindegiari, euskaraz artatzeagatik (karteldegia euskaraz ere jartzeko eskatu zaie).
» Bakioko La Cantine jatetxeari, euskarazko karta edukitzeagatik.
» Gipuzkoako Il Capo janaria etxera eramateko enpresari, bere eskaintza euskaraz zabaltzen duelako eta webgunea euskaraz ere duelako.
LORPENAK
» Trapagarango Udalak ‘Kirolaren gida’ liburuxkak elebitan argitaratuko ditu, euskara ere txertatuaz.
» Osakidetzako hainbat ohar eta aldi baterako kartel euskaraz jarri dira.
» Zizur Nagusiko Udalak seinaletika euskaraz ere jarri du.
» Zarauzko osasun etxean emagin euskalduna eskaini ahal izateko neurriak hartu dituzte.
» Gasteizko Hiri Garraioa enpresak kanpo jakinarazpen, ohar eta errotuluak berriztuko ditu euskaldunen hizkuntza-eskubideak kontuan hartzeko.
» Nafarroako Gazte Txartela eta gutuna euskaraz helarazteko akatsak zuzendu dira.
» Bilboko Zazpi Kaleetako osasun etxean euskaraz dakiten bi fakultatibo berri kontratatu dira.
JATORRIZKO ALBISTEA: www.behatokia.eus