2024-07-02 10:15

2024ko ekainean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

 

URRAKETAK:

» Euskaltelen matxuretarako telefonora deituta, ez du euskarazko arreta hautatzeko aukerarik ematen.

» Donostiako Polizia Nazionalaren bulegoetako makinek euskarazko aukera eskaini arren, ez dute funtzionatzen euskaraz; bai, ordea, gaztelaniaz.

» Trip Advisor webguneak oraindik ez ditu euskaraz idatzitako iritziak onartzen.

» Nafarroako udal eta mankomunitateetako plantilla organikoko hainbat lanpostu argitaratu dira euskarazko profilik gabe.

» Eusko Jaurlaritzaren 112 larrialdietarako telefonoan «mejor en castellano» erantzun diote herritar bati.

» Loreak Mendian arropa markaren webgunea ezin da euskaraz kontsultatu, soilik ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.

» Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik baimenaren ebazpena gaztelaniaz heldu zaio irakasle bati.

» Saizar jatetxean «gaztelaniaz egiteko, bestela ez dutela zerbitzatuko» erantzun zioten herritar bati.

» Bizkaiko Foru Aldundiak gaztelania hutsean ezarri du iragarkia Deia eta El Correo egunkarietan.

» Espainiako Gobernuaren hauteskundeetarako informazio orrialdean (www.infoelectoral.interior.gob.es) euskara hautatu arren, informazioa gaztelaniaz agertzen zen.

» Orbea bizikleta-ekoizlearen webgunea nazioarteko hainbat hizkuntzatan ikusi daiteke, baina ez euskaraz.

» Iruñea eta Zizur Nagusia lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidean seinaleak gaztelania hutsean ezarri dituzte.

» Barakaldoko eta Iruñeko Decathlon dendetan euskararen presentziarik ez dago eta euskarazko arreta ere ez dute bermatzen.

» Eusko Jaurlaritzaren Zibersegurtasun Agentziak gazteei zuzendutako bideo bat erdara hutsean zabaldu du. Sare sozial batzuetan azpitituluak ezarri arren, kanpaina osoa gaztelaniaz diseinatu da.

» Euskadi Low Cost enpresaren Ortuellako gasolindegiko informazio gehiena erdaraz baino ez dago.

» Nafarroako Gobernuaren "Gorroto-diskurtsoak eta Fake Newsak" kanpainaren aurkezpena, kartel guztiak barne, gaztelaniaz izan da.

» Gasteizko Udaleko prentsa bulegoak gaztelania hutsean bidaltzen ditu udaltzain eta suhiltzaileen esku-hartzeen berri emateko egiten duen txostena.

» Donostiako Ben&Jerry’s izozki dendak eta Gasteizko Trike Koffee Roasters enpresek atzerriko hizkuntzak erabiltzen dituzte, baina euskara ez.

 

ZORIONTZEAK:

» Acedoko kanpinari, harreran eta tabernan euskarazko arreta emateagatik eta euskaraz ez zekiten langileek ulertzeko ahalegina egiten zutelako.

» Larraonako Molino pizzeriari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

 

LORPENAK:

» Barañaingo Udala Kontsumitzaileen Udal Bulegoko informazioa euskaraz argitaratzen hasi da.

» Euskalmeten webguneko akatsak zuzendu dituzte.

» Antsoaingo Udalak aldatu egin ditu lanpostu ezberdinen deialdietako oinarriak euskararen ezagutza merezimendu bezala ezarriz.

» Orioko Euskotreneko igogailuetako mezua euskaraz ere konfiguratu dute.

» Orkoiengo Udaleko Kirol Sailetik helarazitako gaztelaniazko mezua euskaraz ere zabaldu da.

» DGTk ibilgailuen CO2 isurien pegatinarekin igortzen duen gutuneko euskarazko esaldi trakets guztiak zuzenduko ditu. 

 

BEHATOKIA 

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia