Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du Decathlon kirol-materialen denda kate frantziarrak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen establezimenduetan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen duela. Behatokiak jasotako herritarren hainbat kexaren arabera, enpresak ez du bermatzen euskararen presentzia bere dendetako seinaleztapenean, informazio idatzietan zein bestelako zerbitzuetan.
Bezeroen kexa ugarik
Azken urteetan, Behatokiak hainbatetan ohartarazi dio Decathloni bere establezimenduetan hizkuntza berdintasuna bermatzeko. Hala ere, enpresak uko egiten dio bere hizkuntza politika aldatzeari, eta legez ez dagoela euskararen presentzia bermatzera behartua esaten jarraitzen du.
Izan ere, enpresak bezeroen hizkuntza eskubideak kontuan hartzen dituela aipatzen duen arren, herritarrek egindako erreklamazioen aurrean bere zerbitzu juridikoek zein arduradunek erantzun dute Espainiar Estatuko kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen dekretuan ez dela hizkuntzarekiko aipamenik egiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiaren arabera enpresa pribatuak ez daudela behartuak errotulazio edo seinalitikan euskara txertatzera.
Baieztapen horiek enpresak bere interesen arabera egiten dituela iruditzen zaigu. Izan ere, EAEko araudian ondorengoa zehazten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legeak 79. artikuluan ezartzen du kontsumitzaileek eskubidea dutela ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko, eta 80.2 artikuluan seinaleztapenak, oharrak eta informazio publikoa euskaraz eta gaztelaniaz egon behar dutela.
Ondorioz, Behatokiak salaketa aurkeztu zuen du Kontsumobiden Decathlon España S.A.U. kate komertzialak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen establezimenduetan seinalitika, errotulazioa zein bestelako informazioan euskara txertatzeko araudiak ezartzen duena kontuan hartzen ez duelako.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren arabera, «Decathlonek duen jarrera onartezina da. Euskaldunen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzeaz gain, euskararen normalizazioaren aurkako jarrera irekia erakusten du, bezeroen aniztasuna errespetatzen duela esaten duen arren, kontraesankorra da». Honen aurrean, Behatokiak bezeroen eskubideak bermatzeko neurriak har ditzan exijitzen dio Decathlon enpresari. Halaber, erakunde eskudunei premiazko neurriak hartzeko eskatzen die, eta herritarrak animatzen ditu beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzera.
Neurri bermatzaileak eta herritarrei deia
Behatokiko zuzendariak gogora ekarri du indarrean dagoen araudia «lausoa eta zehaztasun gabea» dela, batik bat egungo merkataritza ereduetan nagusitzen ari diren azalera handiko zentro edo merkataritza kateei begira. «Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek zerbitzuak eta ondasunak euskaraz jasotzeko duten eskubidea araudietan hobe garatu eta bermatzeko mekanismoez gain, arau-hauste eta ez-betetzeen aurrean zehapenak garatzeko eskatzen diegu arduradun publikoei. Sustapen hutsetik harago, neurri bermatzaileak behar ditugu» adierazi du.
Azkenik, «Gogoratu behar dugu egun ehunka direla euskara ofiziala den eremuetan ere beraien bezeroei eskaintzen dizkieten informazio, zerbitzu eta ondasunetan euskararik txertatzen ez duten enpresak eta, beraz, hauek gizarte erantzukizunez jardun eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu ditzaten eskatzen diegu. Bestalde, herritarrei dei egiten diegu bezero bezala dituzten eskubideak eta euskararen presentzia eremu sozioekonomikoan ere aldarrikatzen jarraitzeko, baita Euskal Herriko gainerako lurraldeetako kontsumitzaile eta erabiltzaileen araudietan euskararen erabilerarekiko aipamenik egiten ez bada ere». Horretarako, www.euskararentelefonoa.eus doako zerbitzua eskaintzen du Behatokiak.