Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Itunaren diagnostiko fasea bukatuko den honetan, azken urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sisteman arreta zuzenari zein profesionalek euskaraz lan egin edo formakuntzari lotuta Euskararen Telefonoaren bidez jasotako gertaerarik nabarmenenak helarazi dizkie Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Osasun Itunaren arduradunei.
Euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzeko gabeziak
Herritarren bizipenetan oinarrituta Behatokiak egindako azterketak agerian uzten du azken urteetan hutsune berberak zuzendu gabe segitzen dutela eta euskarazko arreta berariaz eskatuta duten herritarrei ere ez zaiela kalitatezko zerbitzua bermatzen. Helarazitako kexari emandako erantzunetan maiz adierazten da ezin izan dela euskarazko arreta bermatu kontratazio zerrendetan euskararen ezagutzarik ez duten profesionalak daudelako edo euskaraz arreta eskaintzeko maila egokirik ez dutelako.
Sistema osoa zerbitzua euskaraz eskaini eta lan egiteko gai ez izateak zerbitzua euskaraz berdintasunean jaso ezin izatetik harago, osasun arloko erakundeetan hizkuntza ohiturak ere ezartzen ditu.
Zehazki, 2023ko eta orain arteko 2024ko intzidentzia nabarmenenak helarazi dizkiegu Osasun Ituneko arduradunei. Hainbat dira azken urteetan errepikatu diren egoerak:
Zuzeneko arretari lotutakoak ez ezik, bestelako urraketen adibideak ere helarazi ditugu: gaztelaniaz emandako erantzun idatziak, aldi baterako hizkuntza paisaian akatsak…hauek ere kexa jarri ostean zuzentzen diren arren, azken urteetan behin eta berriz errepikatzen diren hutsuneak dira.
Era berean, osasungintzako profesionalek, langile gisa, euskarazko zerbitzuak edo formazioa jasotzeko zailtasunak izan dituzte hainbatetan eta Osalan zein Osatek bezalako erakundeetan ematen diren kasuak ere helarazi ditugu. Hemen ere euskaraz lan egiteko oztopoak gainditu gabe jarraitzen dutela adierazten duten kasurik aipagarrienak txertatu ditugu.
Aurrera egiteko neurri ausart eta eraginkorrak
Pazienteek egindako kexari erantzunez, barkamena berariaz eskatzen zaie herritarrei beraien hizkuntza eskubideak urratzeagatik, baina barkamen horiez harago, behingoz neurri irmoagoak eta ausartagoak hartzeko garaia dela uste dugu, osasun sisteman euskararen erabateko normalizazioa pazienteen diagnosia eta tratamendu egokia bermatzea ere badelako. Horretarako beharrezkoa da Osasun Itunean proposatzen diren neurrietan atzerapausorik ez onartzetik harago, neurri zuzentzaileak zehaztea, ez koiunturalak, horrela zerbitzuaren kalitatea eta herritarren ongizatea eta osasuna hobetuz.
Guzti hauek kontuan hartuak izan daitezen, gutuna eta dosierra helarazi dizkiegu Osasun Itunaren negoziaketan ari diren arduradunei.