2023-01-03 20:37

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogor gaitzetsi nahi du zerbitzu publikoetan euskara normaltasunez erabili ahal izateko Barakaldoko Udalaren neurri baten kontra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako azken ebazpena. 

Aurrekoetan aipatu izan dugun bezala, Nafarroan urteetan aurrera ematen ari diren praktikak Euskal Autonomia Erkidegora ere zabaltzen hasi dira. Horiek herritarren hizkuntza eskubideetan duten eragin negatiboa nabarmena da, zerbitzuaren kalitatean eta oinarrizko eskubideak bermatzeko bidean oztopo eta ezintasun nabarmenak sortzen dituztelarik, hiztunen arteko berdintasunaren kontrako mezuak zabaldu eta legitimatuaz. 

Barakaldoko Udaleko kultur zerbitzuetako azpikontratazioan gutxieneko hizkuntza eskakizun batzuk ezartzea,  herritarrak zerbitzu horietan zein horiei lotutakoetan euskara eroso erabili ahal izateko neurri bat da (egon daitezkeen beste batzuen artean), eta administrazioaren eginbehar nagusia da hori zaintzea. Izan ere, zerbitzu publikoen eskaintzan jarduten duten langile edo enpresa guztiak elebitan jarduteko gai ez izateak administrazio publiko baten eguneroko jarduna baldintzatzen du eta, ondorioz, herritarrari berari ematen zaion zerbitzua. 

Zerbitzu hauen barnean asko azpikontratatuak daude, eta beraz, beharrezkoa da azpikontratazio horietan euskarazko zerbitzua bermatzeko neurriak eta baldintzak ezartzea. Bestelako berdintasun klausulak ezartzen diren bezala, hizkuntzarenak ere behar beharrezkoak ditu "joku arau" minimoak, eta horiek ezin dira eremuaren arabera murriztu edo mugatu. Eremu soziolinguistikoa deritzona kontuan hartzen bada, dauden hutsune eta beharrak indartzeko izan behar da, ez egoerak eta injustiziak betikotzeko. Oinarrizko eskubideak ez dira norbanakoenak soilik, kolektiboak ere badira, eta beraz, horien bermeak izaera kolektiboa eta orokorra izan behar du. 

Barakaldon zein Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetan euskaraz naturaltasunez jardutea justizia soziala egitea da, euskaraz aritzeko espazioak sortzea, gure eskubideez gaindi ondorengoen eskubideak ere jokoan ditugulako. 

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia