2024-09-11 10:24

2024ko abuztuan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

 

URRAKETAK:

» Belartzako Decathloneko paisaia linguistikoa gaztelania hutsean dago. Lege betebehar irmorik ez duten artean ez dutela euskaraz jarriko erantzun dute.

» Orkoiengo Udalak WhatsApp kanal berrian jakinarazpenak gaztelania hutsean helarazten ditu.

» Alsa autobus konpainiaren euskarazko bertsioko hainbat mezu ez direla zuzenak salatu dute.

» Iruñerriko Mankomunitateak euskarazko arreta eskaintzen duen arren, SMS bidez gaztelania hutsean bidaltzen ditu mezuak.

» Bilboko udaltzainek motoetan erabiltzen duten arropan «Policía Municipal» baino ez dago idatzita.

» AP-15 autobideko Nafarroako hainbat seinale gaztelaniaz daude, eta hirien izenak ere gaztelania hutsean agertzen dira.

» Bilboko Ormaechea loterien webgunea eta iragarkiak gaztelania hutsean agertzen dira.

» Gasteizko Udalak Momiak filma gaztelaniaz proiektatu du Zabalgana auzoan, euskarazko bertsioa eskuragarri izan arren.

» Basurtuko ospitalean herritar batek ezin izan du psikoonkologiako arreta euskaraz jaso, eta gaztelaniaz jasotzera behartu dute.

» Erakunde publiko ezberdinek zabaldutako euskarazko mezuen zuzentasun ezagatik kexak jaso dira.

» Bilboko Aste Nagusiko barraketan euskararen presentzia oso urria izan zela salatu dute.      

» Taberna eta negozio ezberdinetan kartelak gaztelania hutsean jartzeagatik kexa ezberdinak jaso dira.         

» Iberdrolari euskarazko harremana nahi dutela behin baino gehiagotan adierazi arren, mezuak gaztelania hutsean jaso dituzte bezeroek.

» Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean hainbat seinale eta kartel oraindik gaztelania hutsean agertzen dira.

» Erandioko Makro dendako paisaia linguistiko osoa gaztelaniaz dago.

» Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritzak ikastetxeetan banatutako euskarazko liburuak akatsez beteta daude.

» Enpresa ezberdinen telefono bidezko arreta euskaraz jasotzeko ezintasunen inguruko kexak izan dira.

» EAEko erakunde publikoek gaztelaniazko prentsan iragarkiak gaztelania hutsean ezartzen jarraitzen dute, ele bitan ezartzeko betebeharra izan arren.

» Zarauzko Osasun Etxean erizainak eta oftalmologoak ez zekiten euskara.

» EHUko Bizkaiko Kanpusean inprimakiak eta informazio orokorra gaztelaniaz erabiltzen direla salatu dute.

» Donostiako Boga Boga Festibalak webgunea gaztelaniaz eta ingelesez soilik ezarri zuen.

» Urbasako kanpinaren kudeaketa Nafarroako Gobernuak esleitutakoa izan arren, dena gaztelaniaz dago eta gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen diete herritarrei.

» Donostiako Udalak Boulevardean egindako Arte Martzialen erakustaldian bozgorailuko azalpen guztiak gaztelaniaz izan ziren.

             

ZORIONTZEAK:

» Bilbon Txurdinagan dagoen Ícaro kafetegiari, euskaraz artatzeagatik. Langilea euskara ikasten dabil eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko ahalegina egiten du.

» Ultzurrungo ostatuari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» KAS freskagarri konpainiari, Donostian jarri duen publizitatea euskaraz jartzeagatik.

 

LORPENAK:

» Iruñea eta Zizur Nagusia lotzen dituen bideko seinale gehienetan euskara txertatu dute. 

 

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia