Aurreko testua Euskal Herriko klase borrokaren historiari eskaini genion eta analisia gaur egungo egoerara ekarri gaituen azken ziklo politikoaren irekieran utzi genuen. XX. mendearen erdialdetik aurrera, eta bereziki, ETAren sorrerarekin (1958), abertzaletasunaren baitan ikuspegi aurrerakoi eta ezkertiarra gero eta leku handiagoa hartuz joan ziren. Bazeuden tendentzia horren aurrekariak, besteak beste 36ko altxamendu frankista baino lehenago sortutako EAE-ANV, baina historikoki atzerakoia zen abertzaletasunean sozialismoa ez zen errotu 1960. hamarkadara arte. Garapen industriala Euskal Herriko eremu askotara hedatua zegoen harrezkero eta langile borroka pil-pilean, errepresio frankistaren mehatxupean. Bestalde, Francoren erregimena, euskal kultura eta abertzaletasunaren kontra ere bortizki oldartua zena Gerraren amaieratik, krisi ekonomiko eta politiko sakon baten murgilduz zihoan. Testuinguru horretan, langile kontzientziak nazio askapenarekin bat egiteko joera azkartu zen, belaunaldi gazteek bultzatuta. ETA bezalako antolakunde iraultzaile baten baitan, konbinazio horrek bere baitan gordetzen zuen potentzial askatzaile guztia piztu zuen. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) oinarriak ezarriak zeuden; hurrengo hamarkadetan herri honen independentzia eta sozialismoaren alde, borroka iraultzailea gorpuztuko zuen mugimendua martxan zen.
Puntu honetara helduta, ENAMen genesi eta garapen osoa azter genezake, 50 urtez luzatu zen ziklo politikoan elementu ugari baitaude analisirako eta hausnarketarako. Hala ere, egungo ikuspuntutik, eta aurrera jo nahi duen begirada iraultzaile batekin, gaurkoan azterketa momentu zehatz baten kokatu nahiko genuke. Alegia, ENAM estrategikoki agortu zeneko momentua eta bere burua berrasmatzeko gaitasunik gabe, desintegraziorako bidea hartu zuenekoa. Gure lehenengo testuan adierazi bezala, argi ikusten dugu ENAMen porrotaren ondotik (mende aldaketarekin) sektore sozialdemokratak kontrol politikoa hartu eta egitura guztiak erreformaren koordenadetan kokatu zituela. Hala ere, hori bezain argia da, erreformismoak abagunea behar bezala probesten baino ez zuela jakin izan; porrot historikoaren gakoa sozialismo abertzale iraultzailearen huts egitean kokatu beharko genuke. Hein handi batean, proiektu iraultzaileak bere helburuak betetzeko gaitasun ezak eragin zuen ENAMen desegitea. Hor kokatu nahi dugu gaurko analisia; ziklo iraultzaile berri baten irekieran begirada jarrita daukagunontzat, funtsezko lana baita aurreko zikloaren agorpena eta porrota eragin zuten gakoak ulertzea eta horietatik irakaspenak ateratzea. Zeintzuk dira, beraz, sozialismo abertzale iraultzailearen huts egiteak? Zeintzuk kolapso estrategikoaren arrazoiak?
Lehenengo eta behin, badaude zenbait kanpo faktore ez dagozkionak ENAMi berari eta ezbairik gabe Euskal Herriko testuinguru sozioekonomiko eta politikoa baldintzatu dutenak. Horien artean azpimarratzekoa da azken 60 urteetan euskal jendartean emandako eraldaketa sozioekonomikoaren sakontasuna. 1973ko mundu mailako krisiak gurean desindustrializazioa eta erreforma neoliberalaren abiapuntua ezarri zuen. 90. hamarkadarako, ziklo ekonomiko berriak euskal jendartearen klase konposizioa goitik behera eraldatua zuen. Ondorengo testuetan aztertuko dugun bezala, lana eta kapitalaren arteko kontraesanak bertan zirauen (eta oraindik badirau), baina langile klasearen baldintza material eta subjektiboak erabat antzaldatuak ziren. Ondorioz, ENAMen hastapenetan borroka iraultzailearen abangoardia hartu zuen proletargo industriala gero eta proportzio txikiagoan agertzen zen euskal jendartean.
Era berean, Espainian erregimen aldaketa finkatuz zihoan; diktadura militarretik demokrazia liberalera, erregimen espainola bozka bidez zilegiztatu zen inolako hausturarik gabe. Europar Batasunean sartzearekin batera, barne kohesioa eta zilegiztatzea areagotu zen. Gurean, autonomismoa gero eta errotze maila altuagoa lortuz joan zen. Estatu espainolaren baitan ez zen posible estatu independiente bat, baina bai estatu egiturak garatzen joatea. Euskal burgesiak EAJren eskutik ekin zion eraikuntza horri; beste behin, Madrilgo botere zentralarekin aliantzan, eraikuntza horren helburu nagusia Euskal Herriaren asimilazioa izan zen espainiar marko autonomistan. Horrela, urteak aurrera egin ahala, estatu egitura eta marko administratibo inposatu horiekiko atxikimendua areagotuz joan zen euskaldun askorentzako; bageneukan “gure gobernua” (Eusko Jaurlaritza), “gure polizia” (Ertzaintza) edota “gure komunikabideak” (EITB). Honek guztiak saihestu ezin dugun transformazio politiko-kulturala abiatu zuen euskal jendartean, mugimendu iraultzailearentzako ondorio larriak izango zituena. Behinola hedatua egon zen langile kontzientziaren gainean, kontzientzia hiritar metropolitarra gailenduz joan zen; pentsamendu eta ideologia burgesa gero eta hedatuagoak ziren gure herri, auzo eta hirietan. Ongizatearen Estatuak ere zeresan handia izan zuen langile klasearen subjektibitatea baldintzatzeko orduan. Horrela, erresistentziaren kultura batetik, bizikidetza faltsuaren kultura batera igaro zen euskal jendartea; ebatzi gabeko gatazka sozial eta nazionalaren gibelean eraiki nahi izan den bizikidetza faltsua, hain zuzen ere.
Errepresioa izan da ENAM baldintzatu duen beste kanpo faktore bat. “Trantsizioak” trantsizio, Estatu espainolaren jardun errepresiboa bere horretan mantendu zen. Hala ere, urteak aurrera egin ahala, jazarpen polizialak zehatzagoa, kirurjikoagoa, izaten ikasi zuen; euskal jendartea bere osotasunean eta zuzenean kolpatu gabe, ENAMeko elementu eta egiturak astintzean zentratu zen: operazio polizialak noiznahi, koadroen atxiloketak, antolakundeen kolpatzeak, tortura basatiak, kale mobilizazioen baldintzatzea... Baskongadetan Ertzaintza eta EAJ premiazko kolaboratzaileak bilakatu ziren egiteko horretan; Ipar Euskal Herrian, berriz, estatu frantsesarekin gero eta koordinazio polizial estuagoa zegoen. Honi guztiari Europa mailan martxan jarri zen euroagindu sistema eta Dorre Bikien atentatuaz geroztik “terrorismoaren globalaren” aurka abiatutako borroka gehitzen badiogu, gero eta zailagoa bilakatu zen jardun iraultzailea baldintza egokietan aurrera eramatea.
Azkenik, eszenatoki internazionalean gertatutako aldaketak aipatu behar ditugu. SESBren erorketarekin neoliberalismoak mundu mailako dimentsioa hartu zuen, globalizazioari ateak irekiz. Klase borroka historikoki agortuta zegoela zirudien eta mugimendu sozialista eta iraultzaile gehienak ideologikoki noraezean geratu ziren. Bitartean, akademia unibertsitarioetan, pentsamendu postmodernoa oinarri hartuz, proposamen ideologiko berriak garatuz zihoazen paisaia “ezkertiar” edo progresistaren baitan. Onartu behar dugu zenbait aportazio interesgarri egin zirela korronte horretatik: besteak beste, genero ikuspegia aberastu eta erdigunera ekarri, edota botere harremanen ulerkerari buruzko ekarpenak. Hala ere, mugimendu iraultzaileen testuinguruan, oro har, txikizio ideologikoa eragin zuen postmodernitateak. Alegia, ideologia burges eta liberalak ondo baino hobeto erabili zituen iturri postmodernoak ikuspegi iraultzailea partzializatzeko eta disgregatzeko.
Honen guztiaren aurrean, XXI. mende hasierarako, ezbairik gabe, estrategia iraultzailea birpentsatu eta berreraikitzeko beharra zegoen. Argi dago ez zela horrelakorik gertatu; beste mugimendu iraultzaile askotan bezala, gurean ere (agian zertxobait beranduago), erreformismorako bidea hartu zen, sozialdemokraziak eta instituzionalismoak gidatuta. Egia da testuingurua errotik aldatuta zegoela eta erreformismoak bere kartak ondo jokatu zituela. Baina baldintza berrien aurrean erantzun iraultzaile bat emateko ezgaitasuna iraultzaileon ardura baino ez da. Gure ustez, ordurako ENAMen barruan urteetan zehar metatuz joan ziren akats eta gabeziek, ezinezkoa egin zuten zegokion momentuan egoerari buelta ematea. Iraultzaileon betebeharra zen gabezi horiek antzematea eta zuzentzea, baina arrazoi ezberdinengatik ez zen horrela gertatu. Horregatik, ondoren zerrendatzen ditugun akats eta gabeziak, eraso baino, autokritika bezala plazaratzen ditugu. Edozein mugimendu iraultzailetan beti azaleratuko diren tendentziak dira, eta beraz, etorkizunera begira, kontuan hartu beharko ditugu iraganeko hanka-sartze berdinak ez egiteko:
• Formakuntza. Formakuntzari ez zitzaion behar besteko garrantzirik eman eta gero eta gehiago funtzio sekundarioa betez joan zen. Intelektualismotik haratago ulertu behar da formakuntzaren garrantzi zentrala; errelitatea era kritikoan ulertzeko eta bertan norabide iraultzailean eragiteko ezinbestekoa da koadro berrien oinarrizko formakuntza, zein dagoeneko mugimenduan daudenen sakontze formakuntza. Oinarrizko formakuntzan orokortzen hasi ziren gabeziek akritikotasuna, egiturekiko konfiantza itsua eta korporatibismoa elikatu zituen. Ondorioz, mugimendua gako iraultzaileetan berrasmatzerako orduan edota erreformismoari aurre egiterako momentuan, ezintasuna eta pasibotasuna nagusitu ziren.
• Etika iraultzailea. Iraultzaileak ez du bakarrik pentsatu eta esan behar; egin ere, egin behar du. Eta gehiegitan, egite horrek ez du bat egin izan pentsatutako balio iraultzaileekin. Argi dago, testuinguruaren arabera, militante iraultzaileak kontraesanarekin bizitzen ikasi behar duela, baina era berean, borrokatzen duen jendarte berriaren islada garbiena izan behar da. Etorkizuneko momentu hori, jabetza pribaturik eta dominaziorik gabeko bizitza askea, bere baitan eta mugimenduaren baitan materializatzeko etengabeko ahaleginean aritu behar da koadro iraultzailea. Konpromiso eta etika militantearen aferak garrantzia izan du ENAMen barruan, baina arrazoi ezberdinengatik ez zaio dagokion zentralitatea eskaini. Horren adibide izan dira militanteen artean erreproduzitu diren jarrera oldarkor, patriarkal, indibidualista, kontsumistak... Zentzu askotan, mugimendua bera jendarte patriarkal eta kapitalistaren islada hutsa baino ez zen.
• Klase ikuspegia. Urteak aurrera egin ahala, klase ikuspegiaren garrantzia alboratuz joan zen eta aztergai sektoriala izatera pasatu zen. Pentsamendu burges eta liberalarekiko txerto eraginkorrena da klase ikuspegia analisien erdigunean mantentzea; baita norabide iraultzailea beti zapalduen mesedetara mantenduko denaren bermea ere. Dominazioaren erroak ulertu eta gainditzeko gakoa. Horrez gain, hamarkadetako borroka prozesuaren irakaspenetatik eta euskal historia eta kultura abiapuntutzat hartuta, ez zen euskal iraultza sozialistarako teoria orokor eta bateratu bat bultzatu. Euskal Herrian eman beharreko klase borrokaren diseinu estrategikoa ere ez zen gauzatu. Batasun estrategiko eta organizatiboa hautsiz joan zen eta hau guztia, gabezia estruktural bezala metatuz joan zen mugimenduaren baitan.
• Antolakunde sozialista-iraultzaileen ahuldadea. Aurrekoarekin lotua, ENAMen baitan ezkerreko sentsibilitate ezberdinak elkarbizi izan dira, hasi tendentzia libertarioetatik eta sozialdemokratetara, komunismo edota sozialismo abertzaletik pasatuta. Bai errepresioaren eraginez, eta baita aldaketa sozial eta ekonomiko sakonagoen ondorioz, ezker abertzalearen baitan posizio, teoria eta antolakuntza sozialista-iraultzailea pisua galtzen joan zen, erreformismoaren magalean kokatutako paradigma, militante zein antolakundeak indartzen joatearekin batera.
• Burokratizazioa. Zuzendaritza politikoa, liberatuaren figurarekin batera, burokratizatuz joan zen. Berez, liberatuaren figura ezinbestekoa da edozein prozesu iraultzaileetan; gurean ere horrela izan da, eta urteetan zehar konpromiso maila altuena eta bizi baldintza gogorrenak liberatuen gain jausi dira. Hala ere, urteekin (eta batez ere estrategia aldaketatik aurrera) izaera hori higatuz joan zen; betebehar iraultzaile gorena suposatzetik, soldatapeko kargu politiko soil bat izatera pasatu da. Era berean, transparentzia faltak korporatibismoa bultzatu zuen, informazio faltak eztabaida oztopatzen baitzuen. Nazional mailako dinamikek maila lokaleekiko lehentasuna hartu zuten eta ENAMen zenbait eremutan bereizgarri izan zen malgutasun organizatiboa murriztuz joan zen. Dirigismo eta personalismoentzako baldintzak orokortuz zihoazen, erabakiak gero eta gehiago oinarri sozialaren gainetik hartzeko baldintzak, alegia.
• Euskal burgesiarekin aliantza nazionala. Txiberta, Lizarra-Garazi, azken urteetako indar soberanisten batasuna... ENAMen barruan eman izan den tentsio nagusietako bat izan da hori: euskal burgesiarekin bat egin Euskal Estatu burgesa eraikitzeko, eta gero gerokoak; edo klase independentzian oinarrituta, independentzia eta sozialismoa borrokaz eraiki. Azken hamarkadako gertakariek lehenengoa gailendu dela adierazten digute. Hemen asko esateko badago ere, ondorengo hausnarketa azpimarratu nahiko genuke. EAJk bete behar zuen papera eta erakutsi duen gaitasun politikoa ez zen behar bezala kalibratu. Autonomismoan eroso egon da beti eta ez du inoiz interes errealik izan Euskal Herrian Estatu burgesik sortzeko. Estatu espainolak babesten zituen bere klase interesak eta ematen du horrela izaten jarraituko duela. Horrela, koiuntura bakoitza ahal bezain ondo probesten jakin izan du eta inoiz baino indartsuago dago orain.
• Instituzionalismoa. Parlamentarismo liberalak beti sortzen du ustelkeria eta aburgesamendua. Zapalkuntza ardatzetan beharrezkoa den tentsionamendua ez badoa gatazka eta konfrontazioaz lagunduta, parlamentarismo horrek bere logikan xurgatuko zaitu. Instituzioetan parte hartzeak, instituzioa bera gaindituko duen herri eta langile boterea elikatzera norabidetuta ez badoa, bertan fagotizatuko zaitu. Urteekin, esparru instituzionala ENAMen lehentasuna bilakatuz joan zen eta bestalde, langile eta herri sektoreetan, pedagogiaz eta pazientziaz egin beharreko erradikalizazioa, garrantzia galduz joan zen. Oro har, esan dezakegu, ENAMen historian zehar, borroka instituzionalaren, borroka armatuaren eta herri mugimenduaren arteko desoreka konstante bat izan dela.
• Hiri eremuak. ENAMen erronketako bat euskal jendartean agertzen ziren muga identitarioak gainditzea izan da, eta hiri eremu handietan errotzea. Eta kale egin zuen horretan. Eremu metropolitarretan (Bizkaiko Ezkerraldean, esaterako) batzen da gaur egun euskal herri langilearen gehiengoa eta eremu horietan errotzeko zailtasunak agerikoak izan dira historikoki. Egoera kaxkarrenean dauden populazio geruzak bizi dira eremuotan eta klase batasuna lortze aldera ezinbestekoa da bertako langileak askapen prozesura batzea. Langile ikuspegia estrategiaren erdigunetik aldentzea izan daiteke ezintasun honen arrazoietako bat, ENAMen lehenengo hamarkadetan migranteak askoz ere errezago batzen baitziren askapen borrokara.
Akats, zailtasun eta gabezia hauek guztiak metatuz joan ziren urteak pasa ahala. Baliteke batzuk identifikatu ez izana; beste batzuetan, garaiko militantzia prozesuaren abiadurak edo presio polizialak benetan zailduko zuten gabezia horiei aurre egitea. Gainera, estrategia aldaketa 2008-2013 bitartean gauzatu bazen ere, prozesu luzeago eta konplexuago bezala joan zen gauzatzen. Prozesu hori behar bezala ulertzeko ikerketa sakonago bat behar bada ere, gure ustetan, 90. hamarkadan kokatzen ditugu korapiloaren gakoak: HASIren desagerpena eta horrek utzitako hutsunea; 92. urtetik aurrera emandako aldaketak eta KASen rekonfigurazioa; nazio eraikuntzaren estrategiaren despliegea eta bitartean ematen zen elite politikoen arteko negoziazioa (PNV-Ezker Abertzalea); Lizarra-Garaziren osteko dinamikak... Hamarkada horretan gertatutako mugimendu eta gertakariak ikertzea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Edozein modutara ere, gure ustez, 2008rako ENAMen existentziari eusten ziona borroka armatuaren existentzia bera zen. Formalki mugimendu iraultzaile bezala egituratua zegoenak ordurako ez zuen estrategia ezta jardun politiko iraultzailerik. Horrela, borroka armatua desagertzerakoan, kohesio faktore nagusia desagertu zen. Desartikulazio prozesuan, borroka armatuak eta honen ondorioek hartu zuten zentralitatea, eta horrek, errealki erdigune izan beharko lukeen aferatik distraitu gintuen; herri honen askatasuna bermatuko zuen estrategia iraultzailea birpentsatzetik alegia. Agerikoa da egungo baldintzetan borroka armatua berrartzeak ez daukala inolako zentzurik, baina hortik haratago, zergatik jardun politiko iraultzaileari uko egin? Eta hor dago egun bizi dugun egoera ulertzeko gako nagusia; izan ere, ENAMen desintegrazio prozesuan egitura armatua ez ezik, prozesu iraultzailearen ondorengotza berma zezakeen egitura organizatibo eta teorikoa ere desmantelatu egin baitzen erabat, berririk sortu gabe eta berriak sortzeari ateak itxiz.
Testuinguru horrek eragindako hutsunean, beti existitu izan den erreformismoak hartu zuen kontrola. Sozialdemokraziaren bidetik, eta urteetan zehar metatutako akatsen laguntzarekin, ENAM alderdi politiko normalizatu bat bilakatu zen, joko parlamentario burgesean aritzeko prest. Hortxe kokatu zuen, gainera, jardun politikoaren erdigunea. Mugimenduaren aberastasun organizatiboa baztertu, funtzio iraultzailea bete zezaketen egiturak deuseztatu eta euskal burgesiarekiko hurbilpenerako apustua berretsi zen. Sistemarekiko integrazioa gero eta osatuagoa izanik, euskal herri langileak estatuentzako eta Kapitalarentzako lehen mailako buruhauste izateari utzi zion.
Alabaina, egungo faseak aukera berriak ere zabaltzen dizkigu. Teoria eta praktika iraultzailea goitik behera birpentsatzeko aukera historikoa dugu parez pare, eta gero eta jende gehiago dabil horretan burubelarri. Ez dugu ahaztu behar, ezta ere, egun Euskal Herriak duen potentzial politiko eta organizatiboa, oraindik bizirik dirauen arnas eta taupada iraultzailea, posible dela bakarrik aurreko hamarkadetan herri honen askatasunaren alde borrokatutako milaka militanteei esker. Izan direlako gara, garelako izango dira. Hortaz, iraganak eskaintzen dizkigun irakaspenetatik ikasi eta lanari ekitea besterik ez daukagu. Argi dugu herri honetako askapen integrala bermatuko duen proposamena klase kontzientzia nazional eta feministaren pean gorpuztuko dela. Kontrara, autonomismoak, estatutismoak, bake faltsuak edota kapitalarekin adiskidetuko gaituen beste edozein aukerak, ezingo dituzte inoiz errotik arazoak konpondu, horien funtsa arazoen erroak ezkutatzea baita. Bada, indarrak batu, berrantolatu, estrategia iraultzailea eraiki eta ekin diezaiogun norabide horretan ibiltzeari. Horiek dira egungo fase historikoaren lehentasunak. Guri dagokigunez, egun dominazio sistemak hartzen duen formaren analisian zentratuko gara hurrengo testuan.