Aurreko idatzian historiari buruz daukagun ikuspegi orokorra azaldu bagenuen, gaurkoan guzti horrek Euskal Herrian daukan isla zehatzean jarriko dugu arreta. Luzeera hontako testu batean ezingo dugu gure historiaren kontakizun zehatz eta sakona jaso, eta horregatik, momentu eta gertakari historiko esanguratsuenak azpimarratu baino ez ditugu egingo. Oraindik idazteke dagoen Euskal Herriko klase borrokaren historiak erakusten dituen hutsuneak identifikatu eta horiek betetzeko beharrezkoak diren galderak mahaigaineratzen saiatuko gara.
Hasteko, milaka urte atzera egin beharko dugu eta neolitizazioa bezala ezagutzen den prozesu historikotik abiatu. Mundu osoan zehar, modu independientean eta garai beretsuan, giza komunitateak nekazaritza eta abeltzaintza ezagutza ezberdinak garatu, eta sedentarizatuz joan ziren. Egun Euskal Herria bezala ezagutzen den lurretara Ekialde Hurbiletik heldu zen neolitizazioa duela 7.000-8.000 urte, eta lurralde honetan guztian bizimodua eta egitura sozialak goitik behera aldatu zituen. Lehenengo nekazal komunitate horiek ekonomia naturalean oinarritutako ekoizpen modua zuten: hau da, jabetza komunalean oinarrituz, autokontsumora zuzendutako ekoizpen modua. Komunismo primitiboa bezala ere ezagutu izan da bizimodu kolektibo hori. Iraultza neolitikoari esker, giza historian lehen aldiz ekoizpen soberakina modu sistematiko eta erregularrean sortzeko gai izan ziren komunitateok. Horrek komunitateen tamaina handitzea ahalbidetu zezakeen eta espezializazioaren bitartez lanaren banaketa sozialaren hastapenetan sakondu. Baina era berean, klase sozialen eta zapalkuntzaren historian erabateko garrantzia duten baldintza materialen orokortzea ere ekarri zuen; ekoizpen soberakin sistematikoa egoteak, berau sistematikoki apropiatzeko aukera ere zabaldu zuen. Historian lehen aldiz, langile klasea (soberakina sortzen duena) eta klase dominatzailea (soberakina bereganatzen duena) maila sozialean garatzeko baldintza materialak orokortu ziren, dominazio sistema sozialen garaia irekiz. Alegia, neolitizazioarekin batera, Estatuaren aukera historikoa irekitzen da; miloika pertsonen bizitzaren kontrola pertsona bakar baten edo talde txiki baten esku geratzea posible egiten duen dispositibo soziala.
Horrekin guztiarekin, neolitizazioak bizitza soziala bi modu erabat antagonikoetan antolatzeko aukera zabaltzen duela esan dezakegu: komunitateak/herriak alde batetik, Estatua/Inperioa bestetik. Eta antagonikoak dira, Estatuaren botere metaketa bermatzen duena herri/komunitate horien lana eta bizitza delako, eta hortaz, aurrerantzean etengabeko lehian arituko direlako; Estatu/Inperioa komunitateak azpiratu nahian, komunitate/herriak aske izateko erresistentzian. Gure testuinguruan lehenengo Estatu primitiboak Mesopotamian sortu ziren, eta gurera heltzeko oraindik milaka urte batzuk falta baziren ere, herri/komunitateen eta Estatuaren arteko tentsio dialektikoa, klase borroka bezala ulertuta, historiaren motore bilakatuko da hurrengo milaka urteetan.
Dominazioaren logikan berebiziko garrantzia izango zuen beste gertakari historikoa patriarkatuaren sorrera da, garai beretsuan eman zena. Neolitizazioaren bitartez lanaren banaketa sexualean sakondu ahal izan zen, eta emakumeon funtzio erreproduktibo hutsa indartu. Horrek, halere, ez du esan nahi neolitizazioak ezinbestean patriarkatua ekarri zuenik; badaude nekazal komunitateak parekidetasun maila altua erakusten dutenak, eta Europako lehenengo kultura neolitikoek izaera matrilineala zutela uste da. Garai horretako euskal lurrak testuinguru horretan kokatu beharko genituzke; euskal matriarkatua mito hutsa dela onartzen badugu ere, eredu matrilineala existitzen zela aurreikus dezakegu. Hau da, emakumeek jabetza eta ahaidetasun posizio sozial zentrala zuten (matrilinealtasuna), baina ez zuten gizonak menpean hartuz dominazio sistema propioa (matriarkatua). Litekeena da gurera Europa ekialdetik etorritako herri indoeuroparren eskutik heldu izana egitura sozial erabat patriarkalen lehenengo ordezkariak. Horrela, Brontze Aroaren amaierarako (duela 3.000 urte) euskal lurren inguruan izaera patriarkal eta militarista garbia zuten gizataldeak ziren nagusi, eta horrek, ezinbestean, eragin sakona izan zuen aurretik bertan bizi ziren herriengan. Hor ezar dezakegu euskal patriarkatuaren abiapuntua. Edozein dominazio sistema bezala, patriarkatuaren inposaketa prozesu historiko bezala gauzatu zen; patriarkalizazioa ez zen egun batetik bestera eman, mende eta belaunaldi asko behar izan ziren. Hortaz, hemen beste tentsio bat irekitzen da; emakumeon askatasun nahiaren eta egitura patriarkalen arteko tentsioa. Jatorrizko matrilinealtasunaren aztarnek mendeetan zehar iraungo zuten eta emakumeon erresistentzia momentu ezberdinetan azaleratuz joango da. Hau guztia Euskal Herriko historian arakatu eta azaleratzea izan beharko da gure betebeharra.
Baina patriarkatuaren inplikazioak haratago doaz. Behin familia eredu patriarkala nagusitzen dela, biolentzia patriarkalaz zeharkatutako espazioa bilakatzen da familia. Aurrerantzean, belaunaldiz belaunaldi, sozializaziorako lehenengo esparrua den horretan, emakumeak umiliatu, zapaldu eta bereganatzea modu normalizatuan eman daitekeela ikusi eta ikasiko dute haurrek. Nolabait, jabetza pribatuaren lehenengo adierazpena bilakatzen da emakumeon gaineko apropiazio hori. Ondorioz, haur horien mentalitatean bortxa eta zapalkuntza pertsonen arteko harreman modu posibleetako bat bezala txertatzen da. Behin familiaren mugak gaindituta, mentalitate patriarkal horrek dominaziorako baldintza ezin hobeak eskaini zizkion Estatuaren sorrera eta zabalkunde prozesuari. Lehenengo Estatu horiek ar dominantearen islada soziala bezala egikaritu ziren, eta hala ikus daiteke mendeetan zehar, Estatu eta Inperioen barne logika eta antolaketan. Horregatik, mentalitate patriarkala dominazioa maila sozialean gauzatu ahal izateko beharrezkoa den zutabeetako bat bezala ulertzen dugu. Patriarkatua, gainerako dominazio sistemen erreprodukzio materialerako mekanismo bilakatzeaz gain (emakumeok umeen sortzaile huts bihurtuz), sistema horien erreprodukzio ideologikorako ere ezinbestekoa bihurtzen da.
Euskal Herriari dagokionez, Brontze eta Burdin Aroak aurrera egin ahala, egitura patriarkalen gorakada eta giza taldeen hierarkizazioa gertatzen dira. Lehenengo kasta eta klase buruzagien sorrerarekin batera, jabetza pribatuaren lehenengo zeinuak agertzen dira, jabetza komunalak nagusitasuna mantentzen zuen arren. Era berean, botere metaketa oraindik ahulegia da Estatua bezalako egiturak antolatzeko eta egitura tribalak dira nagusi. Alabaina, Erromatar Inperioaren etorrerarekin, duela 2.000-2.200 urte, joera hauetan aurrerapauso kualitatibo handia gertatu zen eta fase historiko berri bat zabaldu zela esan dezakegu. Lehen aldiz, maila kontinentalean antolatua zegoen dominazio sistema bat heldu zen gurera, lehenengo Estatua. Orduko euskal lurretan ez zen inbasio gerrarik eman, bertako buruzagien kolaborazionismoak akordioen bitartez adostu baitzuen erromatar egituren ezarpena. Bertako oligarkiak indar okupatzaileekin elkarlanean aritzeko gogo eta prestutasuna aurrerantzean joera konstante bezala azaleratuko da euskal lurretan. Horrez gain, erromatarrek lehenengo hiriak sortu zituzten, azpiegitura eta merkatu sistema garatuetan txertatuak. Patriarkatuak eta militarismoak aurrerapauso nabarmenak ezagutu zituzten, emakumeon zapalkuntza areagotuz eta dominazioaren ideologian sakonduz. Erlijio monoteista kristaua ere heldu zen erromatar Inperioaren eskutik, baita euskal lurraldeen lehenengo zatiketa administratiboak ere. Bestalde, erromanizazioa Euskal Herri mediterraneoan gertatu zen modu sakonenean, erromatarrek ager bezala izendatu zuten horretan. Eremu atlantiko eta menditsuan, saltus delakoan, presentzia nabarmena eduki bazuten ere (batez ere kostaldean), erromanizazio prozesua ez zen hain modu sakonean gertatu. Ondorioz, eskualde menditsu horietan, nekazal komunitateek zenbait ezaugarri linguistiko eta kultural propio mantenduz (horien artean, seguraski, jatorrizko matrilinialtasunaren aztarnak), nola edo hala, bizirautea lortu zuten. Goitik behera eraldatuak eta higatuak izan ziren, noski, baina ez ziren erabat desagertu.
Erromatar Inperioaren erorketak Erdi Aroko ateak zabaldu zituen eta trantsizio horretan Bagaudek garrantzi handia izan zuten. Krisi sakon eta terminalean aurkitzen zen erromatar inperioan, klase gatazkak matxinada orokortuaren forma hartu zuen; ihes egindako esklabo eta desertoreak, pobretutako nekazariak, zapaldutako herriak… Inperio guztitik zehar lurjabe handien aurka eta estatu ordezkarien aurka herri altxamenduak zabaldu ziren. Euskal Bagauda sakonago ikertu beharreko garaia izanda ere, gure historian eman zen lehenengo iraultza saiakera bezala ulertzen dugu. 450-636 urteen artean ezegonkortasun eta gerrak izan ziren nagusi eta ondorio esanguratsu bi suertatu ziren. Alde batetik, hirien ahultzea eta kasu batzuetan desintegrazioa gertatu zen, botere egitura estatalen deszentralizazio orokortua ekarriz, eta ondorioz, nekazal komunitate askeen loraldia eraginez. Bestalde, autodefentsarako beharrak euskal tribuen batasuna bultzatu zuen, etnogenesi prozesua azaleratuz eta euskararen biziraupena bermatuz. Lehen aldiz, Kantauriko txoko honetako lurraldeak Basconia bezala izendatu zituzten, frankoek eta bisigodoek eraikitako fortifikazio defentsiboez mugatuak.
Pixkanaka-pixkanaka, nekazal komunitateen gainetik botere feudal berria egituratuz joan zen. Kristautasunak, ordurako Euskal Herriko txoko guztiak hartuak zituenak, prozesu horretan berebiziko garrantzia izan zuen. Patriarkatuaren inplantazio definitiboa ere eman zen kristautasunari esker. Horrela, klase dominante berriek boterearen zentralizaziora jo zuten beste behin, eta monarkia feudalaren baitan antolatzen hasi ziren. Testuinguru honetan kokatu behar dugu nafar erreinuaren sorrera. Askok Eneko Aritza eta nafar erreinua goraipatzen dute behin eta berriro, eta horrek badauka bere garrantzi historikoa Euskal Herriarentzat, baina beste edozein erreinu bezala, hau ere zapalkuntza ezberdinen gainean eraikia izan zen. Zentzu horretan, ikertu beharrekoak ditugu 1357an Faltzesen nekazariek burututako matxinada, Mixa eta Ostibarrekoa 1369an, Milutzekoa 1405ean edota Iruñean, 1386ko abenduan, 22 egunez luzatu zen altxamendua. Gehiegizko zergen eta elite ekonomikoen kontra burutzen ziren altxamenduok eta nafar agintariek bortizki erreprimitu zituzten. Idealismotik haratago aztertzen badugu, “gure” erreinua, garaiko monarkia feudal bat izan zitekeena baino ez zen; hierarkizatutako jendarte estamentala, boterea ahalik eta modu zentralizatuenean kudeatzen saiatzen zena. Are gehiago, botere monarkiko hori, errealki herriaren subiranotasuna gordetzen zuten egitura demokratikoak, batzarrea eta komunitatea bera (jatorrizko komunismo primitiboaren ondorengotza zirenak), usurpatzeko lehia bizian aritzen zen. Argi dago gaztelar erreinuaren konkistarekin guzti honek txarrera egin zuela, nafar erreinuan egitura feudalen errotzea ahulagoa baitzen. Baina botere monarkiko ezberdinen arteko lehiak ezin du ukatu nafar erreinuaren baitan oinarrizko klase tentsio bat ere bazegoela; nekazal komunitate askeen eta egitura feudalen artekoa.
Erdi Aroak aurrera egin ahala beste tentsio bat ere metatuz joan zen, burgesia eta botere feudalaren artekoa. Izan ere, XIII. mendetik aurrera ematen diren zenbait gertakariei esker, egun Euskal Herriak hartzen duen forma sozial eta ekonomikoa eratuz doa. Alde batetik, gaztelar erreinuak musulmanen aurka hegoalderantz egiten duen espantsioarekin batera, artile ekoizpenak gora egiten du eta Europara bideratutako esportazioak itsas irteera bat behar du. Euskal kostaldean kokatuko da nagusiki irteera hori. Bestalde, burdingintzarako teknologia hidraulikoaren garapenarekin, kantauri isurialdeko bailarek posizio pribilegiatua hartuko dute burdinaren ekoizpenean; erreka eta ibai emaritsuak nonahi, ikatza egiteko baso ugariak eta kalitate handiko burdin mehak. Bailara horietan zehar burdinolak ugarituz joango dira, metalgintza protoindustria garatuz. Horrez gain, itsas merkataritzaren hazkundearekin, sagardogintzak eta ontzigintzak gora egiten dute; Bizkaia eta Gipuzkoan zehar hiribildu ugari ere garai honetatik aurrera sortzen dira. Honen guztiaren ondorioz, jarduera ekonomikoa, eta beraz, botere metaketa, isurialde atlantikora trasladatuz joan zen. Eta noski, hiri hasiberri horien baitan protoburgesiak gero eta influentzia handiagoa lortuko du. Gogoratu behar dugu ordurako gaztelar erreinuaren kontrolpean zeudela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta gaztelar erregeak sortu zituela hiribildu gehienak. Horrek, aurrerantzean garrantzi handia izango duten bi ondorio eragin zituen: alde batetik, Baskongadak eta Nafarroaren arteko eszisioa sakondu eta finkatuz joan zen. Bestetik, hiribilduen bitartez Gaztelako erregeak lehenengo burges horiei eskubide eta pribilegio ugari eskaintzen zizkien, bertako nobleziak kontrolatzen zituen eremuetatik at geratzen baitziren hiribilduak. Honekin, ondorengo mendeetan berebiziko garrantzia izango duen aliantza baten oinarriak ezartzen dira; euskal oligarkia (bereziki baskongadoa) eta Madrilen arteko aliantza. Aurrerantzean, euskal oligarkia hori (gero eta burgesagoa) berebizikoa izango da bai erreforma liberalak bultzeko orduan, zein Espainiar Estatu-Merkatuarekiko integrazioan eta asimilazioan interlokutore gisa. Oro har, espainiar eraketa eta hedapen inperialistan izango zuen parte hartzea azpimarratzekoa izango da.
XVI. mende hasieran, gaztelar inbasioaren azken fasearekin, nafar erreinuaren erabateko desintegrazio eta asimilazioa hasten da. Euskal Herriko ipar eta hegoaldearen arteko banaketa adminsitratiboa betikotzen du honek; nafar erreinuak Pirinioen iparraldean mende batez gehiago iraungo badu ere, XVII. mende hasieran erreinuaren azken zatia behin betiko desintegratzen da Frantziaren baitan. Egungo Frantziar eta Espainiar estatuen mugak inposatzen zaizkigu eta bi potentzia horien izaera inperialista modernoa konfiguratuz hasten da. Hego Euskal Herriari dagokionez, Amerikako konkistak eta Espainiar inperioaren hedapenak, Erdi Aro amaieran abiarazitako tendentzia merkantilista izugarri indartu zuen. Testuinguru horretan, Espainiak merkatu kohesio, homogeneizazio kultural eta zentralizazio politikorantz jo behar du. Garai honetan ere, martxan jartzen da inkisizioa ere, nekazal komunitate askeen kontrako errepresio fase berria. Bereziki emakumeon aurkako sorgin ehiza bezala burutu zen, mendeetako inposaketa patriarkalaren ostean oraindik bizirauten zuten askatasun eta autonomia aztarnak ezabatzeko helburuarekin. Emakumeon gorputza eta lanaren gaineko apropiazioan salto kualitatibo bat suposatu zuen inkisizioak eta hurrengo mendeetan orokortuko zen akumulazio kapitalistarako oinarrizko baldintzak ezarri zituen. Bestalde, nekazal komunitateetan garai berriak beste zentzu baten ere eragina izan zuen: batez ere kantauri isurialdean, burdingintza eta sagardogintzaren bitartez pixkanaka-pixkanaka merkantilizatuz joan ziren komunitateok. Irabazitako gaitasun ekonomikoak harrizko etxeak eraikitzea ahalbidetu zieten, eta horrekin, Euskal Herriko paisaian baserriak agertu ziren lehen aldiz. Paradoxikoa dirudien arren, egun erabat idealizatuta ditugun harrizko baserri horiek jendarte nekazariaren desintegrazio fasea abiarazten dute. Oraindik mende batzuetan zehar ekonomia naturalean oinarrituta iraungo dute komunitateok, autosufizientziazko ekoizpenean zentratuta eta jabetza komunala ardatz izanda, baina egitura horiek higatzeko tendentzia dagoeneko geldiezina izango da.
XVIII. mende hasierarako Espainiar inperioa gainbeheran sartzen da eta horrek krisi sakona eragiten du Hego Euskal Herrian eraiki den ehun ekonomikoan, orduko klase kontraesanak areagotuz. Horrez gain, burgesia botere ekonomiko eta politiko handiagoa eskuratuz joan da eta kapital metaketa erraztuko duten erreforma liberalen alde bultzatuko du etengabe. Horrek nekazal eremuetako botere feudalaren kontra egiten du, baina baita egitura feudal horien baitan biziraun ahal izan duten nekazal komunitateen kontra, baserritar jendartearen kontra ere. Honi guztiari, euskal lurraldeen berezitasun forala kolokan jartzen duen Espainiar Erreinuaren homogeneizazio eta zentralizazio prozesuaren azkartzea gehitu behar diogu. Konbinazio honek Matxinaden garaia zabaltzen du, langile klase aurreindustrialak piztutako herri altxamenduen garaia. Batez ere baserritarrez osatuta zeuden matxinoak, baina olagizonek ere zeresan handia izan zuten (matxinada izena San Martinetik dator, olagizonen santua). Orduko kronika batzuetan emakumeon papera azpimarratzen da parte hartzaile eta antolatzaileen artean eta hortaz, ikertu beharko genuke zenbateraino nekazal komunitate horiek emakumeen eskubide eta askatasunentzako gordeleku izan ziren. Normalean nekazal eremuetatik hirietara abiatzen ziren matxinoak eta komertziante, burges eta elite politiko-ekonomikoaren kontra egiten zuten. Matxinada garrantzitsuenak 1718koa eta 1766koa izan ziren, foruen aurka aduanak mugitzeagatik (Bizkaian batez ere) eta zerealen espekulazioagatik (Gipuzkoan), hurrenez hurren. Aipatzekoak dira baita ere, 1631koa Bizkaian foruen kontra inposatutako gatzaren gaineko zergagatik; 1739koa Azpeitian ogiaren prezioagatik; edota 1804an Bizkaian Zamakolada bezala ezagutu zena, derrizgorrezko soldaduzkaren kontrakoa. Iparraldean ere garai honetan antzerako tentsioak bizi ziren eta 1661. urtean Matalas apaizak gidatutako matxinada goraipatzekoa da. Frantziako erregeak Zuberoako forua indargabetu eta herri-lurrak noblezia kolaborazionistari eman ondoren, milaka nekazariz osatutako ejerzito iraultzailea antolatu zuen Matalasek. Lurrak espropiatu eta nekazarien artean banatu, Zuberoako askatasuna aldarrikatu, burges eta nobleen etxeak erre eta Mauleko gaztelua setiatu zuten. Bordeletik ejerzitoa eta mertzenarioak etorri behar izan ziren matxinoak zapaltzeko.
XIX. mendean burgesia, baserritar jendartea, jaun feudalak eta Espainiar interes zentralisten arteko tentsioak goia jo zuen eta matxinaden kulminazioa bezala ulertu dezakegun Gerra Zibila piztu zen; Karlistadak (1833-1876). Euskal burgesia eta Espainiar liberalak gailendu ziren eta porrotak aldaketa larriak izan zituen; egitura politiko aurremodernoa desartikulatzen da, foruak barne, eta Estatu burges espainola behin betiko inposatzen zaigu. Baskongadak eta Nafarroaren arteko haustura ere betikotzen da. Mitologia autonomistan, 1878an sinatu zen Kontzertu Ekonomikoa, “euskal berezitasunaren” onarpena bezala saldu izan da. Aitzitik, euskal oligarkiak, dagoeneko erabat burgesa, interes propiorako bultzatu zuen akordio zikina baino ez zen izan hura. Irekitzear zegoen kapitalismoaren fase industrialean ahalik eta posizio errentagarriena lortzeko helburuarekin sinatu zuten. Gainera, okupazio ejerzito atzerritar baten mehatxupean, Espainiarekiko asimilazio eta integrazio prozesua erraztu bakarrik egin zezakeen horrelako akordio batek. Ondorengo hamarkadetan, kapitalismoak gure lurretan hartuko duen izaera militarizatua agerian geratzeko ere balio izan zuen.
Horrez gain, garai horretan ematen diren desamortizazioen bitartez, jabetza pribatuak bereganatu zitzakeen azken eremuak irensten ditu, basoak eta mendiak. Nekazal komunitateei lanaren apropiazioa gero eta gehiago merkatu mekanismoen bitartez inposatzen zaie; zergen eta errenten ordainketa, esaterako, monetarizatzen dira, eta ondorioz, diruaren beharra handitu egiten da herri xehearen artean. Merkantilizazioak eta proletarizazioak gora egingo du baserritar jendartean; lan indarra merkantzia hutsa bilakatzeko azken pausoak ematen dabil. Horrekin, dominazio kapitalistarako oinarriak ezarriak dira.
Bestalde, karlistadetako porrot horrek euskal hizkuntzan eta baserritar bizimoduan kolpe handia suposatu zuen; ondotik eman zen erreakzioak euskal abertzaletasunaren pizkundea ekarri zuen. Modernitate kapitalistak zekarren korrupzio material eta batez ere espiritualaren aurrean nekazal komunitateek irudikatzen zuten bizitza askea goraipatzen hasi zen. Arrazazko eta odolezko arrazoi esentzialistak eman izan baziren ere, erromantikoki irudikatzen zen bizitza aske hori komunismo primitiboaren aztarna baino ez zen, nekazal komunitate askeen erresistentzia historikoaren emaitza zena. Egia esan, XIX. menderako, behinola aske izandako bizitzaren hondarrak baino ez zituzten ikusten, historikoki jasandako zapalkuntza ezberdinek komunitate horiek zeharkatzen baitzituzten. Horrekin lotuta, euskal abertzaletasunak foruen abolizioan topatu zuen beste inspirazio iturri nagusietako bat. Hemen ere, eta ordurako desitxuratuak bazeuden ere, nekazal komunitateen askatasun eta eskubideak barnebiltzen zituzten lege zaharrei buruz ari gara, mendeetan zehar borrokatuak izan zirenak botere metaketa zentralizatzailearen kontra. Erresistentzia horretan ez ginen bakarrak izan eta Estatu Espainiarraren eraketa prozesuan ugariak izan ziren foruen abolizioak edota nekazal komunitateen aurka hartutako neurri zentralizatzaileek eragindako matxinadak (Gaztelan, Aragoian, Herrialde Katalanetan...). Matxinada horietako bakoitzean aberriaren taupadak soma zitezkeen; zapaldutakoen askatasun nahia, nekazal komunitateek oinarrizko egitura demokratikoen eta bizitza komunalaren alde piztutako erresistentzia bizia. Asko Estatuak arinegi hartu zituen mendean, asimilazioa muturreraino eramanez, bai materialki zein ideologikoki. Euskaldunon kasuan, ezberdindu gintuena erresistentzia hori luzaroagoan mantentzeko gaitasuna izan zen; alegia, klase borroka historikoan indar korrelazio hobe bat mantentzeko gaitasuna. XIX. mende amaiera arte iraun zuen, modernitateak ekarritako korronte ideologiko berriekin bat egin arte.
Horrekin lotuta, euskal abertzaletasunak baserritar jendarte euskaldunean arreta jarri zuen, baina komunismo primitiboaren hondarrak Euskal Herriko beste eremu batzuetan oraindik ere nabarmenak ziren. Batez ere mendialdeetan kokatuak zeudenen artean gertatzen zen hori, historikoki botere gune zentralizatuetatik urrun biziraun baitzuten. Beste behin, idealismotik haratago bagoaz ohartuko gara Estatu espainiarrean zein Europako beste hainbat lekutan ere komunismo primitiboaren hondarrak ugariak zirela nekazal jendartean. Leku askotan, nazio inperialisten testuinguruan eta sortzear zegoen mugimendu ezkertiarraren itsukeria desarrollista eta modernizatzailea zela eta, modernitatearekiko ezinegon eta erreakzioa faxismoaren aldera jausi zen. Gurean, zapaldutako herri askorekin gertatu bezala, XX. mendeak aurrera egin ahala norabide iraultzaileagoa hartzeko joera izango zuen.
XIX. mende amaierarako, kapitalismoaren fase industriala abiatzeko oinarri guztiak prest egonik ere, Euskal Herria oraindik nekazal herria zen. Langile klasearen gehiengoa, desintegrazio fase aurreratuan bada ere, baserritar komunitateek osatzen zuten. Hala ere, industrializazioa martxan da, Bilboko itsasadarretik hasita, eta horrek klase sozial berri baten agerpena eragingo du, proletalgo industriala. Baserri inguru euskaldun zein erdaldunetatik jaurtiak, desjabetutako milaka eta milaka langile hiri eta fabriketan elkartzen dira kapitalismoaren eskutik. Klase tentsio berriak eragiten ditu horrek eta hortaz klase kontzientzia garatzeko ere baldintza berriak. Emakumeon egoerari dagokionez, lan indarraren erreprodukzioa bermatzeko eredu patriarkala bereganatzen du kapitalismoak bere fase industrialean. Horrela, baserritar komunitateetan oraindik diluituta egon zitekeen erreprodukzio-produkzioaren arteko banaketa, orain, gizonak jasotzen duen soldataren bitartez erabat eszinditzen da, emakumeen egoera are baldintza kaxkarragoetara eramanez. Familia nukleoetan diru iturri nagusia gizonek jasotzen dute, eremu pribatu eta publikoaren banaketa eta esanahitze sozialean sakonduz. Dominazio patriarkala areagotzen du horrek. Honekin guztiarekin, 1890. urteko maiatzean proletalgoak zuzendutako lehenengo greba orokorra aurrera eramaten dute Bizkaiko mehatzariek. Oraindik hamarkada batzuk falta dira langile klase industriala euskal gizartearen gehiengo bilakatzeko, baina maila sozialean eta kontzienteki norabide iraultzaile baten antolatu daitekeen klase sozial berria martxan da. Sozialismoaren hastapenetan gaude, aurrerantzean abertzaletasunak norabide iraultzailea hartu zezan guztiz ezinbestekoa. Iparraldeari dagokionez, egoera oso bestelakoa da; industrializaziorik gabe barne garapenik ez da ematen. Nekazal komunitate aurrekapitalistak deseginez doaz, baina ez da sortzen testuinguru erabat kapitalistan klase kontzientzia garatzeko baldintzarik. Gazteak Ameriketara zein Parisera emigratuz doaz, edo masiboki gerran erabiliak dira (I. Mundu Gerra), eta horrek haustura sakona eragiten du. Gainera, 1789ko Iraultza Burgesaz geroztiz eraiki den Estatu Frantsez zentral eta jakobinoak zilegitasun maila handia lortu du. Testuinguru horretan, gazteriarik gabe pentsamendu atzerakoia nagusitzeko aukerak areagotzen dira eta eraldaketa sozialierako baldintzak kaskartu.
XX. mendeak antzerako dinamikekin jarraitu zuen; industrializazioak aurrera eginez eta nekazal komunitateak gero eta krisi sakonagoan. 36ko altxamendu faxistak eta ondorengo gerrak euskal abertzaletasunean eragindako kolpe latzaz gain, tendentzia horietan eten bat suposatu zuen. Gerraosteak garapen kapitalistan eta merkatu dinamiketan eragindako atzerapausoak, nekazal komunitateen azken agerraldi historikoa ahalbidetzen du. Ez zuen luzaroan iraungo; 60. hamarkada amaierarako, orokortzen hasia zen garapen kapitalista-industrialaren azpian erabat birrinduta geratuko ziren. Eta horrekin, Euskal Herrian gaur arte errealki existitu den komunismo forma bakarra agortutzat eman dezakegu. Ordurako goitik behera higatua bazegoen ere (patriarkatua, fundamentalismo kristaua, dominazio feudalaren orbanak, kapitalismoaren lehenengo faseen urratuak), oraindik bizitza askearen zenbait ezaugarri mantentzen zituen; komunitatea, ekonomia naturala, auzolana, elkarrekin harremantzeko logika kolektiboak, eskualde batzuetan herri-lur komunalak eta oinarrizko egitura demokratiko-komunalak (kontzejoak, batzarrea)… Desitxuratua bada ere, iraultza neolitikotik zetorren jarraikortasun haria betirako eten zen. Horrekin, hiria (Estatua) eta nekazal gunearen (komunitatea) arteko dikotomia historikoa behin betiko hautsi egiten da eta metropoliak (Estatu-Kapitala) biak azpiratzen ditu bere baitan. Patriarkatua oinarri nagusi bilakatuta, kapitalaren logikak Euskal Herria bere osotasunean hartzen du.
Euskal Herriko historian momentu erabat erabakiorra izan zen hura. Baserritar jendartearen behin betiko desintegrazioa orduko gazte belaunaldientzako erabat traumatikoa izan zen. Trauma horrek, Frankoren diktadurapean sortutako baldintzetan, proletalgo industrial berriak azaleratu zituen potentzialitate iraultzaileekin bat egin zuen. Nazio kontzientziak alde batetik, eta langile kontzientziak bestetik, Espainia bezalako estatu zapaltzaile baten, konbinazio leherkorra sortu zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Fase historiko berri baten atarian ginen.