Aurreko testuan esan bezala, Independentzia Sozialistak bakarrik ziurtatu dezake herri honek momenturen baten askatasun erreal eta osoa erdietsiko duela. Epe luzerako apustua da, apustu estrategiko iraultzailea; ez da bihar emango eta ez da bide erreza izango. Komunen sistema bera abiaraztea ere ez da lan makala izango; ez da modu espontaneoan agertuko den prozesu bat izango. Horregatik, badaude orain eta hemen prozesua piztu dezaketen epe motzeko zenbait helburu:
- Antolakuntza iraultzailea. Antolakuntza iraultzaileak bakarrik ziurtatu dezake prozesu iraultzaile batek beharrezkoa duen konpromiso, diziplina, sakontasun eta jarraikortasun maila mahai joko politikoan jarriko dela. Era berean, jakitun gara gaur egun, Euskal Herrian, mugimendu iraultzailea ulertzeko modu ezberdinak daudela, eta hauen arteko elkarlana ahalbideratu behar da antolakuntza iraultzaileak duen potentziala askatzeko. Gainera, horien baitan bakarrik posible izango da ikuspegi ideologiko-estrategikoaren zorroztea, egia iraultzailearen sakontzea edota militanteon formakuntza integrala (etika iraultzailearen inplementazioa barnebiltzen duena, alegia). Aldi berean, ematen dugun aurrerapausu orok dimentsio politikoa izango duenaren bermea da antolakuntza iraultzailea; adierazpen ekonomiko edo produktibo soilean geratuko ez direnaren bermea eta haustura politiko bezala barnean daraman potentzialitate guztia askatuko dela ziurtatuko duena.
- Despatriarkalizazioa. Hauspoa zikloan zehar behin eta berriro ikusi dugu patriarkatuak Dominazioaren Sisteman betetzen duen papera: gaur egun arte behintzat, dominazio forma ororen oinarrian egon den egiturazko baldintza izan da patriarkatua. Horregatik, ezin da askatasunerako biderik abiarazi ere egin, ez bada despatriarkalizazioa erdigunean eta lehentasun atzeraezin bezala jartzen. Horretarako, herri langilearen edozein espresio antolatuk (mugimendu iraultzaileari dagokionean batez ere) egitura autonomo ez mixtoak eduki beharko lituzke fase historiko honetan. Bakarrik horrela posible izango zaigu zapalkuntza patriarkalari lotutako kodeak irakurri, berauek gainditzeko tresnak sortu eta horrela, prozesu iraultzailea benetan feminista eta askatzailea izango dela ziurtatzea.
- Borrokaren jarraikortasuna. Ziklo politiko bat agortu egin dela eta berau berreskuratzeko aukera nostalgikorik ez dagoela argi dugu. Hala ere, horrek ez du esan nahi azken 60 urtetan gertatutakoa besterik gabe historiaren zakarrontzira bidali behar dugunik; ezin dugu umea ur zikinarekin batera bota. Izan ere, Eukal Nazio Askapenerako Mugimenduak izandako bertuteak, bere baitan emandako akatsak baino ugariago eta esanguratsuagoak dira. Horregatik borrokaren jarraikortasuna berandu baino lehen martxan jarri beharreko lanketa da. Borroka komunitatea berreraiki, belaunaldi zaharrak gazteekin lotura izan dezatela bermatu eta, oro har, aurreko ziklo politikoan metatutako kapital eta ezagutza politikoa gaurkotu.
- Lana-erreprodukzioa-produkzioa. Dominazioari eskaini genion hausnarketan ikusi bezala, lana-ekoizpenaren kateak giza existentziaren osotasuna hartzen du bere baitan. Lan erreproduktibotik hasita, gainbalioaren ekoizpenera arte, errealitate soziala fluxu bakar bat bezala gauzatzen da, prozesu sozial orokor bezala. Ume bat jaiotzen denetik, bere gorputza eta pentsamendua agortuz joan ahala zahartzaro duin bat bermatuko dioten zaintzak ziurtatu arte. Jango duen janaria, jantziko duen arropa, ikasiko dituen ezagutzak eta mundua ulertzeko kategoriak, entzungo duen musika, lan sozial orokorraren katean txertatuko duen bere lan indar propioa, gaixotzean sendatuko duten eskuak eta osasungintza jakintzak. Hori guztia pertsonon lanari esker bakarrik da posible, eta lan hori, bakarrik eskura ditugun bitarteko produktibo eta erreproduktiboei esker. Bada, egungo Dominazioaren Sisteman lana-ekoizpenaren kate horren konfigurazioa kapitalaren lege eta kategoriei erantzuten die. Patriarkatuaren kategoriei erantzuten dien bezala.
Beraz, berandu baino lehen bizitzaren ekoizpena eta birsortzea posible egiten duten bitartekoen gaineko kontrola berreskuratzeari ekin behar diogu. Hasieran eskala txikian bakarrik izango da posible, bizitza sozial eta politikoaren esparru batzutan. Horrela, etxebizitzaren problematika, lan baldintzena edota elikadurari lotutako elkarlaguntza sare, autodefentsa sare, auzo mailako babes sare, etabarreko adierazpen auto-antolatuak sortu eta indartu behar ditugu. Txikitik handira eta behetik gora, elkarren arteko saretze, konfederazio eta autodefentsa mekanismoak sortzen joango direla bultzatuz. Kontrabotere Sozialistaren eraikuntzari gaurdanik ekin behar diogu, etorkizuneko Komuna Sistemaren hazia erein eta zabaldu.
Prozesu iraultzailea pizteko ezinbesteko baldintza bezala ikusten ditugu aldagai hauek guztiak. Hastapenetatik izaera kualitatibo ezberdina duten bi mugimendu forma uztartzeko gai izango den prozesua, alegia: alde batetik, Dominazio Sistemaren mugen barruan zapalduon egoera erlatiboki hobetuko duten mugimenduak, langile klasearen bizi baldintzak hobetuko dutenak. Eta beste alde batetik, sozializazio forma berriaren edukiak gaurdanik eraikiko dutenak. Ibilbide luzeko aurrerapausu estrategikoekin batera, berehalako hobekuntza eskainiko diguten pausu labur-taktikoen konbinazioa dialektikoa. Ez diogu ezeri itxaron behar bideari ekiteko.
***
Kapitalismoak azken harmarkadetan jasan duen krisi sakon eta larrienean murgilduta gaude. Dominazioaren baitako kontraesanak gora doaz eta iraganean milaka euskaldun borrokara lotzera bultzatu zituzten arrazoiak inoiz baino presenteago ditugu gaur egun. Arazoa da ideiak eta arrazoiak, taktika eta estrategia iraultzailerik gabe, elementu askatzaile baino, frustazio iturri direla. Era berean, taktika eta estrategia horiek ez dira sostengatzen antolakuntzarik ez badago. Horregatik uste dugu soilik antolakuntza eta borrokaren eskutik ireki ahalko dugula ziklo iraultzaile berri bat Euskal Herrian. Iraganeko akatsetatik ikasi, orainera begiratu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoa den ikuspegi berria eraiki.
Badakigu ez direla garai historiko errezak Euskal Herriarentzat. Ziklo baten amaieran eta berriaren nondik norakoak oraindik argitu ezinik gabiltza. Gorago, mugimendu iraultzailea berreraiki eta berrindartzen lagundu dezaketen berehalako zenbait pausu definitu ditugu; baina ageri agerikoa da, prozesu iraultzailea berehala pizteko baldintzak lortzetik urrun gaudela. Beraz, luzera joko duen berregituraketa fase baten gaudela deritzogu, tentuz eta pazientzia iraultzailez jokatu beharreko fasea, alegia. Testuinguru horretan kokatzen dugu Hauspoa zikloaren bitartez argitaratu ditugun testuen zentzua. Fase politiko berriaren nondik norakoak argitzeko aportazio bezala, mugimendu iraultzailearen berrantolaketan lagundu eta berau hauspotzeko.
Helburu hori betea, Hauspoa zikloa ixtea dagokigu, Hauspoa bezala ezagutu dugun espazioari amaiera emanez. Orain arte argitaratutako material guztia sarean egongo da eskuragarri; bertan egongo da eztabaida ideologikoak elikatu eta aberasten jarraitzeko helburuarekin. Era berean, testuok modu irekian eskaintzen dizkiogu Euskal Herriari; Hauspoaren ibilbidea hemen amaitzen den heinean, aurrerantzean oinarri eta printzipio iraultzaileak konpartitzen dituen orok jo dezake testu horien osotasunera edo interesgarri dituen ataletara. Hori da herri honi egiten diogun eskaintza; txoko honetatik piztutako txingarrek, beste batzuekin bat eginez, berandu baino lehen herri honek beharrezkoa duen su iraultzailea piztu dezaten.
Gure aldetik, hasieratik bultzatu gaituen iraultzarako konpromisoa berresten dugu eta herri honen askatasun osoaren alde borrokan jarraituko dugu. Bidean ikusiko dugu elkar.
Askatasuna helburu, iraultza hauspotu.