Ekainaren 7an Iruñean antolatutako prentsa-gosarian Nafarroako herritarrei deialdi berezia egin genien Frantziako Tourraren hirugarren egunean, uztailaren 3an, Bidasoan antolatu dugun ekimen berezian parte hartzeko, bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko.
Izan ere, Bidasoan bi errelato desberdin gurutzatuko dira. Tourreko antolatzaileentzat bertan amaitzen da Espainiako zatia eta Frantziara sartuko da lasterketa. Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan. Oso garrantzitsua da espazio honetan gure koloreak erakustea, Bidasoaren bi aldeetan herri bera bizi garela ikusaraztea.
12:00etan Santiago frontoian geratuko gara eta Santiago zubiraino kalejira egingo dugu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin eta beste hainbat musikarirekin. Nafarroako herritarrei Bidasoako ekimenean parte hartzeko deia egin nahi diegu. Era berean, ekainaren 25ean, igandea, Etxaurin bizikleta martxa egingo dugu.
Uztailaren hasieran aukera ederra izango dugu erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte eskutik helduta lanean jarraituko dugula aldarrikatzeko. Herritarrok berriro ere kalera ilusioz aterako gara, erabakitzeko helburu komun hori elkarrekin zabaltzeko, oihukatzeko eta irribarrea partekatzeko.
Horrez gain, irailaren 9 eta 10ean Espainiako Vueltaren bi etapek Nafarroan eragina izango dute. Izan ere, irailak 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da eta irailaren 10eko etapa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da. Frantziako Tourrean bezala, lehiaketa honek nazioartean duen oihartzuna baliatu nahi dugu Europako txoko honetan erabaki nahi duen 7 lurraldeko herri bat dagoela erakustarazteko. Hori dela eta, bi egun horietan Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak ekimen ezberdinak antolatuko ditugu hori guztia irudikatzeko.
The post Nafarroako herritarrei deialdi berezia egin diegu uztailaren 3an Bidasoan erakusteko zazpi lurraldeko herria garela first appeared on Gure Esku.