Urte berean Euskal Herrikoak ez diren bi froga izan eta izango ditugu gure herrian, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. Oraingoan ere lasterketari berdin erantzungo diogu, txirrindulariak errespetuz animatuz, baina aldi berean geure nortasuna eta ikurrak harro zabalduz eta geure aldarria argi utziz: zazpi lurraldeko herria gara, geure artean ez dugu mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu.
Gaur Iruñean egindako agerraldian Nafarroa Berriz Altxako bozeramaile den Amagoia Susperregik azaldu du askotan euskaldunon ikurrak ez direla errespetatuak, ezinezkoa dela herriaren ohiturak eta kultura askatasunez bizitzea eta ikurrak askatasunez ateratzea. Euskarari buruz ere hitz egin du: “Nafar guztion hizkuntza den eta horrela tratatu beharko litzatekeen hizkuntzak, euskarak, muga artifizialak pairatu eta bigarren mailako tratamendua jasotzen du. Gure identitatearen zati bat ezkutatu nahi da”. Era berean, Irailaren 9ko etapa Larrainetik pasako delarik, bertako pasabidea, egunerokoan itxita daukatena eta lasterketa egunerako soilik zabalduko dutena, egunerokoan zabalik edukitzeko aldarria plazaratu du, “gure herritik libre mugitzeko, gure artean ez baitugu mugarik nahi”.
Irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da eta irailaren 10eko etapa Iruñean hasi eta Lekunberrin izango du bukaera. Hori dela eta, bi egun horietan Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak hainbat ekimen antolatuko ditugu zazpi lurraldez osatutako herri honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Irailaren 9an etapa amaiera inguruan makildun ikurrinen eta Nafarroako ikurren banaketa egingo dugu eta Izaban egun osoan zehar ikur-salmenta eta kale-animazioa egongo da. Irailaren 10ean 12:00ean Iruñeko Sarasate pasealekuan elkartzeko deia egin dugu makildun ikurrinak eta Nafarroako ikurrak banatzeko eta Lekunberrin 12:30ean Ibarberri ikastetxetik kalejira abiatuko da. Ostean, herri-bazkaria eta gero etapara joango gara euskal ikur eta koloreekin. Nafarroako beste herri batzuetan ere deialdiak egingo ditugu, astean zehar jakinarazten joango garenak. Eta Bilbotik igandean Lekunberrira autobusez joateko aukera ere egongo da! Era berean, norbaitek antolakuntzan lagundu nahiko balu (ikurren banaketan, bazkarian, irudiak ateraz…), honako hau da harremanetarako zenbakia: +34 644 07 90 65.
“Euskal Herriak erabaki” ikurrina eta nafar bandera dendan eskura ditzakezue.
Agerraldia amaitzeko Josu Etxaburuk aurreratu du argi geratuko dela hau Euskal Herria dela, Nafarroa zein Xiberua herri honen parte direla eta Euskal Herriak estatus politikoa libre eta demokratikoki lortu arte elkarri eskua emanda lanean jarraituko dutela.
The post Irailaren 9 eta 10ean, Espainiako Vueltan, errepideak euskal ikurrez beteko ditugu! Euskal Herriak erabaki! first appeared on Gure Esku.