2023-03-13 13:26

Gure Eskuk Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko hizlariak mahaiaren bueltan jarriko ditu, “lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan” eta “herritarron aktibazioa Europako olatu subiranista berrian” hizpide; eta azaroaz geroztik abian duen Itsasargia eztabaida herritarraren ondorioen berri emango du, adierazpen politiko bat eginez. Halaber, Euskalgintzak deitutako manifestazioarekin bat egin du Gure Eskuk: “Apirilaren 22an, burujabetzaren alde egiteko bi hitzordu erabakigarri ditugu; batu gaitezen goizean Ficoban eta arratsean Baionan!”.

Gure Eskuk nazioarteko konferentzia bat antolatu du apirilaren 22anFicoban (Irun). Orain 10 urte herri dinamikaren aurkezpenaren lekuko izan zen Ficoba, eta hamarkada baten ostean, bertara itzultzeko gonbitea egin die Josu Etxaburu bozeramaileak gaur goizean euskal herritarrei. Ez du, ordea, nostalgia ariketa bat proposatu: “Orain 10 urte, Ficoban aurkeztu genuen erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Hona itzuli gara gaur, oroitzapen gozoz beterik, baina atzera baino, aurrera begiratzeko gogoz. Europan burujabe izan nahi dugun herriok gure etorkizuna argitzen lagunduko digun itsasargi bat piztuko dugu”.

Itsasargia izan du hizpide ondarrutarrak, izan ere, izen bereko eztabaida herritarra burura eramango du Gure Eskuk apirilaren 22an. Azaroan abiatu zen eztabaida: Zuzendaritza Kontseiluak herri dinamikaren tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzeko proposamen politiko bat jarri zuen mahai-gainean, eta ordutik hona, eztabaida-saio, hitzaldi eta mahai-inguru sorta bat egin eta ekarpenak jaso dituzte. Bi solasaldi gehiago egingo dituzte Ficobara bidean: André Fazi irakasleak “Korsikako prozesu subiranista” izango du mintzagai martxoaren 22an, 19:00etan Gasteizko Europa Jauregian; eta “Erronka globalei, herri erantzunak” emateko ideiak plazaratuko dituzte Miren Azkarate (Sabino Arana Fundazioa), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab), Xabi Anza (Manu Robles Arangiz Fundazioa) eta Irati Elizaldek (Gure Esku) martxoaren 31an, 18:30ean Errenteria-Oreretako Niessen aretoan, Pilar Kaltzadak gidatuta.

Eztabaida prozesuaren ondorioak martxoaren 25ean bozkatuko dituzte bazkideek, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo duten ez-ohiko batzar batean, eta apirilaren 22an, Ficoban emango dute erabakitakoaren berri: eguerdiko 12:00etan adierazpen politiko bat egingo dute. Horrekin batera, bi mahai-inguru egongo dira, bata 10:00etan eta bestea 12:30ean. “Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan” izenpetu dute lehena, eta “Herritarron aktibazioa Europako olatu subiranista berrian” bigarrena, eta Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko “puntako gonbidatuek” parte hartuko dutela adierazi du Etxaburuk. Aurrerago emango dute hizlarien berri. Hala ere, horren zain egon gabe izena emateko (https://izenaeman.gureesku.eus) eskatu die bozeramaileak bertara joateko asmoa duten herritarrei, hitzordua “zinez garrantzitsua” izango baita, eta aforoa, mugatua.

EuskalgintzakBaionan deitutako manifestazioarekin bat

Ficobara dei egitearekin batera, egun berean Euskalgintzak Azterketak Euskaraz! Eta Euskarari Trabarik ez! lelopean deitutako manifestazioarekin bat egin du Gure Eskuk: “Hizkuntza politika libre erabakitzeko muga eta oztopoak baino ez ditugu Euskal Herri luze-zabalean; euskararen aurkako erasoaldi judizial betean gaude, eta atzera ez egiteko era bakarra burujabetzan aurrera egitea da. Sala dezagun bizi dugun egoera, eta exiji diezaiegun gure erakunde publikoei ausardiaz eta burujabe jokatzeko. Apirilaren 22an, burujabetzaren alde egiteko bi hitzordu erabakigarri ditugu; batu gaitezen goizean Ficoban eta arratsean Baionan!”.

Bideoa osorik hemen

The post Gure Eskuk nazioarteko “puntako gonbidatuak” batuko ditu apirilaren 22an Ficoban first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.