2023-03-28 13:44

Martxoaren 25ean Gure Eskuk agerraldi jendetsua egin zuen Bilboko Bizkaia Aretoan, 2023ko Frantziako Tourrean Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko sortu duen “Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki” dinamika aurkezteko.

Aurtengo Tourreko lehen hiru etapak bere osotasunean gure lurraldeetan hasi eta amaituko dira: lehena, uztailaren 1ean Bilbon izango du hasiera eta amaiera; bigarrena, Gasteiztik Donostira abiatuko da; eta hirugarrena, Zornotzatik Baionara. Gure Eskuko bozeramaile den Josu Etxaburu ondarrutarrak azaldu bezala, herri dinamikak ongi etorria egingo dio Tourrari eta Tourrak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Euskal Herria nazioartean proiektatzeko, argi esateko “Europako txoko honetan 7 lurraldez osatutako herri bat dagoela, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, txirrindularitza gustoko duena eta guzti hori harrotasunez bizi duena”.

Gure Eskuk, beraz, bi ideia garrantzitsu gehitu nahi dizkio Le Grand Depart-eko antolakuntzatik egin den deialdi horri; hots, Euskal Herria 7 lurraldez osatutako herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela. Hau da, erronka globalei erantzuteko burujabetza osoa behar duen herria dela Euskal Herria eta arloz arlo gizarte ekimenez ere eredu propioak garatzeko gaitasuna behin eta berriz erakutsi duela. Hori aintzat hartuta, Gure Eskuk aurreikusten du ekimena Euskal Herri osora zabaltzea; alegia, Bidasoaren bi aldeetara. Horretaz gain, Gure Eskuk Euskal Herria nazioartean aitortua izateko nahia ere plazaratu du, Etxabururen hitzetan: “Iruditzen zaigu nazioartean ere badagoela zer jokatu eta aurten Tourrean “Basque decide – Euskal Herriak erabaki!” leloaren bidez gure herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu”.

Herri erronka honen aurrean euskal herritarrok, beti bezala, indarrez, elkartasunaz eta irudimenez erantzutea espero du Gure Eskuk. Errepideetara ikurrinekin ateratzeko Le Grand Depart-ek egin duen deialdiarekin bat egiten duela gehitu du, baina deialdi hori biderkatuz, Bilbotik Baionaraino ikurrin uholdea ikusaraziz euskal errepideetan, eta hainbat leku esanguratsutan airetik hartzeko moduko irudiak sortuz. Gainera, inoiz egin den ikurrinik erraldoiena sortuko du Gure Eskuk, “jasoko diren irudietan argi ikusteko herri honek bere izatea harrotasunez bizi duela”.

Era berean, hirugarren egunean Tourrak Bidasoa zeharkatuko du eta bertan ekimen berezia iragarri du Etxaburuk, “bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko”.

Erronka honi neurria hartzeko instituzioekin, enpresekin, eragileekin, elkarteekin txirrindulariekin eta kazetariekin lanketa berezia egingo dutela iragarri du ondarrutarrak eta herri zein eskualdeetan batzordeak sortuko dituztela. Halaber, inoiz egin den ikurrinik handiena osatzeko eta Tourraren inguruko lanketa finantzatzeko, Crowdfunding kanpaina jarriko dute abian itsulapikoa.eus plataformaren bidez eta ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko duela azaldu du Etxaburuk; izan ere, ikurrinaren gorri eta berdea euren izenez osatuta egongo da eta Ikurrinaren zurian “Basques decide – Euskal Herriak erabaki!” leloa joango da.

Azkenik, Gure Eskuk uztailaren hasieran berriro ere elkarrekin kalera atera eta herri bat garela argi esateko aukera ederra izango dugula azpimarratu du, “mundu osoan ikus gaitzaten eta uler dezaten erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte batera lanean jarraituko dugula”.

 

The post Gure Eskuk Frantziako Tourrerako herri-ekimena antolatu du “Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta erabakitzeko eskubidea duela” aldarrikatzeko. first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.