2023-01-16 15:02

Izar eta Estel 2 liburuaren salmenta sustapenarekin batera, 52.000zozketatu ditu Gure Eskuk. Gaur goizean egin da zozketa, Beasainen (Gipuzkoa), notarioaren aurrean, eta baditugu zenbaki saridunak. Zenbaki irabazlea Deban (Gipuzkoa) saldu da: 33353. 30.000€-ko sari nagusia zenbaki horren ‘Diaspora’ serieak irabazi du. 2.000€-ko sariak eramango dituzte zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek: Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa. Bigarren zenbaki sariduna Ondarroan saldu da, 30453, eta 1.000€ jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.

Urtero bezala, kultur sorkuntzari lotuta etorri da Tripontzia: boletoekin batera, erosleek Izar eta Estel 2’ 6 eta 12 urte bitarteko irakurleentzako liburua jaso dute bertsio digitalean, eta aurtengoan, gainera, euskarri fisikoan ere eskuratzeko aukera izan dute. Gure Eskuk apustu berri bat egin du gabonetako zozketarekin batera banatzen duen kultur produktua euskarri fisikoan ere plazaratuz. Ane Labaka da liburuaren idazlea, Unai Gaztelumendi, ilustratzailea, eta Jon Elordi, itzultzailea. Azken honek euskaratik katalanera itzulpena egin du, liburua alde batetik ala bestetik irekita, euskaraz ala katalanez irakurri baitaiteke Izar eta Estelen istorioa.

Itsasargia

Itsasargia eztabaida herritarra da aurtengo dinamikaren ardatza. Eztabaida prozesuaren helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea da. Burujabetzarako bidean jauzi bat egiteko asmoz, herri dinamika tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzera doa.

Martxoaren 5era bitarte, bazkide bakoitzak proposamenean eztabaidagai izango den puntu bakoitzarekiko adostasuna edo desadostasuna agertu eta ekarpenak egiteko aukera egongo da Gure Eskuren online Plaza bidez (plaza.gureesku.eus). Era berean, eztabaida saioak antolatzen ari dira herri eta hirietan. Honako biak izango dira datozenak: urtarrilaren 19an Portugaleten eta urtarrilaren 26an Bilbon.

Itsasargia prozesuarekin batera, Nazioarteko Konferentzia bat antolatzen ari da Gure Esku. Apirilaren 22an izango da, Ficoban (Irun), duela 10 urte Gure Eskuk sorrerako agerraldia egin zuen toki berean. Munduko esperientzia subiranistak gurera ekartzea da asmoa, Euskal Herrian politikoki eragin asmoz. Gure Eskuren komunitateko kideek urteurrena ospatzen hasteko hitzordua ere izango dute.

Ildo mobilizatzaileari dagokionez, Tourra Euskal Herritik abiatzea baliatuko da gure aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Lorpen interesgarria da antolakuntzak irteera hau “Pays Basque”-etik izango dela adierazi izana. Edonola ere, ezinbestekoa da Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dugula ozen esatea, eta herri gisa, gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzea. Horretarako, ekintza deigarriak egiteko asmoa du Gure Eskuk ibilbidean zehar.

The post Deban banatu dute Tripontziaren sari nagusia first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.