Bagara bideo maratoia aurkeztu dugu gaur Donostian egindako prentsaurrekoan. Gure Herriaren nondik norakoak, berezitasunak eta handi egiten gaituzten txikitasunak ikusarazi nahi ditugu. Herriak martxan jarri nahi ditugu ilusiotik, eta sormena piztu nahi dugu, elkarrekin gure herria erakusteko, 360 graduko Euskal Herria ikustarazteko.
Euskal Herriko herri guztiak bideo kate baten bidez elkartzea helburu duen dinamika izango da. Azaroaren 16ean ikusiko du argia eta egun osoan zehar luzatuko den zuzeneko bat izango da: herrietan egindako bideoak zein bost hiriburutan egingo diren kultur emanaldiak bateratuz egingo den zuzenekoa izango da.